Ainara Lertxundi
Entrevue
Carlos MartinBeristain
desagerpenetan aditua

«Ayotzinapako auzia argituz, biolentziarekin amaitzeko aukera ona zuen Mexikok»

Ayotzinapako 43 ikasleen desagerpenetikhiru urte bete direnean, Beristainek, Aditu Independenteen Diziplina ArtekoTaldeko kideak, auziaren balantzea egin du.

Carlos Martin Beristain medikuak gertutik ikertu du Ayotzinapako 43 ikasleen desagerpena. Jada hiru urte luze pasa dira 2014ko ekainaren 26an Ayotzinapako irakasle eskolako ikasleak Igualan desagertu zirenetik. 1968ko urriaren 2an Tlatelolcon unibertsitateko ikasleen kontra gertatutako sarraskia gogoratzeko martxa batean parte hartu behar zuten. Mexikoko Hirira joateko autobusak Igualan hartu behar zituzten, baina, polizia indarrek antolatutako operazio erraldoi batean, autobusak geldiarazi egin zituzten. Tiro artean, dozenaka zauritu, sei hildako eta 43 desagertu egon ziren. Ayotzinapako Raul Isidro Burgos eskolan nekazaritzako eremuetako irakasle izateko ikasten ari ziren guztiak.

Fiskaltzaren arabera, ikasleek Igualako alkate Jose Luis Abarcaren emazteak, Maria de los Angeles Pinedak, egin behar zuen ekitaldi politiko bat zapuztu nahi zuten. Guerreros Unidos kartel mexikarrarekin lotura zuten biek. Alkatearen aginduz, Igualako udaltzainek ikasleak bahitu eta Guerreros Unidos taldearen esku utzi omen zituzten; narkoek gazteak hil eta gorpuak Coculako zabortegian erre zituztela azaldu zuen Fiskaltzak. Karteleko bost kidek polizia etxean egin zituzten adierazpenetan oinarritu zen Errepublikako prokuradore orokorra, Jesus Murillo Karam, tesi hori sustengatzeko. Baina atxilotuek torturak salatu zituzten eta adituek tratu txar aztarnak antzeman zizkieten. Ikasleen senideek ez zioten sinesgarritasunik eman bertsio ofizialari. Fiskaltzaren “egia historikoa” zalantzan ipini du Carlos Martin Beristainek ere GAUR8rekin telefonoz eginiko elkarrizketan.

Igualan gertatutakoa ikertzeko Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak osatu zuen Aditu Independenteen Diziplina Arteko Taldeko (GIEI espainierazko sigletan) kidea izan zen. 2016ko apirilean bukatu zen batzordearen bigarren manamendua. Hasieran, Enrique Peña Nietoren Gobernuak begi onez hartu zuen ikerketa taldea. 2015eko irailean lehen txostena aurkeztu zuenean, ordea, bestelako jarrera bat hartu eta taldearen kontrako kanpaina bat abian ipini zuen.

Giza eskubideen defentsan ibilbide luzea du Beristainek, Guatemalan, Kolonbian, Saharan, Euskal Herrian... Desagerpen batek senideengan eragiten dituen zaurien jakitun, han eta hemen egia jakitearen beharra aldarrikatzen du. «Estatistika ofizialen arabera, Mexikon 30.000 desagertu daude. Hori, tragedia bat da nazioarentzat. Desagerpenen zauriak bizirik jarraituko du gobernu aldaketarekin. PRI edo PAM boterean egon, errealitate horri aurre egin beharko diote», plazaratu du.

Egindako lana azaltzeaz gain, Ayotzinapako auzia Mexikon zigorgabetasunarekin amaitzeko eta ustelkeriaren, biolentziaren eta droga trafikoaren arteko katea behin betiko apurtzeko aukera ona zela nabarmendu du Beristainek. Tamalez, denbora aurrera doa eta Gobernuak ez du borondaterik erakutsi kasuaren muinera heltzeko, egiaren bidea are eta gehiago urrunduz.

