03/06/2017

Reportage
ORKNEY, ARTXIPELAGO INBADITUA
Bikingoen gotorleku IV. mendean, turisten pelegrinazio gune bilakatu da gaur egun

Historia luze eta koloretsua duen artxipelagoa da Orkney, Eskozia iparraldean kokatzen dena. Luzea duela 5.000 urtetatik hona dagoelako habitatuta, eta koloretsua gisa guztietako gizataldeek okupatu dutelako lurraldea, bakoitzak bere ondarea utziz bertan. Turistak dira azken inbaditzaileak, itsas bidaietan iristen direnak.

Aimar Etxeberria Korta
Pd07_aimar6

Esanak dio Orkney dela Europa mailan antzinako gune gehien dituen artxipelagoa. Eskozia iparraldea kokatua, arkeologoentzat erakarpen-gune izaten jarraitzen du, oraino deskubritu gabeko altxorrak bistarazten jarraitzen duelako. Hala, bere buruaren historia idazten du etengabe; 2003an Ness of Brodgar itsasartean aurkitutako neolitiko garaiko aztarnak horren adibide. Eguneroko ogi dira indusketa lanak Orkneyn, eta aurkikuntza berriek lurraldea historikoki merkataritza, gurtza eta erromesaldi gune izan dela baieztatu besterik ez dute egiten.

Duela 5.000 urtez geroztik bizi da gizakia Orkneyn. Artxipelagoaren izena gutxienez K.a. lehenengo mendetik datorrela uste da, eta Mesolito eta Neolito garaiko tribuak izan ziren lurraldea etxe egiten lehendabizikoak. Piktoak iritsi ziren ostean, eta bikingoek konkistatu zuten VIII. mendean, IV. menderako euren erreinuko “Earl” garrantzitsu bat bilakatzeraino. Botere gune garrantzitsua izan zen Orkney bikingoentzat; artxipelagoko hiriburutzat hartzen den Kirkwall hirian dagoen XII. mendeko St Magnus katedrala edota uharteetan barrena aurki daitezkeen jatorri eskandinaviarreko lekuen izenak horren adibide.

Eskandinaviako herrialdeen agindupean iraun zuen artxipelagoak 1472. urtera arte. Orduan batu ziren lehenengoz koroa eskoziarrera, honek Danimarkakoarekin izaniko tirabira batzuen ostean. Bere iragana dela eta, lotura kultural sendoa mantentzen dute Norvegiarekin. Bi mundu gerretan ere paper estrategikoa jokatu zuten uharteek, Scapa Flow ainguralekuko itsas portuak batez ere. Bertan aurkitu daitezke, besteak beste, gerra garaian erabilitako defentsak, Churcillen barrerak, eta preso politiko italiarrek eraikitako kapera. Azken urteetan, Iparraldeko Itsasoaren garapenean jokatu du bere papera artxipelagoak, Ozeano Atlantikoko gas eta petrolio ustiapenean erreferente bilakatuz. Egun, mundu mailan itsas energiaren sustatzaile direnen erreferentzia gune bilakatu da.

Lasaitasunean orain gutxi arte

Orkney lasaitasunaren adierazle izan da orain gutxira arte. Uharteetako biztanleria urriak (20.000 biztanleren bueltan), bere kokapenak eta duen ingurune naturalak eraman dute horretara. Orain gutxi arte diogu, azkenaldian lasaitasun hori apurtua ikusi baitute bertako biztanleek. Egun, atzerritarrek dute inbaditua artxipelagoa. Kontuak ez du Brexitarekin zerikusirik, turistak baino ez dira. Itsas bidaietan iristen dira gehienak, bertako paisaia eta naturaz gozatzeko asmotan, Europak Neolito garaitik mantentzen dituen gune hoberenetan ilunabarraz gozatzeko.

