01/07/2017

Reportage
BESTAK ETA FEMINISMOA
30 idazle eta hainbat kolektiboren lana, ikerketa, gogoeta eta praktikarako tresna

Analisirako espazio aberatsa dira bestak: norbanako eta jendarte gisa gure bizia nola egituratzen dugun islatzen dute, eta, aldi berean, antolaketa hori iraultzeko eta disidentziarako sekulako gaitasuna dute. «Festak, genero-harremanak eta feminismoa» liburuaren xedea gure begirada zabaltzea da, plazeraz ahantzi gabe.

Maider Iantzi Goienetxe
Pd12_feminismoa
Juan Carlos Ruiz | Argazki Press

UEUko Antropologia Sailaren udako ikastaro bat da “Festak, genero-harremanak eta feminismoa” liburuaren abiapuntua. Antropologia feministaren inguruan ikertzen dabiltzan sailburuetako batek koordinatu du lana, Miren Guillo Arakistain elgoibartarrak. Donostian bizi da eta bertan elkartu gara, 30 idazleren eta hainbat kolektiboren artikuluak jasotzen dituen lana eskuetan.

2015ean egin zuten ikastaro haren helburua besta politika feministetan sakontzea zen. Horretarako, jaiei genero ikuspegitik begiratu zieten, eta martxan dauden prozesuak ezagutu zituzten. Hala, elkarrizketa bat sortu zen kultur sortzaile, ikertzaile, mugimendu feminista eta jaien antolatzaileen artean. Hortxe du liburuak sorburua.

Bertan agertzen denez, subertsioz eta plazerez ehundutako harremanak eta gorputzak gara bestetan. Baina jaia, negarra begitik daraman tenpesta izateaz gain, min eta negarrerako parada ere bada, jendartearen ezaugarri guziak islatzen baitira: aliantzak, gatazkak, kontraesanak, komunitate baten baitan egon daitezken mundu ikuskera askotarikoak… Horregatik, Margaret Bullen antropologoak lehen artikuluan dioen bezala, gune pribilegiatuak dira genero sistema eta kultur sistema nola uztartzen diren aztertzeko.

Leiho bat dira gure bizimodu soziala eta gure jendartean dauden generoarekin lotutako diskurtso eta ideologiak ikertzeko.

Askotariko eragileen elkarrizketa

Elkarrizketa gisa planteatuta dago liburua, hagitz abiapuntu desberdinetatik idatzitako testuz osatuta dagoelako. Gainera, sarri aipatzen du autore batek bertzearen esperientzia. Testuinguru desberdinei buruzko informazio aunitz dago. Begiratzeko modu desberdinak dira, baina gaiaren marko bat kontuan hartzen dute, bertzeak egiten ari direnari so egiten diote. Puzzle baten modukoa da. Guilloren ustez, interesgarria da kontakizun desberdinak eta tokian tokiko estrategia eta erantzunak ezagutzeak gogoeta kolektiboa elikatzen baitu.

Dioenez, generoarekin gertatzen ari den guztia hagitz konplexua da, jendartea bezala, eta bestak ezin ditugu isolatuta ulertu. «Batzuetan jaiei eta generoari buruz hitz egitean indarkerian zentratzen gara, edo tradizioan, oso gauza zehatzetan, baina askoz ere gauza gehiago daude. Begirada zabaldu eta konplexuago egin behar dugu. Hortik dator abiapuntu eta gai ezberdinak uztartzeko nahi hori».

Begirada zabaldu, analisiak findu

Bertzetik, ez dituzte arlo teorikoa eta praktikoa banatu nahi izan, «kasu askotan, horrela banatzeak ez duelako ezagutzaren ekoizpena modu errealean islatzen. Praktikaren hausnarketatik teoria eraikitzen dugu. Teoria eraikitzean ere praktikan eragiten ari gara eta sarri ez dira bi prozesu banatu. Zirkulazio konplexua da eta, gainera, gure gizartean hierarkizatu egiten da. Zenbaitetan akademiatik datozen ahots teorikoagoek balio gehiago hartzen dutela dirudi. Guk abiapuntua beste bat izatea nahi genuen, eta horregatik banatu dugu gaika».

