Xabier Izaga Gonzalez
IRAUPEN HISTORIA BAT

«Baserri biziari eusteko lanak» liburua, nekazaritza sindikalismoaren historia bat

«Baserri biziari eusteko lanak» liburua argitara eman berri du Jose Anjel Aldai Arrillagak, euskal baserrien eraldaketaren, kezken eta borroken berri ematen duena. Kepa Enbeitak «engainatu» zuen lan mardul eta aitzindari hori egiteko, eta gaur egun badago nora jo euskal nekazaritza sindikalismoaren nondik norakoak ulertzeko.

Lan nekezak, duela mendebete bezala, gaur egun ere. «Nondik gatozen ikusi behar dugu nora goazen ikusteko», esan zuen Gasteizko Goiuri Jauregian Alazne Intxauspe EHNEko kideak, horretarako tresna izan nahi duen liburuaren aurkezpenean. Gaur egungo nekazaritza eta baserritarren antolaketa nondik datozen, historia hori ulertzeko tresna da “Baserri biziari eusteko lanak” liburua; horregatik, hain zuzen, liburu aitzindaria da. Nekazaritza sindikalismoaren historia, «historia bat» kontatzen duen lehen lana delako. Historia bat, baina Historia ere bada, kontatzen jarraitu beharrekoa, Jose Anjel Aldai liburuaren egileak eta haren sustatzaileek diotenez. «Lan herrena» dela dio Aldaik, 500 orrialdetan gauza asko kontatzen dituen arren, 40 urteko gertaera eta gorabehera guztiak liburu batera biltzea ezinezkoa baita. Edonola ere, euskal nekazaritza sektorearen bilakaeraren eta baserritarren antolaketaren ezagutza sendoa izateko adinako informazioa nahi duenak bertan aurkituko du. Irakurketa atsegina gertatzen da, oso azalpen argia delako, beharrezkoa denean xehetasunetan sartzen bada ere, datu, data eta zenbaki gehiegi pilatzea saihestuta.

Enkontru baten ondorio

Jose Anjel Aldai Arrillaga aiarra kazetaria da. Besteak beste “Euskaldunon Egunkaria”, “Berria” eta “Argia”-n lan egin du. Baserri-bizitzak izan duen aldaketa ikaragarria erakusteko erreportaje batzuk idazteko ideia zebilkion buruan, oro har baserriaren eta zehazki Aiako baserrien eraldaketaren gainekoak. «Baserritarren bide hori, borroka hori» islatzeko gogo horretan, “Jakin” aldizkariko lagunen bidez jakin zuen zerbait orokorrago eta sakonago egiteko asmo baten berri. Eta Kepa Enbeitarekin topo egin zuen. Enbeitak Kontaketa orokorragoa eta sindikatuen ikuspuntutik bideratua egiteko proposatu zion. Hartara, «erreportaje» askoz ere zabalago bati ekin zion Kepa Enbeitak «engainatu» zuenean. Erronka ez zen makala: baserritarrak beren burua antolatzen nola hasi ziren eta sindikatuetatik sektorean izandako eraldaketa ikaragarri horri nola aurre egin zioten kontatu beharra zeukan. Neurri batean Aldairen hasierako ideia, baserriaren eraldaketaren azalpena ere jasota geratu da liburuan, baina helburu nagusia zen «baserritarren kezka nagusien eta ahaleginen berri» ematea, sindikatuen historia txiki baten bidez, EHNE –Araban UAGA– konfederazioa ardatz hartuta, Hego Euskal Herri osoan jarduten baitu eta euskal baserritarren sindikatu nagusia baita.