Oso bukolikoa guztia, gentrifikazioak bertakoen artean sortzen duen egoeragatik izango ez balitz. Turistak ongi etorriak dira Orkneyn, baina guztiak du bere muga: 120.000 bisitari inguru espero dituzte aurten artxipelagoan, bertako biztanleria baino sei bider gehiago. Ez da berria jendearen joan-etorria Orkneyko uharteetan, baina iragan udan jazotako bizipen batek uharteetako bizilagunek turismoarekiko zuten jarrera aldaraztea ekarri zuen. Nonbait, “The Guardian” egunkari britainiarrak kontatzen duenaren arabera, Alemaniako bisitari multzo baten ibilerek eragin zuten harrabotsa artxipelagoan. Hileta baten erdian sartu ziren turistak, eta senide, lagun edo dena delakoa agurtzen ari zirenen argazkiak hartzen hasi ziren. Egunkariak aipatu hiletan zegoen June Findlayren hitzak jaso zituen: «Hileta pribatua zela esan genien, baina jaramonik egin ez eta selfie-ak ateratzen jarraitu zuten. Batek, gainera, hilkutxa hil-autoan sartzen ari ginela ere filmatu gintuen». Egoera horren aurrean, gentrifikazioa kontrolatzeko borrokan dihardute Orkneyko biztanleek.

Aldaketa turismo ereduan

1970etik da Orkney erreferentzia turismo britainiarraren sektorean. Bisitariak, beraz, ez dira berriak uharteetan, artxipelagoan Itsas Zerbitzuetako garapen ekonomikoaz arduratzen den Michael Morrisonen hitzen arabera. GAUR8ri eginiko adierazpenetan, azaldu du 8-10 orduko egonaldiak egiten dituztela turistek Orkneyn, eta hauek, batez ere, balio historiko handiko eremuak eta paisaiak bilatzen dituztela: «Uharteetako zenbait puntutan 360 graduko bista apartak ditugu, mila luzeetara ikustea ahalbidetzen digutenak». Turistak, batez ere, Europa iparraldetik, herrialde baltikoetatik eta Ipar Atlantikoko lurraldeetatik iristen dira, Britainia Handian zehar egiten diren itsas bidaien baitan. Brexitak, baina, ugaritu egin du Britainia Handiko gainerako lekuetatik datozen bisitarien kopurua.

Administrazio lokalak diruz laguntzen du turisten etorrera: 250.000 libera gastatzen ditu bisitariei ongietorri zerbitzu, informazio zentro eta abarrak errazten. «Tokiko administrazioa eta itsas portua estuki daude lotuta negozioan. Nolabait esateko, inbertsio moduan hartzen du Udalak itsas bidaietan datozen bisitariei zerbitzu egokia ematen gastatzen duen dirua», azaldu du Morrisonek. Ikuspegi ekonomikoari heltzen dio ere bisitarien etorrera masiboak bertako biztanleengan duen inpaktua aztertzerako orduan. Turismoa Orkneyren diru sarrera garrantzitsua dela dio, bertako biztanle gehienak bisitariak hartzeaz «gustura» daudela gaineratzeko: «Arazoa da azken urteotan turismo eredua aldatu egin dela uharteetan. Itsas bidaietan etortzen den bezainbesteko turista kopurua hasi da heltzen autobusetan ere. Apiril eta irail artean, esaterako, 750 autobus baino gehiago espero dira». Modu horretan, Orkneyko arazo turistikoaren iturburua itsas bidaien sektoretik datorrela ukatu nahi du Morrisonek: «Uharteetako biztanleek autobus bat ikusten duten bakoitzean pentsatzen dute itsas bidai batean iritsitako turistez beteriko autobus bat dela, horrela ez denean».

Ingurumenari egiten zaion eragina aztertzean ere, berea defendatu eta autobus bidez egiten den turismo sektorea jartzen du jo puntuan Morrisonek. Dio Orkneyko itsas eremua eremu babestua dela, eta transatlantikoek euren emisioak zorrozki kontrolatu behar dituztela. Gaineratu du bi urteko aurretiaz antolatzen dituztela itsas bidaiak, gainerako sektoreek –autobus bidez egiten den turismoari erreferentzia argia eginez– ad hoc eredua darabiltenean. Kontuak kontu, baina, 120.000 bisitaritik gora iritsiko dira itsas bidaietan aurtengo sasoian –apiril eta irail artean–, iaz 70.000 bisitari izan zituztenean. Hori nolabaiteko mugak dituztenean, Morrisonen arabera portuak eguneko 4.500 bisitariko muga baitauka ezarrita.

Estrategia amankomun bat

Aspaldi ohartu ziren Orkneyn turismoa bizitzen ari zen hazkundeaz, baina ez dute gaur arte haren aurpegi ezkutuarekin topo egin. Hala, orain gutxi heldu dio Udalak arazoari eta honen konponbidearen hasiera fasean besterik ez daude. Lehenengo urrats bezala, turismoak uharteetan duen inpaktuaren azterketa egingo dute. Honen berri izango dute hil honetan bertan, eta orduan hartuko ditu tokiko administrazioak hartu beharreko neurriak.

