Xabier Izaga Gonzalez
MENDEBALEKO EUSKARA

Euskalkirik handienaren azterketa xehea argitaratu berri du Koldo Zuazok

«Bizkaiera» esaten zitzaion, baina Gipuzkoako sortaldean eta Araban ere hitz egiten da Euskal Herriko mendebaleko euskara, eta haren eragina Nafarroaraino iristen da. Euskalkien sailkapen berria eta haien deskribapen orokorra egin ondoren, euskalki hori xehetasunez aztertu du Koldo Zuazok «Mendebaleko euskara» saioan.

Araban bagare...», Aramaion eta Legution behinik behin, baina baita Gipuzkoako Leintz Bailaran eta Bizkaiko zenbait eskualdetan ere, hala nola Uribe Kostan eta Txorierrin, Arabako mugatik urrun. Zenbait euskaldunek -xa/ -xe/ edo -dxa/ -dxe bukaerak nabarmentzen dituzte mendebaldeko euskararen ezaugarri nagusi bezala. Hala sumatzen dute erdaldun askok ere euskara «bizkaitarra». Eta ez daude guztiz oker, ugari baita euskalki horretan x/ dx epentesia i bokalaz hasitako hiatoetan, baina ez da eremu osoan gertatzen eta bai, ostera, mendebalekoak ez diren zenbait hizkeratan, hala nola Azkoitikoan. Haren ondoko Azpeitian, berriz, y tartekatzen dute; hartara, Azkoitiko txarrixe, txarriye da Azpeitian. Baina herri biotan, are Tolosatik gertu dagoen Errezilen, Goierri osoan eta Nafarroako Burundan ere mendebaleko euskararen ezaugarri esanguratsu bat nagusitu zen aspaldi: -a bokalarekin amaitzen diren hitzak a mugatzailearekin batzen direnean, hizkeraren arabera, -ea/ -ia/ -ie/ -í bukaera daukate: neska + a > neskea/ neskia/ neskie/ neskí. Zenbait euskaldunen belarrian, halaber, berdinak dira Lekeitioko eta Ondarroako euskarak, edo Leintz Gatzagakoa eta Oñatikoa. Herri horietako bizilagunek, ordea, «alde handia» dagoela esango dute beren hizkeraren eta aldamenekoaren artean, eta herri bereko auzoetako hizkeren arteko aldea ere sumatuko dute ahalegin handirik gabe. Aramaioarrei otxandiarren –eta Aramaioko bertako oletarren– dxun ‘joan’ bitxia begitantzen zaie, otxandiarrei aramaioarren fuen aldaera bezala.

Getxotik Oñatira, Orozkotik Ondarroara, hizkera ugari daude, desberdinak, askotarikoak, baina euskalki berekoak. Edonola ere, belarrian mutur batekoaren eta bestekoaren arteko aldeak handia ematen badu ere, egiaz txikia da. Kanpotik uniformea ematen duena askotarikoa izaten da sarritan, eta desberdina ematen duena, funtsean berdina. Horixe erakutsi du, besteak beste, Koldo Zuazo EHUko katedratikoak, mendebaleko euskarari dagokionez ez ezik, Euskal Herri osoko euskarari dagokionez ere, 1988an “Euskararen Batasuna” doktore tesia argitaratu zuenetik joan den maiatzean aurkeztu zuen “Mendebaleko euskara” lana arteko saio ugarietan.

