amagoia.mujika@gaur8.info
BESARKADA ELKARTEA

Hurbileko baten suizidioaren ondoren, berriz bizitzen ikasi behar delako

Suizidioa tabua da gure jendartean. Aipatzeak berak ikara ematen du. Zenbakietara ekarrita, baina, osasun publikoko arazo larria da. Urtean munduan 800.000 pertsona inguruk bere burua hiltzen du. Nafarroan Besarkada-Abrazo elkartea sortu dute, hurbileko baten suizidioak kolpatutakoak besoak zabalik hartzeko.

Urtero munduan 800.000 pertsona inguruk bere buruaz beste egiten du eta saiakerak askoz gehiago izaten dira. Iturri batzuen arabera suizidio bakoitzeko hamar saiakera izaten dira. Gertatzen den suizidio bakoitza tragedia handi bat da; familiak, komunitateak eta herrialdeak kolpatzen dituen tragedia. Suizidioak ez du adinik edota klase sozialik, baina 2015ean 15 eta 29 urte bitartekoen artean heriotza arrazoi nagusia izan zen mundu osoan.

Garbi dago suizidioa osasun publikoko arazo larria dela. Baina baditu are korapilatsuagoa eta ilunagoa egiten duten osagaiak. Suizidioaren inguruan estigma handia dago, eta, ondorioz, ideia suizidak dituen pertsonak askotan ez du laguntzarik eskatzen. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) txosten baten arabera, orokorrean mundu mailan suizidioaren prebentzioa ez da behar bezala egiten, suizidioa osasun publikoko arazo bezala ikusteko zailtasunak daudelako eta artean jendarte askotan gaiari buruz modu irekian hitz egitea kostatu egiten delako. Beraz, suizidioa tabua da munduko jendarte gehienetan eta horrek traba handia dakar prebentzioa lantzeko orduan. OMEren arabera, egun herrialde gutxi batzuk baino ez dute suizidioa beren osasun lehentasunen artean sartzen eta 28 herrialdek bakarrik jakinarazi dute suizidioaren prebentziorako estrategia nazionala diseinatuta daukatela.

Suizidioak gainean daukan estigmaz eta tabu pisutsuz osatutako harritzarra kentzea ezinbestekoa da, beraz, gaiari serio eusteko eta laguntza behar dutenen parean bideak zabaltzeko. Horrekin ondo konturatuta abiatu zen Nafarroan Besarkada-Abrazo elkartea, 2016ko azaroan. Hurbileko pertsona baten suizidioak eragindakoen elkartea da, bere buruaz beste egiten duenaren inguruan irekitzen den zuloa oso sakona eta oso iluna delako. «Ez daukat arimarik. Ez daukat bizitzarik. Dagoeneko ez naiz existitzen... Hil dela esan didate, bere burua hil duela», laburbildu du senide batek bere sentimendua.

Elena Aisa eta Aurora Del Rio dira elkartearen sortzaileetako batzuk. Biek semea galdu zuten suizidioaren ondorioz –20 eta 21 urtekoak– eta minetik indarra atera zuten egoera latz horretan daudenen mina besarkatzeko eta iluntasunean leihoak zabaltzeko. «Suizidioa tabua da. Badirudi ez dela existitzen. Horregatik, gertatzen zaizunean oso arraro sentitzen zara. Badirudi zuri bakarrik gertatu zaizula. Sentsazio horrek, gainera, asko areagotzen du mina. Eta beharra sentitzen duzu norbaitekin min hori eta zure noraeza partekatzeko. Aurora eta biok gertu bizi gara eta denbora laburrean semea galdu genuen biok. Ingurukoekin hitz egiten duzu eta hori ondo dago, baina zure egoera bera pasatzen ari den norbaitekin hitz egitea desberdina da. Konplizitate handia sentitzen duzu, zure hiztegi berdina darabilelako», hasi da Elena. «Hasieran oso galduta sentitzen zara, ezegonkor. Ezin duzu sinetsi zuri gertatu zaizunik. Gero sekulako errua sentitzen duzu, mila arrazoi topatzen dituzu eta errudun sentitzen zara, hau edo bestea egin izanagatik edo ez egin izanagatik. Sekulakoa da. Oso motxila pisutsua da, hasieratik zure semearen heriotzaren ardura zure gain hartzen duzulako. Erabat konbentzituta zaude zuk partea daukazula semearen erabaki horretan», segitu du Del Riok.

