Miren Azkarate Badiola

Hutsunearen mina

Uztaileko azken egunak entzun nahi ez nuen berri bat utzi zidan: kide baten heriotza kartzelan. Albistea mugikorreko mezu batetik jaso nuen, etxeko salan. Bat-batean nire zainetako odola izoztu izan balitz bezala nabaritu nuen, gorputz osoko hotzikara batez lagunduta eta “joder” bat ahotik ozen aterata.

Oso kontziente izan naiz horrelako berriak jasotzen jarraituko genuela, dugula, dispertsioak eta euskal preso politikoen aurkako mendeku politikek indarrean jarraitzen duten bitartean. Baina amesgaiztoa errepikatuko ez den esperantza ere mantentzen nuen, nahiz eta oraingo honetan berriro ere esnatu nahi duzun amets horietako bat bizitzen egon.

Asko dira ez dutenak ulertzen norbait ezagutu gabe nola senti daiteken hainbeste heriotza bat. Horientzako guztientzako erantzuna hauxe da: ez da pertsonalki norbait ezagutu behar malkoak eta samina sentitzeko baldin eta pertsona hori herri honen askatasuna lortzeko azken hatsa emateraino prest egon den kide bat bada.

Hitz aunitz eta ahots asko irakurri eta entzun ditugu egunotan, ikuspegi ezberdinak uztartzen; senideenak, lagunenak, ezker abertzaleko kideenak, Etxeratenak, motxiladun umeenak… Den denak egiten ditut nire. Baina beste ikuspuntu bat aipatu nahi nuke: barruan utzi dituen kideena. Preso ohi bezala nire burua berriz ere lau pareta artera eramatea ez zait zaila egiten eta albistea jakin eta digeritu bezain pronto nire gogoa Mikel Orbegozo eta Igor Gonzalezenganaino joan zen. Zein gogorra izan behar duen zure kidea zure aurrean hiltzen ikusteak! Egunak eta norberaren bizipenak eramatea jada zaila bada han barruan, horrelako gertaera bat bizkar gainean kargatzea, kartzelak eskaintzen dizkizun, edo hobe esanda, eskaintzen ez dizkizun baldintza haietan latza behar du izan. Azken finean ez duzu laguntzarik eta egunero-egunero berarekin bizi zenuen espazio berean egongo zara, baina jada bera gabe, bere absentzia mingarrian. Lerro xume hauen bidez doakiela muxu eta besarkada bana Orbegozo eta Gonzalezi Badajozeko espetxeko hutsunea betetzen laguntzeko. •