Euskalkien ezaugarri bakan batzuk baino ez ditugu aipatu, baina askoz gehiago dira hizkerak berezi egiten dituztenak. Haien hedadura eta mugen berri jakiteko, euskalki bakoitzaren eremuko eskualdeak eta herriak bisitatzea besterik ez dago, baina ez da berehalakoan egiteko moduko zeregina. Non erabiltzen duten azentu bereizgarria eta non azentu markatua; non ixa/ ixe edo idxa/ idxe eta non ez dagoen horrelako epentesirik; non j, x/ dx edo y hitz hasieran eta non adizkietan ere... Euskararen herriko zenbait lekutan sortu diren berrikuntzen nondik norakoaren berri izatea ez da erraza, baina, esan bezala, Euskal Herriko hainbat bazter bisitatuz lor daiteke. Egia esateko, egun bakar bateko bisita batean nekez ikas litezke hizkera baten berezitasunak. Hala ere, badago modu arin eta erosoago bat horren guzti horren berri jakiteko: Koldo Zuazok azken urteetan argitaratu izan dituen lanak irakurtzea, euskalkien, azpieuskalkien, hizkeren eta euskalkiez gaineko eremuen sailkapena eta deskribapena azaltzen dituzten lanak, hain zuzen ere. Tartean, nola ez, oraindik orain Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu duen “Mendebaleko euskara” saioa, euskalki horren azterketa osoa eta zehatza.

«Araban hasi eta amaitu»

Bilbon aurkeztu zuen Zuazok bere azken saioa, joan den maiatzaren 11n. Hurrengo astean, beste aurkezpen bat egin zuen Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, «Araban hasitako lana Araban amaitzeko». Izan ere, Araban ekin zion Zuazok lan honi duela 28 urte, Arabako euskara zaharra aztertzen hasi zenean. Ondoren, Deba ibarreko eta Goierriko hizkerak aztertu zituen eta zeregin horretan gero eta argiago ikusten zuen Arabaren eta, zehatzago, Gasteizen eragina inguruko hizkeretan. Bitartean, Arabako euskararen lekuko gehiago agertu ziren, eta ez nolanahikoak, Arabako lau kuadrillatako testuak baitziren, haietako batzuk ekialdekoak, Nafarroako mugakoak. Burundan ikusiko zuen eragin hori argienik, hala nola Nafarroako beste bi haranetako lekukoak aztertuz, Ameskoakoak eta Lanakoak, hain zuzen. Eta mendebaleko euskararen jatorria bilatzeko, Bizkaira barik, Gasteizera begiratu beharra zegoela iruditu zitzaion, euskalki hori berezi egin zuten berrikuntzak Arabako hiriburutik bertatik abiatu zirela ondorioztatuta. Hartara, Koldo Mitxelenak “hegoaldeko euskalkia” izendatu zuen hura ez da mendebaleko euskalkiaren aldaera, haren sorburua baizik, XVI. menderako Bizkaiko euskarak nortasun propioa hartuko bazuen ere.

Euskalkien jatorriaren gaineko teoria ondo funtsatu zuen Zuazok, Mitxelenaren uste batetik abiatuta. Hark ere nabarmendu zuen euskararen batasuna; izan ere, desberdintasunik handiena agertzen duten euskalkiak mendebalekoa eta zuberotarra dira, baina desberdintasun hori ez da sobera handia. Hala erakusten du hizkuntzaren azterketa zorrotzak, eta euskalkien arteko alde txiki horrek pentsarazi zion Mitxelenari euskal dialektoak ez zirela oso aspaldi sortu. Halaxe erakutsi du Zuazok, baita euskalkiak sortu zituzten berrikuntzen lehen guneak Iruñea eta Gasteiz direla ere, duela mila urte euskal hiri nagusiak zirenak, hain zuzen.

Euskalkien ezaugarriak

Berrikuntza horiek aztertu eta zuzen erabiltzea ez da lan samurra, ordea. 1998an Zuazok “Euskalkiak, gaur” izeneko artikulua argitaratu zuen “Fontes Linguae Vasconum” aldizkarian, gaur egungo euskalkien sailkapena eta hori egiteko irizpideak azaltzen zituena. Artikulu hartan, gaur egun bizirik dauden euskalkiak bostera mugatu eta haien ezaugarriak erakutsi zituen.

