Amagoia Mujika Telleria
Entrevue
Jokin Apalategi Begiristain
«Uztaro» aldizkariko zuzendari ohia

«‘Uztaro’-k harrigarrizko ekarpena egin du, maila askotan hizkuntza berri bat sortu du giza eta gizarte zientzietarako»

Duela 27 urte euskarak ez zuen giza eta gizarte zientzietarako jantzirik, josi egin behar zitzaion. Horretan aritu dira «Uztaro» aldizkarian, Jokin Apalategiren bultzadaz.

Giza eta gizarte zientzietako “Uztaro” aldizkariak 100. zenbakia argitaratu berri du. 1990. urtean sortu zuen Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) artikuluak euskaraz argitaratzeko helburuarekin. 27 urte eta 100 zenbaki geroago, hasiera-hasieratik zuzendari lanetan aritu den Jokin Apalategik pasioz hitz egiten segitzen du argitalpenaz eta horren bueltan ari den lantaldeaz. Zuzendaritzan erreleboa pasatu dio Gidor Bilbaori, baina berak gertu segitzen du.

Buelta gaitezen 1990era, «Uztaro» sortu zenuten garaira. Zer-nolakoa zen panorama?

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) bezala ezagutzen duguna –eta hori da gure abiapuntua, euskarazko ikerketari aupada handiena emango diona– 1981ean sortu zen. Madril aldetik lantalde bat ekarriaz sortu zen eta bertan ez zegoen euskaldunik. Baina ordurako inguruan presio handia zegoen eta bazekiten zeozer egin beharko zutela euskarari zegokionean. Irakaskuntzan euskararentzat bideak irekitzen hasiak ziren, baina bereziki unibertsitatez kanpo. Eta bazen arazo bat; euskaldunen artean oso doktore gutxi zeudela. Anaia hasieratik egon zen proiektuan eta niri deitu zidan, doktoretzak zituztenak behar zituztela eta etorri egin behar nuela esanez. Anaiak bultzatuta sartu nintzen, nik ez bainuen inongo beharrik. Ni oso lasai eta gustura bizi nintzen hemen, Baionan, gure liburu dendarekin eta argitaletxearekin. Azkenean, 1983an hasi nintzen.

Garai hartan frankismoak geldituta zituen unibertsitateko titulartasunak, katedrak eta halakoak. 1985ean agindu zituzten Madrildik titulartasunak lortzeko lehen lehiaketen deialdiak eta orduan hasi zen unibertsitatea eta euskal mundua zerbait mugitzen. Nik neuk katedrara aurkeztu eta lortu nuen titulartasun hori elebiduntzat hartzea, euskaraz eta gazteleraz. Legean hori dena ez zen existitzen.

Euskara ez zen existitzen ez unibertsitatean ez beste toki askotan. Zuek, baina, ezinbesteko jotzen zenuten.

Ezinbesteko jotzen genuen erdaraz egiten zen hori guztia euskarak ere edukitzea. Eta pentsa non geunden, dena oso urrun ikusten zen. Baina, aldi berean, ameslariak ginen eta uste genuen lortuko genuela, ez genuen ez beldurrik ez lotsarik, ausartak ginen. Eta horri loturik etorri zen “Uztaro” aldizkariaren abentura. 1983 eta 1990 bitartean udaro joaten ginen Udako Euskal Unibertsitatera gure ikastaroak euskaraz egitera. Askotan penatan geratzen ginen, ikastaro horiek idatzita izaten genituelako eta ez genuelako inon argitaratzeko aukerarik izaten. Ikastaroek arrakasta handia izaten zuten eta jende asko etortzen zen, baina, behin amaituta, material hura bazterrean geratzen zen. Bagenuen kezka edo kexa hori, material horrekin zerbait egin beharko genukeen sentsazioa.

Eta UEUko zuzendaritzak zuen kexa entzun zuen.

1990eko udazken hasieran UEUko zuzendaritzako kide bat nire etxera etorri zen. Aipatu zidan aldizkariaren ideia buruan zutela eta ni egoki ikusten nindutela hori martxan jartzeko. Baiezkoa eman nion segituan.

Unibertsitate-aldizkari bat egin nahi genuen. Euskal Herrian bazeuden beste mota bateko aldizkariak eta, gainera, maila ederrekoak. Nik nire buruan honako kalkuluak egin nituen: UEUren barrutik aldizkari bat sortu behar badugu, ez da izan behar diziplina bakarrari lotua. Hori UEUrentzat murritza zela pentsatzen nuen, UEUren baitan diziplina askotatik etorritako jende asko mugitzen garelako. Gizarte zientziei buruz ari naiz. Ez dago “Uztaro” ikusi besterik, izugarrizkoa diziplinartekotasuna dago eta 15-20 arlo desberdineko adituak mugitzen dira horren bueltan. “Uztaro” sortzeko orduan lehen puntu garrantzitsua hori izan zen: oihartzuna eman behar diegu giza eta gizarte zientzietako diziplina guztiei; tokia eman behar diegu UEUn egiten diren lan guztiei eta unibertsitatean egiten hasi diren ikasketa guztiei. Hori erabaki oso garrantzitsua izan zen.

Gainera, nahiko lan izango zen diziplina bakarrarekin aldizkaria osatzen, ezta?

Egia da diziplina bakarrari lotuz gero, ekoizpenak ez zuela emango urtean lau aldizkari ateratzeko. Gaur oraindik ere zaila ikusten dut. Oxala!