Bloke bakoitzak askotariko estilo eta ahotsak biltzen ditu. Testu batzuk pertsonalak dira, bertzeak kolektiboenak, ikerketak… Jaien eta generoaren gainean pentsatzen eta jarduten aritzeak batzen ditu guztiak. «Helburua ez da izan denen artean estrategia zehatzak eta erantzun borobilak ematea, baizik eta testuingurua zabaldu, analisiak findu, askotariko estrategiak daudela ikusi, eta hortik iristea ondorioetara. Uste dut badaudela ondorio batzuk liburuan elkar harilkatzen doazenak. Ideia batzuk errepikatzen dira. Gure produkzio sisteman ez da beti erraza halako praktikak garatzea, baina gauzak egiteko moduetan ere pentsatzen saiatzen ari gara».

Aurrera egiteko abiapuntu idatzia

Antropologoak nabarmendu duenez, feministak aunitz aitzinatzen ari dira. Eztabaida hagitz interesgarriak daude. Eta inportantea da horiek idatzi, jaso eta sistematizatzea, «abiapuntu idatzi bat edukitzeak balio duelako denok batera aurrera egiteko». Liburua tresna bat izatea da xedea, bai ikerketarako eta bai praktikarako, jai antolatzaile eta feministentzat. Kontsulta liburu bat izan daiteke, edota kuriositate eta plazerez irakurtzeko liburu bat.

Besten egitarauei buruz mintzatzean, adibidez, emakumeak txertatzetik edo euren absentzia salatzetik harago doaz: genero ikuspegitik begiratzen diete sorkuntza prozesuei, askotariko plazei, musika antolatzeko erari… «Egitarauek inklusiboagoak izan behar dutela badiogu, bestelako kultur eskaintzak planteatu beharko ditugu, musikaz eta betiko ordutegi eta eszenez harago. Adibidez, zirkua bada gorputz eskemen ekoizle bat, eta, ondorioz, generoaren ekoizle bat. Kultur adierazpideak eta sorkuntza zein antolakuntza prozesuak osotasunean birpentsatu beharko ditugu».

Liburuan aipatzen da jaiak, oro har, hagitz maskulinoak direla. Iruñeko sanferminen entzierroa da horren erakusgarri. Zer aldatu den eta zer ez galdetu diogu lanaren koordinatzaileari. Erantzun digu jendartearekin batera aldatzen doazela bestak.

«Gure Mendebaldeko testuinguruan festa dena eta ez dena lausoago agertzen zaigu gaur egun. Elementu askok eragiten dute festen izaeran. Adibidez, hiriburuetan astebururo daude ikuskizun pila bat. Ikuskizunen kulturaren kontsumo bat dago. Jaia praktika ekonomiko ere bihurtu da: merkataritzako erakunde batzuek musika jaialdiak antolatzen dituzte. Sekularizazio prozesuek, zerbitzuen sektoreak, turismoak edota festa-turismoak ere eragin dute jaietan. Herri mugimenduek ere festa bihurtzen dituzte aldarrikapen egunak. Testuinguruak aldatu dira eta festa ulertzeko modua konplexuago egin behar dugu».

Hala, zailago egiten zaigu besta zer den definitzea eta testuetan galdera hori egiten da. Besta ulertzeko moduarekin eta genero diskurtsoekin lotutako aldaketak ere islatzen dira.

Protokoloak

«Festa testuinguruan dagoen genero-ikuspegiaz ere azken urteetan asko aurreratu da: dekalogoak, kanpainak, protokoloak… Hauek beste egoera batean kokatu gaituzte. Gauza pila bat gertatzen ari da eta horietan pentsatu eta dauzkagun erronkei begiratzea garrantzitsua da». Herriz herri eraso sexistei aurre hartzeko eta, gertatuz gero, erantzun bateratua emateko idazten ari diren protokoloei buruz, erran du hauek hagitz garrantzitsuak direla. Ohartarazi duenez, egiteko prozesuan berean dute balioa. «Aitzakia dira instituzio eta jai eragileek genero lanketa egiteko».