Ordu arte indarrean zegoen Louis-Lucien Bonapartek XIX. mendean egin zuen sailkapena, inork zalantzan jarri ez zuena. Zuazok, ordea, arrazoi bat baino gehiago zuen sailkapen berri bati ekiteko. Batetik, euskara, leku guztietako euskara, nabarmen aldatu da mende eta erdian, batez ere joan den mendearen bigarren erdian, hedabideen eta euskara batuaren sorreraren eraginez. Euskal Herri osoan zehar bertatik bertara jasotako lekukotzek argi asko erakutsi zioten Zuazori euskalkiak elkarrengana hurbildu zirela. Bestetik, ez da batere erraza euskalkiek sortu dituzten eta haietan dirauten berrikuntzak sumatu eta sailkatzea, zein diren esanguratsuenak eta zein garrantzi txikikoak. Bonapartek euskalkiak sailkatzeko erabili zituen 74 inguru irizpideak aztertuta, modu egokian erabili ote zituen zalantzan jarri zuen. Edonola ere, «euskal dialektologiari ekarri zion onura handienetako bat» aitortzen dio Bonaparteri: Ipar Euskal Herriko hizkeren berri zabalago eta zehatzagoa ematea, eta hark aztertutako ezaugarriak «egokiak eta zentzuzkoak» zirela dio. Batzuetan, ordea, badirudi ez zituela behar bezain zorrotz erabili, batez ere mugako hizkerei dagokienez. Hiruzpalau ezaugarri ez dira nahikoa hizkera bat euskara giputzean edo nafarrean kokatzeko, edo nafar-lapurtarra ala nafarra den bereizteko. Gainera, euskalkiak eta hizkerak sailkatzeko ezaugarriak ezin dira nolanahi aukeratu. Esate baterako, nabarmena da dut/ det/ dot adizkien desberdintasuna, baina aldaera horrek hizkera bat non kokatu behar den erabakiko balu, gauza bitxiak ikusiko genituzke sailkapenetan. Izan ere, horrelako sailkapenaren arabera, Zigoitiako Etxaguenen egiten zen euskara nafarra zela ondorioztatu beharko genuke, herrixka horretan joan den mendean erabiltzen zituzten *edun-en orainaldiko adizkiak ikusita: dut, duk-dun, du...; edo Debagoiena gehienean erabiltzen den joan aditzaren aldaera, fan, hizkera horren ezaugarri nagusi gisa hartuko bagenu, Etxarri Aranazkoarekin... eta Erronkarin egiten zenarekin batera sailkatu beharko genituzke Leintz Bailarako eta Oñatiko hizkerak. Etxarri Aranazko hizkera, hain zuzen ere, euskara giputzarekin sailkatu zuen Bonapartek, herri horretan det aldaera nagusi delako. Euskara giputzaren eragin gehiago ere baditu; hala ere, Zuazok nafarrean sailkatu zuen, euskal hizkeren berrikuntzei dagozkien ezaugarriak baliatuz. Berrikuntza horiek hedatuak eta emankorrak izan behar dute, eskuarki eta erregulartasunez gertatzen direnak, eta gaur egun erabiliak. Irizpide horien araberako 108 ezaugarri baliatu zituen euskalkien sailkapena egiteko.

Orain, Bizkaia osoa, Gipuzkoako sortalde gehiena eta Arabako Aramaio eta Legutio biltzen dituen mendebaleko euskararen deskribapen xehea dakarkigu bere azken saioarekin.

Lan zehatz eta ulergarria

“Mendebaleko euskara” saioaren lehen atalean, mendebaleko ezaugarriak agertzen ditu Koldo Zuazok, hiru sailetan antolatuta: euskalkiaren ezaugarri orokorrak, azpieuskalkienak eta haietan sumatu dituen zazpi hizkera nagusienak. Ezaugarri horietako asko aurkeztu izan ditu aurreko lanetan, “Euskalkiak” saioan bereziki (Elkar: 2014), baina oraingo lan honetan askoz zehatz eta zabalago erakusten ditu. Hizkeren ezaugarriak, berriz, lehen aldiz azaltzen ditu.

