Juantxo Egaña

Tropa frankistak bilbora sartu zirenekoa

Duela 80 urte, 1936-1939ko gerra betean tropa frankistek aurrera egin ahala, alemanek eta italiarrek lagunduta, Euskal Herriko hainbat hiri eta herri bonbardatu zituzten, hala nola Bilbo, Galdakao, Erandio, Elorrio, Otxandio, Gernika eta Durango, besteak beste. 1937ko ekainaren 12an Burdin Hesia delakoa suntsitu zuten eta zenbait egun geroago Artxanda eta Pagasarri hartu zituzten. Urte bereko ekainaren 19an, larunbatarekin, tropa frankistak Bilbora sartu ziren, hiria hutsik zegoela. Irudian, Erriberako Merkatuaren parean igarotzen ageri dira. Milaka herritarrek ihes egin zuten Bilbotik soldadu frankistak sartu zirenean. Parte frankista ofizialetan agertzen zenaren arabera, Eusko Gudarosteko 10.000 miliziano atxilotu zituzten. Egun batzuk lehenago, Eusko Jaurlaritza Turtziozera aldatu zen, Bilbon defentsa batzorde bat utzita. Batzorde hori osatzen zutenetako bat Jesus Maria Leizaola Justizia sailburua zen. G. L. Steer kazetariak, frankistak sartu baino lehen Bilbori agur egin zionean, hauxe idatzi zuen: «Espero dut, eta historiak arrazoia emango dit, errepresio honek ez duela betiko iraungo. Mendeetako borrokak, bost ozeano hezigaitzetako abenturek, mugagabeko erresistentzia eta isiltasun erreserbak dituen gizasemea bihurtu dute euskalduna. Haren bizkarrak edozein erregimenen pean ere libre jarraitzen du... Euskalduna inoiz ez baita esklabo edo bilaua izan: bere ingurukoekiko abantaila du. Eta, jakin ere, badaki hori.