Ayotzinapako desagerpenen hirugarren urteurrenean, Latinoamerikan hain ezaguna bilakatu den leloa ozen errepikatu zuten beste behin ere mexikarrek eta ikasleen familiek: «Bizirik eraman zituzten, bizirik nahi ditugu». Iguala inguruetan 130tik gora hilotz aurkitu dituzte –bat bera ere ez zen ikasleena–. Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak oraindik ere non dauden ez jakitea deitoratu du. «Estatu mexikarraren betebeharra ikerketa lerro guztiak agortzea da, modu sakon eta zehatzean. Estatuaren eta polizien balizko inplikazioa argitu behar du hasieratik bukaeraraino, baita justiziari jarritako traba guztiak ere. Oso kezkatuta gaude ikerketa lanetan aurrerapausorik ez delako egon eta ez direlako Aditu Independenteen Diziplina Arteko Taldeak plazaratu zituen gomendioak bete», salatu du komunikatu batean Batzorde Interamerikarrak hirugarren urteurrena dela eta.

Datorren abenduan, Gobernu mexikarrarekin elkarlanean adostu zuen Jarraipen Batzorde Bereziak txosten bat aurkeztuko du auziaren egoera zein den azaltzeko. Mexikora azken bisita abuztuaren 30ean egin zuen.

Nola eta zergatik hasi zinen ikertzen Ayotzinapako 43 ikasleen desagerpena?

Ayotzinapako ikasleen desagerpena ikertzeko Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak Aditu Independenteen Diziplina arteko Taldea sortu zuen. Hori esperientzia aitzindaria izan zen, lehen aldia baitzen Batzorde Interamerikarrak horrelako ikerketa talde bat martxan jartzen zuela. Gertatutakoa ia denbora errealean ikertzeaz gain –desagerpenak izan eta bost hilabetera iritsi ginen Mexikora– senideei laguntzeko manamendua zuen taldeak, ordura arte gertatu ohi ez zen bezala. Izan ere, normalean biktimak beti kanpoan gelditzen dira, ikerketa batzordeek ikuspegi legalei soilik heltzen diete-eta. Hasieran, Estatu mexikarrak begi onez hartu zuen Aditu Independenteen Diziplina Arteko Taldea, baita senideek ere. Hori positiboa izan zen. Lehen sei hilabeteetan normaltasunez lan egin genuen, aparteko trabarik gabe. Baina egoera errotik aldatu zen gure lehen txostena argitaratu ostean. Mahaigaineratu genituen froga eta ebidentziek Mexikoko Fiskaltzaren “egia historikoa” zalantzan jartzen zuten eta une horretatik aurrera gurekiko jarrera zeharo aldatu zen. Hala ere, beste sei hilabeteko bigarren mandatu bat lortu genuen, baita ikerketa talde berri bat ere. Handik gutxira, baina, gure lan egiteko eremua murrizten hasi ziren. Coculako zabortegiaren bertsioari lehentasuna ematen hasi ziren berriro; guk argi esan genuen ikasleen gorpuak ez zituztela bertan erre. Gure kontrako kanpaina bat abian ipini zuten. Gure txostenak publikoak dira, guztien eskura daude eta guk egindako ikerketaren ebidentzien kontra egin ez zezaketenez, gure aurkako eraso pertsonalak hasi ziren, lehenengo taldeko bi fiskaltzen kontra. Funtsik gabeko akusazio horiek Mexikon botere handia duten zenbait sektorek egiari dioten beldurra islatzen du.

2016ko apirilaren 30ean bukatu zen ikertzeko zenuten agindua, Gobernu mexikarrak hirugarrenez luzatzeari uko egin baitzion. Horrez gain, hainbat oztopo ipini zizkizueten, esaterako, ez zizueten baimenik eman 27. batailoiko militarrak elkarrizketatzeko eta bestelako frogak ere ukatu zizkizueten.