Inork ez dezala herskariz, epentesiz, oxitonoz... betetako adreilua espero izan, hizkuntzalaritza terminoak behar-beharrezkoa denean baino ez ditugu topatuko, eta berehala ulertuko ditugu, adibide ugariz hornituta baitaude azalpen guztiak. Irakurleak ez du ezustekorik jasoko lanaren zorroztasunari dagokienez, orain arteko lan guztietan erakutsi izan duen berbera baita. Nabarmentzeko modukoa da, ordea, mapa ugaritasuna. Lehenago ere erabili izan ditu mapak, baina oraingoan, euskalki bakar bat azaltzeko, ia ehun mapa agertzen dira liburuan zehar. Lan eskerga, inondik ere, Zuazorena eta mapok taxutzen lagundu dion Nahia Granderena. Zalantzarik gabe, euskalkiaren eta hizkeren ezaugarrien hedadura eta mugak erraz asko ikusi eta ikasteko baliabide eroso eta eraginkorrak dira.

Eta nabarmentzea merezi du, halaber, bigarren atala osatzen duen hiztegiak, 678 sarrera eta 54 azpisarrera biltzen dituenak. Euskara batuko ordainaz gainera, informazio ugari eskaintzen du: zein eskualde eta herritan erabiltzen den, mendebalekoak ez diren zein hizkeratan eta Arabako lekuko zaharretan agertzen den... adibide ugariz hornituta eta adibidearen jatorria zehaztuta.

Irakurketa zinez gomendagarria da, beraz, “Mendebaleko euskara” lana euskalkiez, gaur egun Euskal Herriko eremu zabal batean egiten den euskaraz gehiago jakin nahi duen edonorentzat. Beste lau euskalki horrelako azterketa baten zain daude.

 

Euskalkiak, euskal dialektoak, hizkuntza bizi baten adierazle

Garai batean jende askok uste osoa zuen euskara batua aurrera aterako bazen, euskalkiek desagertu egin beharko zutela. Koldo Zuazok euskara batua aurrera ateratzea nahi du, zalantzarik gabe, behin eta berriz txalotu du haren inguruko prozesua eta sorrera. Areago, euskara batua ezinbestekoa dela dio. Bere iritzian, ez da herri euskaldunetako hiztunek eguneroko jardunean erabiltzeko, baina bai inguru guztietako euskaldunak elkartzen direnean. «Euskalkiak dira bizirik iraun duten euskararen aztarnak eta bizirik dagoen horri eutsi behar diogu nahitaez. Era berean, aurrera begira edozein plangintza egin nahi badugu ere, bizirik dagoen horretan oinarritu behar dugu», dio. Alegia, euskara batua ere euskalkietan oinarritu beharra dagoela. «Euskara batua euskalkietatik zenbat eta gertuago egon, orduan eta errazago eta gusturago onartuko dugu hiztunok».

Zuazoren kezka euskara da, eta esan bezala euskara batua ezinbestekotzat jotzen badu ere, haren osasunak kezkatzen du. Begi onez ikusten du azken urteotan euskara idatzian egin den ahalegin handia, «euskara kultura hizkuntza egiteko ahalegina», baina ahozko hizkera baztertuta utzi dela uste du. Joan den udan honela azaldu zion bere kezka hori Amagoia Mujikari Euskalkiak.eus webgunea aurkeztu ondoren: «Garrantzitsua da Durangoko Azokan ez dakit zenbat titulu berri ateratzea eta ez dakit zenbat tesi egitea euskararen inguruan, baina zer lortzen dugu gero hiztunaren jarduna, lagun artekoa, erdarazkoa baldin bada?».