Gaur egun itxaron zerrenda dago “Uztaro” aldizkarian argitaratzeko. Hasieran, segur aski, ez zen horrela izango.

Euskal munduan eta unibertsitatean genbiltzanak denak ezagutzen genuen elkar. Hasiera-hasieratik saiatzen ginen gugana etortzen zirenei tokia egiten. Ez ziren gaur adina etortzen, gutxiago zirelako, baina moldatzen ginen aldizkariak osatzeko. Euskaraz ikerketan zenbiltzanei jakinarazi genien gu prest geundela beren lanak jaso, aztertu, orraztu eta argitaratzeko. Horretan zorrotz aritu gara hasieratik, bai teknika aldetik eta bai euskara aldetik, ebaluazio zehatzak egiten dira “Uztaro”-n. Eta horretan sekulako aldea ikusten da; hasiera hartan eta gaur egun diziplina berean egiten diren lanak izugarri aldatu dira. Ez bakarrik euskal munduan, baita beste hizkuntzetan ere.

Zertan aldatu dira?

Garai hartan oraindik tratamendu oso zehatzak genituen; teknologikoki, metodologikoki eta epistemologikoki ez gaurkoak bezain zehaztuak eta landuak. Hiru alor horiek asko zehazten joan dira urtez urte. Tesiak ere gero eta zehatzagoak dira. Gaur egungo panorama askoz lehiakorragoa da, eta, ondorioz, maila ikaragarri goratu da.

Hizkuntzari begira jarrita. 1990ean giza eta gizarte zientzietan erabiltzen zen euskara eta egungoa oso desberdinak al dira?

Oso-oso desberdinak. Polita litzateke noizbait lantalde batek “Uztaro” aldizkarian egon den ekarpen soziolinguistiko eta literarioa bildu, aztertu eta konparatuko balu. Nik uste dut harrigarrizko ekarria egin duela “Uztaro”-k maila horretan. Maila askotan hizkuntza berri bat ere sortu du. Finean, zientzia aplikatuak dira, ordura arte euskaraz ibili gabeko gaiak. Kontzeptu bat azaldu behar duzunean moldatzeko modua topatzen duzu, asmatu egiten duzu. Euskal ikerleen munduan izugarrizko aurrerakada egon da. Ehun zenbakiak hor daude, ez litzateke zaila izango frogatzea.

Euskarak giza eta gizarte zientzietarako jantzi bat behar zuen eta «Uztaro» aldizkariak josten lagundu dio, ezta?

Ez bakarrik “Uztaro”-k, baina “Uztaro”-k sekulako aurrerakada eman dio. Gure aurretik, adibidez, euskarazko terminologia egiteko lan ikaragarria egin zuen UZEIk, hiztegi haiekin. Hiztegiok sekulako balioa zuten, baina zientzia zehatzetan zebiltzanek kontrastatu gabeak ziren. Eta kontrastatzeko lan horietan hastean, hiztegiok ez dituzte beti ikerlariek behar dituzten erantzun guztiak. Eta hor moldatu beharra dago. Jende askok ekarpen oso garrantzitsuak egin ditu bide horretan.

Giza eta gizarte zientzietan sortu diren galdera berriei erantzuten asmatu behar izan du euskarak.

Halaxe da. Gainera, kontuan izan behar da galdera zaharragoak ere erantzun gabe genituela. Beste hizkuntza batzuk tradizio luze bat daukate atzetik, segida bat dira. Baina guk zulo bat izan genuen, zulo ikaragarri bat. Baserritik, laborantzatik, artzaintzatik... kanpoko gure mundua galdu egin zen, baztertua eta gordea izan zelako. Eta horrek zulo bat sortu du. Zientzian praktikoki ez zegoen ia ezer egina. Gerora pertsonaia oso garrantzitsuak izan dira gurean zulo hori betetzeko gogoa eta nahia izan eta lan egin dutenak. Baina zuloa hor zegoen.

«Uztaro» aldizkariaren 100. zenbakia mahai gainean, nola sentitzen zara?

Niretzat pertsonalki ez da ezer aldatu. Sartu nintzen sentimendu, ilusio eta gogo berdinekin jarraitzen dut orain. Ikusten ditut egin ditugun bideak, hemen sekulako lantaldea egon delako. Ni beste bat baino ez naiz izan lantalde horretan. Elkarren artean ondo konpondu garen lantalde handi bat egon gara. Ez gara inoiz haserretu, nahiz eta eztabaida interesgarriak izan diren askotan. Harremanak zoragarriak izan dira, denok militantzia eta ilusio handiarekin ibili garelako. Asetasun handiena militantzia egiten duenaren asetasuna izan da; militantzia egitea gauza zoragarria baita. Militantzia egiteko gogoa duzun bitartean, bizitzeko gogoa duzula esango nuke.

Duela 27 urte, «Uztaro» abiatu zenutenean, nola irudikatzen zenuten oraingo momentua?

Ni askotan harritu nau gure ametsak eta errealitateak. Gu amestiak izan gara eta gauza ausartak egin ditugu bizitzan. Pasatu eta gero, errealitateak hartzen duen indarrak beti harritu egiten nau; nik espero nuena baino harago joan gara. Gu ameslariak ginen, baina euskara joan den toki horretaraino amets egiten ez ginen ausartzen. Oso baikor ikusten dut. Egiteko gelditzen zaiguna ere ikusten dut. Pentsa, hizkuntza handienek ere beldurrak eta arazoak dituzte. Guk, horien beldurrez eta arazoez gain, gureak propioak ere baditugu.