Antton Izagirre

Muturrekoak

Duela egun gutxi egunkari bateko zutabegile bati irakurritakoak zer pentsa eman zidan, euskararen erabileraren datuek erakutsi duten beheranzko joerei dagokienez. Kazetaria, ohikoa bihurtu den diskurtso politikoa etengabe kamustu eta jende gehienarengana heltzeko esperantzaz, politikoki egoki denaren mesedetan jardun beharraren praktikaz ari zen. Eta hitzez hitz honela ematen zuen bere hausnarketaren irizpena: «Diskurtsoa kamusteak ez baitu inoiz jendea erakartzerik lortuko, ez eta egungo egoeraren zorrotza kamusterik ere».

Egokia iruditu zait iritzia, datuek erakusten duten galerari buruz ari garela egoera interpretatzeko. Lehendik banuen zalantza euskararen hedapenari eta hizkuntza politikari buruzko eztabaidetan akordioa aldarrikatzen zuten zenbait eragileren diskurtso sozial eta politikoek ez ote zuten egoera zorrotza lasaitzeko balio izango. Ez dut nik adostasun eta akordio zabalen beharraren aurka jardungo, ez naiz ni izango horien onurei uko egingo diena edo zapuztuko dituena, baina utz iezadazue mesfidati izateko aukera. Adostasuna eta akordioak beharrezkoak izango ditugu ekimen zehatz eta praktikoen aurrean elkar harturik jarduteko, bai, baina errealitatearen mugak eta horri loturiko jardunak ezingo dute ezkutatu errealitatearen gordintasuna; hau da, hizkuntza minorizatu modura, hizkuntza zapaldua den heinean, euskarak ezingo du bizi beste hizkuntza normalizatuekin eztei bidaia batean, konfrontazioan baizik.

Arriskua dago gure belaunaldi berriei euskararen egoerari buruzko irudi trukatua eskaintzeko, irudi bailuke euskara salbatuta dagoela, zapalkuntza iraganekoa dela eta etorkizuna harmonia onean jardutea dela. Euskarak ere diskurtso erradikala behar du; hots, sustraietara joko duena, azken urteotan feminismoak edota ingurumenaren gaineko zaintzak hartu duten neurrikoa. Garbi jakin eta adierazi behar dugu zer den euskararen alde aritzea eta zer ez, jarrera horrekiko diskurtsoak eta militantzia zorrotzak tokia irabazi behar dute gure jardun sozial eta politikoan, eta horrek tentsio puntu bat eskatzen du, ez diskurtsoa kamustea.

Euskara kontutan ere, gauza bat da muturreko jarrera izatea eta bestea muturrekoa jasotzea. •