Izan ere, hiztunok hainbat erregistro erabiltzen ditugu egoeraren arabera, ez dugu berdin hitz egiten eskolan, lanean eta tabernan, ez dugu lengoaia bera erabiltzen unibertsitateko irakasle ezezagun batekin eta lagun batekin. Erregistro horiek erabiltzeko gauza diren hiztunak nahi ditu Zuazok, horiek eskaintzen dituen hizkuntza bat. Horregatik euskalkiak, herri euskaldunetan, lagun artean erabiltzea egokiago iruditzen zaio. «Faltan ikusten dudan beste gauza bat da euskalkiak entzun egiten ditugula baina ez ditugula ikusten. Hizkuntzak ikusi egin behar dira. Ez dut esaten edozein gauza euskalkian idatzi behar dugunik, baina herri euskaldunetan jubilatuentzako ibilaldi bat antolatzen denean, edo gazteentzako mus txapelketa bat antolatzen denean, edo futbol txapelketa bat... horrelako oharrak bertako euskalkian egin beharko genituzke. Beste gauza bat da, esaterako, Bilboko metroko sarreran jarri beharreko oharra; argi dago hori euskara batuan jarri behar dela mundu guztiko euskaldunek irakurtzeko modukoa izan behar duelako».

Kezka analogoa suma geniezaioke Anjel Lertxundiri, nolabait, ez ahozko hizkerari dagokionez, literatura hizkuntzari dagokionez baizik: «Azken mende erdian ez zaizkigu zailtasunak, polemikak eta tentsioak faltatu, baina uste dut nahiko bide eredugarria egin dugula hizkera literario baten bila. Batasunaren bidean, euskal idazleok Espartako soldadu haien diziplinarekin jokatu dugu. Hil ala bizikoa genuen hainbat dialektotan banatutako gure hizkuntzaren batasuna, baina, aldi berean, askotan sakrifikatu ditugu literaturak hain berezkoak dituen askatasuna eta errebeldia, euskara batua aurrera ateratzeko behar izan dugun diziplinaren kausaz» (“Demagun ehun urte barru”, Donostia/ San Sebastian 22016 Fundazioa eta EIZIE, 2017).

Hizkuntza sendoago, osasuntsuago, are erosoagoa lortzeko baliabidea euskalkiak izan daitezke. Ideia horixe bide zuen buruan Zuazok “Euskararen sendabelarrak” (Alberdania, 2000) idatzi zuenean. Berak euskara batuan idazten du, euskalkien gainean egin dituen saio ugariak barne; euskara batuan idatzi zuen “Neure buruaren alde” eleberria (Alberdania, 2011); euskara batuan idatzi izan du hain zuzen euskara batuaren gainean jardun izan duenean (“Euskara batua, ezina ekinez egina”, Elkar, 2005), haren historia kontatu duenean eta hura goraipatu eta beraren beharra nabarmendu izan duenean, baita sumatzen dituen hutsuneak edota egitekoak seinalatzeko ere. Eta euskara batuaren aldeko jarrera hori lekuan-lekuan egunerokoan erabiltzen den euskara aldeztearekin bateraezina ez den era berean, lekuan lekuko hizkerak une eta gune egokian erabiltzearen alde agertzea ez da euskara batua jakin eta erabiltzearen alde agertzearekin bateraezina. «Nik egunero erabiltzen dut euskalkia, betidanik hitz egin dudan Mallabiko euskara, eta egunero erabiltzen dut batua ere», dio Zuazok.

Euskalkiak, azken batean, hizkuntza noranahiko baten «sendabide naturalak» izan daitezke: «Edozein hizkuntza bizirik dagoen bitartean dialektoak sortzen dira. Dialektoak dira bizitasunaren seinale, gure eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun hizkerak. Ematen du hemen euskara batua atera nahi izan dugula aurrera, gainera, euskara batu jaso bat; ez hori bakarrik, beste adierazpen moldeak baztertuta utzi ditugula dirudi. Horren ondorioa izaten da hiztunak maiz euskaratik ihes egiten duela bere maitasuna edo haserrea adierazi nahi duenean, esaterako. Guk euskaraz bizi ahal izateko aukerak eman nahi dizkiogu jendeari, gauza guztietarako euskara izan dezan».