Kepa Enbeita Ealo sobera ezaguna da, batez ere euskal kulturaren arloan egin duen lanagatik, euskal kultura zentzu zabalean ulertuta: hizkuntza eta jakintzari dagokienez bezala, lurrari eta bizimoduari dagokienez ere. Batzuek nekazaritzarekin eta sindikalismoarekin lotuko dute berehala. Izan ere, sektore horretako lagun askok badakite nor den Kepa Enbeita eta badakite, halaber, badela nor, bere burua nabarmentzeko batere zale ez den arren. Beste batzuek, ordea, bertsolari familia handi batekin lotuko dute, gutxienez bost belaunalditan zehar bertsolaritzan jardun duen, diharduen, familia bateko kide gisa. Enbeita ez da plaza gizona izan; bai, ordea, bertsolaria. Beharbada ez da hain ezaguna duela 61 urte “Jakin” aldizkaria fundatu zutenetakoa dela, eta zenbait urtez haren arduraduna izan zela, eta “Anaitasuna” eta EHNEren “Ardatza” aldizkarien ardura ere izan zuela. Bestetik, euskaltzain urgazlea da 1969az geroztik, eta zenbait idazlan argitaratu ditu, hala nola bere aitona Urretxindorra bertsolari ezagunaren gainekoa.

Esan bezala, “Jakin” aldizkariak jarri zituen Kepa Enbeita eta Jose Anjel Aldai harremanetan, biek ere asmo, behar, kezka bertsuak zituztela jakinda. Enbeitak pilatuta zuen dokumentazioa baliatzeko gauza zen norbaiten bila zebilen, eta Aldairi kontatu zion bere ilusio hura. Aiarrari gustatu egin zitzaion lanaren ideia, baina, jakina, lan itzela iruditzen zitzaion, informazio asko bildu, jende askorekin hitz egin eta dena antolatu beharra zegoen-eta. Hala ere, hurrengo egunean, 2015eko abenduaren 23an, Enbeitak Aldairen deia jaso zuen. Baietza emateko, «zezena adarretatik heltzera» ausartzen zela esateko. Enbeitaren egunik zoriontsuenetakoa izan omen zen. Eta une horretan bertan hasi zen burura zetozkion izenak eta sindikatuak apuntatzen, paperak biltzen, hainbat kaxa bete arte. Apuntatuta zituen lagunei deika hasi zen, beldurrez, baina berehala haiengan nabaritu zuen prestasunak are adore handiagoa eman zion. Aspaldiko erreferentziak bilatzeari ekin zion, hala nola Herri Gaztedi eta Baserri Gaztedirenak, Elizarekin hitz egin zuen, hainbat liburutegitara jo zuen... Eta aspaldi pilatuz joan zen guztia eta kontaktu guztiak Aldairen eskuetan utzi zituen, baita ondoren bilduko zuen guztia ere.

Dena antolatu eta idaztea asko kosta omen zaio Aldairi. Hala ere, harrigarria da Kepa Enbeitak aipatzen duen urtebete eta bi hilabeteko «odisea» luzeagoa ez izana: aurrean milatik gora aldizkari, 60tik gora liburu, ezin konta ahala agiri, 55 elkarrizketa, 185 interneteko bisita zituen. Enbeitak ez omen du mirarietan sinesten, baina dokumentazio pila hari, egindako elkarrizketa guztiei leku bat aurkitu izana miraria dela dio.

Ahal bezain ondo bizirik eusteko

Liburua bederatzi atal nagusitan egituratuta dago: herrialdeetako sindikatuei atal bana eskaini die, eta beste bi EHNE konfederazioaren historiari. Baina horien aurretik baditu beste bi atal, egungo sindikatuok sortu baino lehenagoko testuinguruaren eta joan den mende hasierako elkarteen, kooperatiben eta sindikatuen berri ematen dutenak. Azkenik, ELBri ere eskaini dio tartetxo bat, Ipar Euskal Herriko sindikatua «bide erakusle izan delakoan auzi eta garai askotan».