Erronkak agertzen dira liburuan, batez ere azken partean. Hemen, esperientzia ugari jasotzen da, herri txikietakoak, hirietakoak, auzoetakoak… Hainbat kolektibo feministatako kideak bildu, eta elkarrekin hausnartzen dute gaia nola bizi izan duten. Autohausnarketa egiten dute jaietan egin dituzten praktika feministen inguruan, eta erronkei heltzen diete: instituzioekin elkarlana nola egin, feministek antolakunde mistoetan –edota autonomoetan– nola jokatu, espazio seguruak nola eratu, tokian tokiko ereduak nola sortu…. Praktikatik idatzitako artikuluak dira.

Bertze erronka bat da teorian onartua dagoena praktikara eramatea. Norbere burua zaintzeko tresnak falta direla ere agertzen da. Sarri aipatzen den plazeraren ideiarekin lotuta dago hori.

Bizitza kolektiboa birpentsatu

Etxeko lan garrantzitsua da plazera. «Feminismoak betidanik eman dio balio politikoa. Baina praktikan, festen eremuan, zoritxarrez, indarkeriak asko dira eta horrek zailtzen du denontzat aske, justu eta gozagarriagoak izango diren jai ereduen alde egitea. Gainera, indarkeria egoera horiek kudeatzen ibili behar izaten dute feministek eta beraien plazera ere konplexuago egiten du horrek».

Antropologoak aldarrikatu du estrategiak topatu behar direla oro har plazera denontzat eskuragarriago izateko, emakumeentzat eta presentzia eduki ez duten edo erdigunean egon ez diren gorputz guztientzat.

Bertzetik, liburuan gogoeta egiten da feministek nola topa ditzaketen estrategiak beraiek ere jaiak gozatzeko. Lanak nola banatu eta birdefinitu ditzaketen, balio politikoa eman behar zaiolako besta eragileek ere ongi pasatzeari.

Badaude adibide politak; Mamiki 1979an sortutako konpartsa tartean. Sardiñerak kofradia ere bai, eta, orokorrean, kolektibo feministek antolatzen dituzten bestak. Plazera birdefinitzen dute praktikan eta horrek eskatzen du jai eredua, gure jendarteko ezberdintasun sozialak eta bizitza kolektiboa antolatzeko modua ere birpentsatzea.

Bestak aztertu izan dituztenean antropologoek ikusi dute baldintzak aldatzen direla, baina sarri betikora bueltatzen direla ospakizunak amaitu bezain pronto, ordenari eta hierarkiari eusteko. «Eredu ekonomiko kapitalistan hala gertatzen da: festetan ez produzitu, nahi duzuna egin, baina egunerokotasunera itzultzean, erruduntasun sentsazio horrekin, berriro produzitu. Baina, horrez gain, ikertu izan da nola iraul daitezkeen baldintza horiek festetan. Festek sekulako disidentzia gaitasuna eduki izan dute betidanik».

Gorputz ikaskuntzak

Jaiak baliagarriak dira aldarrikapenerako. Normalean ongi pasatzeko aukerarik ez duen pertsona batek ongi pasatzeak berak ere potentzial eraldatzaile handia du. Bestetan sortzen diren aldaketak hagitz inportanteak dira. «Beste era batera gozatzeko eta beste gorputzekin askeago, lasaiago eta errespetuz erlazionatzeko aukerak sortzen baditugu, gorputz memoria dugunez, festak amaitzen direnean ere guregan geldituko da hori. Festak gorputz ikaskuntza prozesuak dira. Emozio horiekin guztiekin, gorputzetik ikasten dugu».

Plazerera bueltatuz, Guillok ohartarazi du tentuz ibili behar dugula plazerarekin zer erran nahi dugun. Problematizatu eta birpentsatu egin behar dugu.

Bertzetik, batzuetan plazerak diskurtsiboki ze potentzial duen hagitz argi izan arren, esperimentatu egin behar den zerbait da. «Hezurmamitu egin behar dugu: gure bizipenen bidez ulertuko dugu zer esan nahi duen jai eredu feminista batek. Lasai egon, dantzatu, erlazionatu eta kontsumitzeko aukera baduzu, hori zure gorputzak bizitzen duen zerbait da eta hortik ikasiko duzu. Jaiak guztiz pasatzen dira gure gorputzetik eta garrantzitsua da diskurtsoetan esaten duguna praktikara eramatean gure gorputzentzat zer esan nahi duen pentsatzea».