«Normalean ingurukoek entzuten zaituzte, baina iristen da gaiarekin gogaitzen hasten diren unea ere. Dagoeneko ez dute gertatu denaz gehiago hitz egin nahi. Aldiz, zure egoera berdinean dagoena ez da sekula gogaitzen. Elkarrizketak mila aldiz errepikatzen ditugu eta ez gara aspertzen pasatu denaren inguruan hizketan. Hilabete askoan obsesionatuta bizi gara, ez dago beste gairik gure bizitzan», gaineratu du Aisak.

Suizidioaren osteko doluak eta minak faseak ditu, irekitzen eta ixten joan beharreko ateak. «Ni nire semearekin batera hil nintzen. Ni lehen nintzen pertsona hori ez naiz izango gehiago, orain beste pertsona bat naiz. Mina munstro bat da, dena bere baitan hartzen duena, eta helduleku berriak topatu behar dituzu aurrera egiteko», esan du Del Riok.

Elenak oso garbi ikusi du suizidio baten osteko dolua oso mingarria eta oso luzea dela, «eta maiz ingurukoak ez daude horretarako prest. Nahi dutena da zuk berehala egoerari buelta ematea eta zure bizitzarekin segitzea. Presio soziala handia izaten da egoera tragikoak azkar eta indartsu gainditzeko. Zaurgarritasuna eta ahultasuna ez dira begi onez ikusten eta maiz ez dira pertsonaren epeak errespetatzen. Askotan, ingurukoen estrategia izaten da gaiaz ez hitz egitea. Desberdintasuna dago arrazoi naturalak medio hiltzen direnen eta bere buruaz beste egiten dutenen artean hitz egiteko orduan. Batzuen inguruan asko hitz egiten da familietan eta besteen inguruan ez hitz egiten saiatzen dira, zeozer txarra egin balute bezala. Badaezpada ez aipatu eta kito. Guk, berriz, sekulako beharra daukagu gure semeen inguruan hitz egiteko, nolakoak ziren, zer egiten zuten, haien kontakizunak... Tabu hori gainditu beharra dago».

Hasierako erru sentsazioa eta porrotaren zama pixkanaka erantzi egin behar dira. «Halako batean barneratzen duzu edonori pasa dakiokeela, ez dela zure errua», segitu du Aurorak.

Prebentzioan lan egin beharra

Suizidioa arazo larria da, zenbakitan oso serio hartu beharrekoa. «OMEk garbi esaten du: suizidioaren gaiari era egokian eutsiz gero, prebentzio lana txukun eginez gero, asko jaitsiko lirateke suizidatutakoen zenbakiak. Baina zerotik abiatzen gara, ezer ez egitetik eta tabutik. Abiapuntua oso txarra da. Elkarte bezala prebentzioan indarra jarri nahi dugu, guri pasatu zaiguna ahalik eta jende gutxienari gertatzea nahi dugu. Ardura bat dugu jendarte bezala eta serio hartu beharko genuke», nabarmendu du Elenak.

Besarkada-Abrazoren lehen erronka garbia da: suizidioak eragindako pertsonei toki bat eskaintzea. «Oso bizipen gogorra da, kudeatzen oso zaila. Horregatik toki bat eskaini nahi diegu pertsona horiei, frogatuta dagoelako elkarri laguntzea oso baliagarria dela kasu hauetan. Pertsona horiek jasotzea eta toki bat eskaintzea da, beraz, lehen urratsa. Psikologo batek gidatzen duen laguntzarako talde bat osatu dugu eta bertan elkartzen gara egoera berdinean gaudenak. Horrez gain, bakarkako laguntza ere eskaintzen du elkarteak. Hortik aurrera, jendartea sentsibilizatzea ere beste helburu garrantzitsu bat da, existitzen diren estigmak eta tabuak haustea. Suizidatu den pertsona estigmatizatu egiten da, suizidatzen saiatu dena estigmatizatu egiten da eta berdin familiak. Hori ikaragarria da».

Hezkuntzari begira badute beste erronka bat: sufrimenduaren lanketa eta kudeaketa. «Gurea ongizate jendarte bat da teorian, sufrimendua ez duena maite. Kostatu egiten zaigu sufritzen ari den pertsonarengana gerturatzea. Normalean, apartatu egiten dugu. Hori umetatik landu beharra dago, sufrimendu horrek ondorio larriak ekar baititzake. Eta sufrimendua partekatzen bada, samurragoa da. Aldiz, norberaren sufrimendua, bakarkakoa, askoz latzagoa da. Emozioak kudeatzen ikastea eta arazoen aurrean irtenbideak lantzea umetatik landu beharreko ikasgaia da. Sufrimendutik ere ikasten da. Alerta egoeran egon behar dugu, seinaleak ikusten ikasi behar dugu, sufritzen ari denak ematen dituen seinaleak», agertu du Elenak.