Morrisonek, baina, bere ideia propioak ditu. Uste du Orkneyko bizilagunek turismoarekin duten arazoaren iturburua honen gaineko kudeaketa eskasaren ondorioa dela. Arazo hori konpontzeko, turismoaren sektorean lanean diharduten eragile guztien arteko estrategia amankomun bat behar dela gaineratu du, artxipelagoa pairatzen ari den turismo eredu berriari erantzungo diona: «Turismoaren industriak heldu behar dio arazoari, Udalaren laguntzaz. Tokiko administrazioak lagun dezake diruz, baina industria bera da urrats bat aurrera egin eta arazoari soluziobide bat aurkitzeaz arduratu behar duena. Aktore bat baino gehiagoren parte hartzea du auziak, eta bakoitzak jarri behar du bere alea bai bertako zein turisten mesederako izango den soluzioa aurkitzeko».

Azken aurkikuntza arkeologikoa: Ness Of Brodgar

Altxor arkeologikoen iturburu da Orkney, eta egun oraino deskubritu gabeko ondarea bistarazten jarraitzen du. 2003koa da azken aurkikuntza, Ness of Brodgar izenez bataiatu zutena. 2,5 hektarea zabal, Ring of Brodgar eta Standing Stones of Stenness ondare herritarreko guneen artean kokatzen da aztarnategi arkeologikoa.

2003an abiatu zituzten aztarnategia bistarazteko lanak. Hala, Neolito garaiko etxebizitzak hauteman daitezke bertan, baita katedral moduan deskribatua izan den eraikin handi bat ere. Uste da K.a. 3.500. urtean iritsi zela lehen gizakia hara, eta Neolito garaia amaitu bitartean izan zirela bertan, 1.500 urte geroagora arte gutxi beheragora.

Orkneyko Arkeologia Institutuko Nick Card izan zen proiektuaren koordinazio lanen arduraduna, eta haren arabera «bakarra» da Britainia Handian eurek egin zuten aurkikuntza: «duela 5.000 urteko gizakiaren bizimoduaren gainean genituen usteak aldatzea eragin zigun». Zeramika piezak, erraustutako animalia hezurrak, harriarekin aritzeko lantresnak eta gorriz, laranjaz eta horiz margotutako arrokak aurkitu zituzten bertan 2011n; pentsa, Neolito garaiko gizakiak euren eraikinak dekoratzeko pintura erabiltzen zuela frogatzen zuen lehenengo aurkikuntza izan zen.

Deskubrimenduak 2013. urtera arte luzatu ziren. Harri gainean eginiko hainbat inskripzio aurkitu zituzten ordukoan, Neolito garaiko arteari dagokionez Britainia Handian azken hamarkadotan egin den aurkikuntza garrantzitsuena. Egun batzuk geroago, grabatuak zituen forma biribileko harri bat ere aurkitu zuten, ezohiko aurkikuntzatzat jo zutena.

Indusketa lanak uztaila eta abuztuan soilik egin ohi dituzte, eta uharteetara gerturatzen diren turisten atrakzio gune berri bilakatu dira. Aurtengo indusketa sasoiari dagokionez, uztailaren 3an hasi eta abuztuaren 25 arte luzatuko dira hondeaketak, eta bisitariek lanok lehen eskutik bizitzeko aukera izango dute uztailaren 5etik abuztuaren 23ra bitartean.

Duela 5.000 urtez geroztik bizi da gizakia Orkneyn. Mesolito eta Neolito garaiko tribuak izan ziren artxipelagoa etxetzat hartu zuten lehendabizikoak

1472. urtean batu zen artxipelagoa lehen aldiz koroa eskoziarrera. Bere iragana dela eta, baina, Norvegiarekin lotura kultural sendoa izaten jarraitzen du

Itsas bidaietan iritsitako 120.000 bisitari espero dituzte aurten, 20.000 biztanle inguru bizi diren artxipelagoan. Uharteetara iritsiko diren 750 autobus gehitu behar zaizkio horri

Tokiko administrazio eta turismo industriaren arteko elkarlana aldarrikatu du Michael Morrison Itsas Zerbitzuetako ordezkariak: «Estrategia amankomun baten beharra dago»