“Ezin badut dantza egin, hau ez da nire iraultza” leloarekin ixten da liburuaren amaierako elkarrizketa. Taberna batean eroso ez egotea, etxera beldurrez itzultzea edo agertokian denbora osoan gizonak ikustea eta inondik inora ez konektatzea gorputz ikaskuntzak dira. «Era berean, errespetatzen ikasiko dugu gure gorputzekin errespetatuz; ez da nahikoa izango pankarta baten atzean jartzea».

Gaur egungo parekidetasunaren aldeko diskurtso politikoki zuzenak feministak zailtasun berrietan kokatzen dituela esplikatu du antropologoak, batzuetan diskurtsoek ez dutelako zerikusirik praktikekin. «Horrekin ez dut esan nahi diskurtso zuzena kalterako denik. Badauzka onurak eta gauza batzuk ez-legitimo egiten ditu. Baina egia da lausoagoa dela jakitea zeintzuk diren egoera errealak. Zeintzuk diren benetako apustuak, ea benetan ari garen birpentsatzen zer aldatu nahi dugun eta zer ez».

Erronkak

Diskurtso politikoki zuzenaren ondorioz, erronka berriak sortu dira, eta «exijentziak findu» behar dira jaiak genero ikuspegitik pentsatzean. Bertze erronketako bat da jaien irakurketa orokorrago bat egitea eta pentsatzea gure bizimodu sozialaren antolaketaz mintzatzen ari garela. Begirada konplexuagoa behar dugula aldarrikatu du. Ez hori bakarrik, martxan dauden estrategiak ezagutuz, elkar ulertuz eta saretuz aitzinera egin behar da. Hori dena, plazeraren gaiari modu praktikoan helduz eta hausnartuz norentzat antolatzen ditugun jaiak, ze lan egin behar ditugun horretarako, nola birdefinitu eta banatu hauek, ze egitarau egin...

Erran bezala, gure jendartearen konplexutasuna agertzen den espazio gisa ulertu behar dira bestak. «Ez badugu pentsatzen bizitza antolatzeko politika guztietan zaila izango da jaietan bakarrik egoera aldatzea». Jendartea bezalaxe, erronkak ere hagitz konplexuak dira, baina, Miren Guillok dioen bezala, jende ugari dago lanean eta bestak espazio emankorrak dira aldaketa horiek gauzatzeko.

Analisi, gako eta erronketan sakontzen jarraitzeko ariketa kolektiboa da liburua.

Plazera, «gure azken mendekua»

Emakumeen eta plazeraren arteko harremana beti problematikoa izan dela plazaratzen du Laura Muelas de Ayalak bere artikuluan. Era berean, azaltzen du kolektibo feministek urteak daramatzatela borrokan jaiak indarkeriarik gabe bizi eta gozatzeko, errebeldiaz eta ongi pasatuz, gure gorputzak plazer eta jai subjektuak baitira. Emakumeak plazerarekin nola erlazionatzen garen ulertzen saiatzen da ikertzailea: nola bizi dugun, nola eraldatzen eta berreskuratzen dugun, zeintzuk diren gatazkak, zeintzuk baieztapen eta jabetze egoera pertsonal eta kolektiboak, baita plazera politizatzeko prozesuak ere.

«Plazeraren irudia zein den galdetzen diot nire buruari. Google ireki eta placer tekleatu dut. ‘Irudiak ikusi’ sailera noa. Gainetik begiratu. Denak sexu-eszenak dira, bat izan ezik; hain zuzen, txokolate-tableta bat, gorriz pintatutako ezpain haragitsuzko emakume-aho batek era iradokitzailean kosk egiten diona. Gainerakoak bikote heterosexualenak dira, non gizona ia inoiz ez den aurrez ikusten; lehen begiradan behintzat, badirudi emakume gehienak, agertzen duten jarreragatik, deseroso daudela».

Plazeraren inguruko doktore-tesian lanean ari den antropologoak oroitzen du gizonen plazererako bazka izan garela emakumeak, gure desioak, beharrak eta hobespenak bazterrean utzita. Gainera, lerro gorri batzuk zeharkatzean –kalea eta gaua, bertzeak bertze– arriskua agertzen da. Horrekin lotuta, hala dio Vancek: «Feminismoak emakumeen plazera eta poza areagotu behar ditu, ez soilik gure zorigaitza murriztu».