«Seinaleak egoten dira eta batzuetan ez dira serio hartzen. Garrantzitsua da seinale horiek aintzat hartzea: suizidatzeko ideia duela esaten duenari arreta jarri. Batzuetan asko sufritzen ari denak bere burua zauritzen du; ordu askotan lo egitea beste seinale bat izan daiteke; etxetik ez ateratzea; egunerokoan aldaketak egitea; agur modukoak egitea ingurukoekin; itxi beharreko kontuak ixtea... Badaude seinaleak. Zalantza sortuz gero, onena zuzenean galdetzea da. ‘Sufritzen ari zara?’, ‘zure burua hiltzea pentsatu duzu?’. Horretarako, noski, hurbiltasuna eta konfiantza behar dira».

Suizidioaz hitz egin edo ez, zer komeni da? Galdera hori oso presente egoten da suizidioak gertatzen direnean, esaterako, komunikabideetan. «Informazioa eman behar da baina oso garrantzitsua da nola ematen den. Argibide sinplistak baztertu behar dira. Adibidez, ‘etxetik bota zutelako suizidatu da’. Hori sinplista da eta egoera psikologiko estua bizi duen jende asko are gehiago estutu dezake. Suizidio baten atzean sekula ez dago arrazoi bat bakarra, faktore askoren ondorioa da», nabarmendu du Elenak.

Ondoan egotea, epaitu gabe

Komunikabideetatik aparte, nola lagundu maite duen pertsona suizidioaz galdu duen horri? «Jendeak ez du jakiten gugana nola gerturatu. Elkarteari ‘besarkada’ izena jarri diogu hain juxtu besarkada batek pertsona jaso egiten duelako, gozatu, babestu... Hori da behar duzuna, ez besterik. Ondoan egotea. Ez duzu hitzik behar, hitzek min handia egin dezaketelako. Askotan oinarrizko beharretan laguntzea da behar duzuna, erosketak egitea adibidez. Une horietan zuk ez duzu ezertarako indarrik eta sekulako mesedea egiten dizute etxeko lanekin laguntzen. Bestetik, oso garrantzitsua da ez epaitzea, ez zu ezta suizidatu den zure pertsona maitea ere. Nik gogoan iltzatuta dut lagun batek esan zidan esaldia; ‘ez zaude bakarrik’», agertu du Aurorak.

Elenaren ustez orokorrean ezjakintasun handia dago. «Jendeak ez daki nola lagundu doluan. Oso garrantzitsua da ezjakintasun hori onartzea eta laguntza eskatzea. Badaude profesionalak eta elkarteak. Guk geuk elkartean aholku horiek eskaintzen ditugu: nola lagundu suizidioak eragindako familiei eta lagunei? Zer behar dute? Etorri eta galdetu».

Hurbileko pertsona baten suizidioa bizi duena itzalita geratzen da, erabat deuseztatuta. «Hori da ulertu behar dena. Ez du ezertarako indarrik. Horrez gain, bakartzea edo isolatzea erabat normala dela ulertu behar da. Kuadrillakoekin afaltzera eraman nahia, adibidez, okerra izan daiteke. Pertsona horren erabakiak errespetatu egin behar dira, epaitu gabe. Pertsona horren egoera emozionalak baimendu egin behar dira, ondoan egonez. Negar egin behar badu, egin dezala. Eta bihar eta etzi eta behar duen egun guztietan. Garrantzitsuena pertsona horri entzutea da, ez haren galderak erantzuten saiatzea. Horrez gain, niretzat oso garrantzitsua izan da nire semea elkarrizketetan normaltasunez aipatzea», esan du Elenak.

Prebentzioan lan egin beharra dago, arazoak itota eta aterabiderik gabe sentitzen denak lasai laguntza eskatu dezan. Horretarako, baina, suizidioak gainean daukan tabua kendu beharra dago. «Osasun publikoko arazo larria da, jende asko eramaten baitu aurretik. Eta prebentzioa ondo eginez, suizidioak gutxitu daitezke», amaitu du Aurorak.