Bidazi

Ekokontsumitzaileen sarea zabalduz doa

Ekokontsumo Federazioa kontsumo ekologikorako elkarteak batzeko sortu zen 2014an. Helburua, besteak beste, guztien arteko koordinazioa, produktuen eskari bateratuak eta ekintza komunak antolatzea zen, kontsumo ekologikoaren alde daudenen ahots bateratu modura. Jatorrian Gasteizko Bio Alai, Donostialdeko Otarra, Busturialdeko Lur Gozo eta Durangaldeko Marisatsa elkarteek osatzen zuten Federazioa. Azken urteetan produktu ekologikoen eskariak bizi duen gorakadaren adierazgarri, dagoeneko 2.000 familia batzen dira Ekokontsumon. Berriki beste bi elkarte batu dira Federaziora: Bidazi eta Butroi Bizirik. Lerrootan bi hauetariko lehenengoa aurkeztuko dugu.

Iraunkortasunarekin konprometituta

Bidazi Nafarroa iparraldean, Lesakan, kokaturiko Bidasoaldeko mugaz gaindiko irabazi asmorik gabeko elkartea da. Xedea hurbileko elikagai osasuntsu eta ekologikoak sustatu eta kontsumitzea ahalbidetzea da, bertako ekoizleen eta ingurumenaren ongizatea bermatuz. Gaur egun 170 bazkide baino gehiagok osatzen dute proiektu hau. Norbanakoez gain, elkarteak eta taldeak ere Bidaziren bazkide dira.

Bidazitik diotenez, herritarrak herritarrendako sortutako elkarte bat da, beste bizimodu eta bizi eredu bat bultzatzeko helburuarekin. Baserritarrak, ekoizleak eta herritarrak elkartzen ditu, partaidetzan oinarritutako antolakuntzan sostengatuz. Horrez gain, ekitaldiak antolatzen dituzte kultur jarduera ekonomikoak eta ekologikoak eginez, eta inguruko merkatu nahiz ferietan parte hartuz. Saretze lanean ere badihardute, inguruko kontsumo elkarte eta kolektiboekin batera elkarlanean.

Horretarako bide desberdinak jorratzen dituzte. Azokaren bitartez, bertakoak eta ekologikoak diren produktuak jendearengana hurbilarazten dituzte, saretze lanei esker Euskal Herriko eta, oro har, inguruko elkarte, talde eta erakundeekin elkarlan eta laguntza esparruak landuz. Azkenik, komunikazio alorrean ere indarra jartzen dute, kontzientziazioa eta produktu ekologikoez gain bertakoa kontsumitzearen garrantzia jendarteratuz, eta horrek osasunean eta ingurumenean dakartzan eraginak agerian utziz.

Bidazik lau urte pasatxo dituen arren gelditu gabe dabiltza, gero eta bazkide gehiago egiten eta sare lanketa zabaltzen. Azoka martxan jartzea lortzeaz gain, lan txanden eta auzolanaren bitartez beharretara egokitzen saiatzen dira. Inguruko ekitaldietan parte hartzen dute, merkatu eta ferietan beraien burua inguruan ezagutarazteko asmoz. Horrez gain, bazkideei zuzendutako ekitaldiak antolatzen dituzte, hala nola onddoen ingurukoak, bidaiatzeko modu alternatiboei buruzkoak, yoga ikastaroak, bizikleten konponketa mintegiak edota Fiare, Goiener eta tankerako elkarteak ezagutzera emanez.

Herri kohesioa landu

Bidazi bezalako elkarte batera batuta, aukera dago, beraz, aipatu helburuen garapenean laguntzeko. Izan ere, tamalez, gaur egun produktu gehienak kate eta banatzaile handien bidez eskuratzen ditu herritarrak. Kontsumo elkarte batean, aldiz, partaideek aukera dute hurbileko eta kalitatezko produktuak eskuratzeko. Horrez gain, elkartean parte har dezakete, erabakietan norberak bere ekarpena egin dezake eta elkarteak antolatutako ekimenetan parte hartu, interes komuneko gaiak eta pertsonak ezagutzeko aukera edukiz..

Ttikitasunean lan egitea polita da, familia koxkor bat bilakatzen baikara azkenean. Eta hori garrantzitsua da, Bidasoaldean eta Bortzirietan batez ere herri kohesioa lantzeko tresna interesgarria bilakatzen garelako. Hala ere, txikitasunak baditu bere mugak. Kontsumorako orduan, erraterako, erronka handienetako bat hurbileko ekoizleak topatzea izateaz gain, beraiekin egunerokotasunean lan egitea da. Horren baitan kontsumo elkarteen arteko elkarlanak potentzial handia dauka, eskari handiagoak sortu, ekoizleei erraztasunak eman, merkatu bat ziurtatu edota bakarka lor ez daitezkeen erronkak elkarrekin lortzeko. Kontsumoaz gain, sentsibilizazioan eta, oro har, ekintzetan ere baliabideak mugatuak dira, eta asko dago egiteko. Hori dela eta, elikadura burujabetza lortzearen harira, elkarrekin ekitea oso garrantzitsua da, elkarlanaren indarraren bidez gure helburu komunak lortzeko. Gure ateak irekita daude!