Muelasek baieztatzen du bizkar gainean daramagula minez osatutako historia luze eta tristea, eta feministak ia beti bildu eta antolatu izan direla esperientzia mingarrien bitartez edo sufrimendu handia ekarri ohi duten zapalkuntzei aurre egiteko.

Jaiak ere lehiatu beharreko zelai gisa agertzen ditu. Maiz emakumeak gizonen gozamenerako bertze entretenimenduetako bat izan gara eta emakumeen partaidetza sukaldari edo zaintzaile gisa balioztatu izan dute –egitekotan–. Esplikatzen duenez, emakumeak, gozatzen eta ongi pasatzen ari delarik, bere baitan darama erasoak sufritzeko arriskua, gehi egozten zaion erruduntasunaren eta gaitzespen sozialaren dosia. Txiki-txikitatik izaten dugu lagun, bizitza osoan, gauza bat edo beste egin dugulako zerbait gertatu ahal zaigun leloa, dagoeneko denok ohituta gaudena.

Plazerari bere espazioa eskaini behar zaiola defendatzen du autoreak. Eta hori modu inklusiboan artikulatzeko, jai espazioek dibertsitatea (hitzaren zentzurik zabalenean) elkartasunez eta errespetuz bereganatzen ote duten pentsatu behar dugula aldarrikatzen du.

Bere buruari galdetzen dio plazerak beti ekartzen ote duen galera bat: «Geure plazera aldarrikatzeak eta gauzatzeak ekar dezakete gure erabakiak eta desirak ulertzen edo errespetatzen ez dituzten lagun, maitale edo senideen galera. Finean, plazera gure egitekoen muin eta mami bilakatzeak batik bat beldurra galtzea esan nahi du. Hala bada, beharbada badugu tenorea kontura gaitezen behingoz zer-nolako irabazia dakarkigun galera horrek», dei egin du.

 

«Emakume bat sormenaz gozatuz barrez ikustea iraultzarako bidea da oraindik»

Onintza Enbeita Maguregi 16 urterekin hasi zen bertsotan eta 38 urte bete ditu. «Bukolismo faltsua apurtzen saiatzen gara, baina bidean gaude». Hobekien dakien bezala transmititu zituen aurkezpenean bere bizipenak, bi bertsoren bidez entzuleei irribarrea ateraz. Lehena, herri batera iristean kantatzen duena; bigarrena, gustura abestuko lukeena.

«Ez da exajerazio bat: leku batzuetan, jaietako egun oso batean, mikrofonoan edo agertokian egongo den emakume bakarra bertsotara joan den hori izango da. Zure teoria eta praktika feminista guztia buruan izango duzu, baina han zaude, oihanean, ehunka begi zuri begira, esan gabe esanez zerbait ezberdina daramazula zugan», deskribatzen du artikuluan. Hamar urtean jarraian joaten diren herri horretan, hamar urtean jarraian egitarau berbera dagoela ere baieztatzen du. Eta, hala ere, plaza aldatzen ari da. Jendea aldatzen ari da. Eta, Enbeitaren iritziz, gehiago aldatzen lagunduko du saio bat antolatzean lehenengo izenetatik harantzago joateko ahaleginak. Belaunaldien aldaketa ere irudikatu behar da eta horrek ere lagunduko du gauzak iraultzen.

Muxikarrak dioenez, «jendearen aurrean asmatzen ari delako, emakume bat bere sormenaz gozatuz, barre algaraka ikustea, oraindik ere, iraultzarako bidea da». Erantsi duenez, falta dena da inork ez ukatzea emakumeen gaiak ez direla eurenak bakarrik, eta plazetan erabiltzen diren gai ugari direla benetan batzuenak bakarrik direnak. «Behin, bertso afari batean, ‘sakaletxesa’ jarri zuen mahai gainean Uxue Alberdik (…). Arbolizen geunden: Bizkaiko herri txiki bateko auzo txiki batean, eta hantxe lerrotu ziren planetak. Ohikoak ez diren gaiekin disfrutatzen ari ginen, gure irreberentziaz gozatzen, ezarritako arauak apurtzen, hirurogei urteko emakumeak barrez lehertzen…». Aitortu du joan den udan irudipena izan zuela ez zuela nahi izan ez zuenik kantatu eta bertsokideek ez ziotela txiste ohikoegirik egin barre errazaren bila, eta benetan sentitzen zituen gauza aunitz erran zituela. Zerbait gertatzen ari da.