Sektoreko jende askorekin hitz eginez konturatu zen Aldai asko, edo gehienak, ez zirela gogoratzen, esate baterako, noiz eta nola sortu zen Gipuzkoako EHNE, edo UAGAk deitutako halako traktore grebaren inguruko hainbat kontuz. Horrela ohartu zen gauza asko egin direla, arazo asko, tentsio eta gorabehera handiak izan direla, eta gertaera asko izan diren bezala, ahaztutako gauza asko ere badaudela. Eta horrela nabaritu zuen oroimenaren beharra, «nondik gatozen» jakin beharra, hain zuzen. Joan den mende hasierako kezka bat dakar gogora, Azpeitian sortu zen sindikatu baten galderaren bidez: “baserritarrok noiz gobernatuko dugu geure burua?”, eta uste du orain dela 40 urte ere bazegoela kezka hori. Kezka hori eta orduko ilusioak islatzen ditu liburuak

Joan den mendearen bigarren erdian ikaragarrizko aldaketa iritsi zen baserrietara. Nekazaritza, «ordu arte ezagututakoa behintzat», industrializatu eta desagertzera zihoan, eta 80ko hamarkadan Europar Batasunera sartu eta ondorengo globalizazioaren ondorioz dena aldatu da. Sindikatuek horri guztiari aurre egin zioten, eta nola aurre egin zioten kontatzen du Aldaik bere lanean, «ahal bezain ondo bizirik eusteko». Lan handi hori eta meritu handi hori aitortzen ditu, eta bere lana haiei egindako omenaldia ere badela dio.

Kepa Enbeitak dioenez, liburu hau ez da eleberri bat, ez da denbora-pasa, «ezta gure arazoen konponbidea ere. Izan garenaren eta garenaren ispilua baizik». Ibilitako bidearen mapa, egindakoaren eta egin ez denaren ispilua. Eta beste modu batez begiratuz mundua alda daitekeela erakusten omen du. «Lerro artean ere irakurri behar dugu gure arbasoen legatua. Beren soroetan zigilatuta utzi zituzten izenetan, ohituretan, auzolanean. ‘Auzolana’, gaur egun hitz baztertua. Talde lana, besteentzat lan egiteko beharra, egoista, nahi bada, norberak premia duenean besteen laguntza izateko. Laguntza jasotzeko eskubidea, aurrez besteri lagundu izanak ematen duen eskubidea. ‘Gure sektorea’ esaten dugu, egia esan gabe, geure zilborrari begira. Besteak gabe ez dago ‘gu’-rik». ‘Gu’-aren aldeko aldarria egiten du Enbeitak, lankidetzaren, auzolanaren aldekoa, «derrigorrean besteekin kontatu beharra, elkarrekin bidea egin beharra», eta liburua astiro irakurtzea gomendatzen du, ispilu horretan arretaz begiratzeko. Halaber, historia positiboagoa idaztera animatzen du, historia alaiagoa, «besteagoa», biziagoa, femeninoagoa, nekazaritza munduko emakumeak kontatua, ez horren maskulinoa eta denon artekoagoa.

Via Campesinaren Biltzarra

Euskal Herriko laborariek munduan nagusitzen ari den eredu produktibistari aurre egiteko proposatzen duten nekazaritza eredu berria eta elikadura burujabetzaren kontzeptua bera ere aztergai ditu Aldairen liburuak, Euskal Herria eta mundua eraldatzeko ezinbesteko tresna direlakoan. Horregatik, EHNE Bizkaia sindikatuarekin batera, Etxalde elkarteak eta Bizilur Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Erakundeak ere sustatu dute argitalpen hau.

Bizilurrek lantzen dituen ildoetako bat komunikazioa da eta, Miren Saiz erakundeko ordezkariak dioenez, elikadura burujabetzaren proposamen teoriko, praktiko eta politikoa zentrala iruditzen zaie erlazio sozial berrien eraikuntzan, eta gizarte osoaren parte hartzea behar duela dio. «Liburua baserritarren aldarrikapen, borroka, garaipenak jendeari gerturatzeko bitartekoa da, baina baita elikadura eta nekazaritza sistemak aldatuz beste gizarte eredu bat eraiki daitekeela erakustekoa ere». Halaber, lana Via Campesinaren VII. Biltzarraren bezperan argitaratu izana aukera polita iruditzen zaio Saizi Euskal Herrian egindako ibilbidea aurkezteko. Gaur hasi eta hilaren 24a arte iraungo du mundu osoko 200 milioi baserritar eta 170 erakunde ordezkatuta egongo diren biltzarra, eta 500etik gora lagun elkartuko dira bertan.