Dantzaren bidez Baztanen feminismoa lantzen

Baztango Plazara Dantzara herri ekimeneko kideek beren historia idatzita utzi nahi dute liburu honen bidez, heldu diren belaunaldiei etorkizuneko borroketan laguntzeko. «Inongo teoriarik gabe hasi ginen, banakako ekintzak eginez, bakoitza bere herrian. Denborarekin konturatu ginen borroka feminista egiten ari ginela eta teoria ikasten joan ginen, eta teoria praktikarat eraman genuen borroka antolatu eta kolektibo bihurtu arte».

Baztango ohitura diren mutil-dantzen harira sortu zen ekimena. Baina ez dituzte dantzok ohitura edo kultur adierazpen soil gisa ikusten. Argi dute patriarkatuaren eta zapalketaren erakusle ere badirela. Diotenez, nabarmena izan da mutil-dantzek bailaran izan duten lotura genero, klase eta hizkuntza zapalkuntzarekin. Hala, borroka hau autodefentsa feministaren adibide gisa ulertzen dute.

Mutil-dantzak ez dituzte pertsona zehatz batzuek dantzatzen, nahi duena sartzen ahal da, nahi duen momentuan. Hamabortz herrik osatzen dute Baztan eta bakoitzak bere errealitatea bizi du. Hain zuzen ere, elite eta botere hegemonikoek indarra duten horietan gatazka handiagoa sortu du emakumeen presentziak: Elizondo, Irurita eta Elbeten. «Aldaketa nabarmenak gertatzen ari ziren herriak ziren, eta boterea arriskuan ikusi zuten. Adibidez, Elizondoko alkateak txistulari diskriminatzaileak [emakumeak dantzara sartzean isiltzen zirenak] ez kontratatzea erabaki zuen urte berean, herriko bestetako mezara ez joatea erabaki zuen, batzarra euskaraz funtzionatzen hasi zen eta herriko bestak herrikoiago bihurtu zituen».

Emakumeak herri guzietako plaza publikoetan parte hartzeari ekin ziotelarik, erasoak sufritzen ere hasi ziren: txistulariak isiltzen ziren, irainak aditzen zituzten bai emakumeek bai haiekin dantzatzen ziren gizonezkoek… 2013an, gainera, Baztango Mutildantzariak taldea sortu zen, «emakumearen bazterketa betikotzeko asmoarekin, Irun eta Hondarribiko alardeetan moduan». Eta, horri erantzuna emateko, Plazara Dantzara jaio zen. Sortzetik bi norabidetan egin du lan: batetik, bazterketak plaza publikoetatik desagertzeko eta adierazpen kulturala den dantza modu parekidean emateko, eta, bertzetik, diskurtsoaren garapena hedatzeko.

Borrokari esker, oztopoak oztopo, mutil-dantzak dantzatzen diren Baztango herri guzietan dantza parekideak dira orain, eta gero eta jende gehiagok parte hartzen du. Hala ere, egin dituzten kanpainekin segitzeko beharra ikusten dute. «Mutil-dantzen afera aitzakia bat izan da agerian uzteko patriarkatuaren pisua kultur adierazpenetan, herrietako bestetan eta egunerokoan ere bai. Garrantzitsua da aitzakia hori baliatzea jendarte feminista baten bidea jorratzeko. Mutil-dantzak izaten ari dira baztandarren artean oinarri feminista batzuk txertatzeko baliabidea».

«Beste gorputzekin askeago, lasaiago eta errespetuz erlazionatzeko aukerak sortzen baditugu, gorputz memoria dugunez, festak amaitzean ere guregan geldituko da hori»

Kolektiboek elkarrekin hausnartzen dute instituzioekin elkarlana nola egin, antolakunde mistoetan nola jokatu, espazio seguruak nola eratu… Testuetan gogoeta egiten da feministek nola topa ditzaketen estrategiak beraiek ere jaiak gozatu eta ongi pasatzeko. Lanak nola banatu eta birdefinitu ditzaketen aztertzen da