Fiskaltzaren “egia historikoaren” arabera, 43 ikasleen desagerpenaren erantzulea antolatutako talde kriminalak dira, Igualako alkatearen gidaritzapean. Ikasleak droga trafikatzaileekin nahastu zituztela esan zuten –ikasleetariko bi Los Rojos taldeko trafikatzaileak zirela eta guzti esatera iritsi ziren–, eta, Coculako zabortegira eraman ostean, gorpuak bertan sei orduz erre zituztela. Guk egindako ikerketa lanak tesi hori ezeztatzen du. Ikasleak narkotrafikatzaileekin ez zituztela nahastu esan genuen. Igualara iritsi baino bi ordu lehenagotik jarraitu zituztela frogatu genuen. Polizia Federalak, Estatuko Poliziak eta inteligentzia zerbitzuek jakin bazekiten ikasleak zirela. 1968ko urriaren 2an Tlatelolcon izandako sarraskia gogoratzeko urtero antolatu ohi den ekitaldira zihoazen autobusez. Oso agerikoa zen nortzuk ziren eta nora zihoazen; gezurra da narkoekin nahastu zituztenik. Fiskaltzak Igualako alkatearen emazteak, Maria de los Angeles Pinedak, egun horretan egin behar zuen ekitaldi politikoa zapuzteko asmoa zutela eta horregatik alkateak ikasleen kontra egiteko agindu zuela ere esan zuen. Gazteak Igualara ekitaldia bukatu eta ordubetera iritsi ziren; gainera, ez zekiten antolatuta zegoenik ere. Aditu gisa, Coculako zabortegian erre zituztela ere ukatu genuen. Tortura marka nabarmenak zituzten bost lagunek polizia etxean egindako adierazpenetan deskribatutako surik egon izana gezurtatu zuen gure azterlanak. Desagerpenak gertatu ziren egun horretan bosgarren autobus bat zegoela deskubritu genuen. Ordura arte, Fiskaltzak ikasleak lau autobusetan zihoazela zioen, baina bosgarren bat zegoen eta hor dago hain zuzen ere egia ezagutzeko gakoa. Iguala eta Chicago artean heroina trafiko handia dago eta bidaiarientzako diruditen autobusak erabili ohi dituzte talde kriminalek droga leku batetik bestera eramateko. Guerreron ekoizten dute Mexikoko heroina guztiaren %80, eta Iguala heroina garraiatzeko abiapuntu nagusia. 2014ko irailaren 26ko gauean, polizia operazio izugarria egiten zuten bederatzi gune desberdinetan. Polizia indar ezberdinek parte hartu zuten lauzpabost orduz luzatu zen operazioan, tartean, Coculako, Igualako eta Huitzucoko poliziak, Estatutako Polizia eta Polizia Federala. Beraien artean C-4 deritzan koordinazio sistema bat dute eta gau horretan informazioa elkartrukatu zutela antzeman genuen. Azken batean, Fiskaltzaren “egia historikoak” ez zuela funtsik frogatu genuen; beste alde batera begiratzen saiatu diren horiek, ikerketa egoki bat egin nahi izan ez duten horiek, arestian aipatu bezala, gure sinesgarritasuna zalantzan jartzen saiatu ziren.

Zuek bestelako ikerketa lerroak proposatu dituzue txostenetan. Zeintzuk?

Jakin gabe, heroinaz betetako autobus bat eraman zuten ikasleen kontrako eraso bat izan zen. Zonaldean hain errotuta dagoen droga negozioa babesteko erasoa. Gure ustez, egia jakin daitekeen kasu baten aurrean gaude. Ondorengo esaera erabili ohi dute abokatuek: «denbora pasa ahala, egia aldendu egiten da». Eta halaxe da. Gu desagerpenak gertatu eta bost hilabetera iritsi ginen. Hala ere, hogei ikerketa lerro proposatu genituen. Ez ziguten militarrei lekukotasuna hartzen utzi eta lehenengo manamenduan egin genituen informazio eskaerak erantzun gabe gelditu ziren; horrek, noski, egiaren bidetik urruntzen gaitu. Baina, esan bezala, hogei ikerketa lerro jarri ditugu mahai gainean; guk lanean jarraitu ahal izateko baldintza egokirik ez egoteak ez du esan nahi auzia itxi egin behar denik. Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak jarraipen batzorde bat eratu zuen. Mexikora bi bisita egin ditu eta gure gomendioek izandako jarraipenari buruzko txosten bat argitara emango du epe motzean. Ez da ikertzeko edo biktimei bilaketa lanetan laguntzeko batzordea; guk egin genituen gomendioen ebaluazioa egingo du.

Gu Mexikotik atera ginenetik ez da albiste gehiagorik egon eta hori ez da ona auziarentzat. Bortxazko desagerpena zauri iraunkor bat da senideentzat gorpua agertzen ez den bitartean. Larritasuna, mina eta frustrazioa ez dira sekula arintzen. Gobernu mexikarrari beti esan diogu Ayotzinapakoa aukera ona zela biolentzia, ustelkeria eta giza eskubideen urraketen arteko sorgin-gurpila askatzeko. Azkenik ez duen istorio hori lotzen duen itsasgarria zigorgabetasuna da. Mexikon egin behar dena zigorgabetasunarekin amaitzea da. Baina, noski, horretarako, Estatuak prest egon behar du eta gure ondorioak bere egin behar ditu; hots, agintarien arteko kolaborazioa egon zela onartu behar du; Ayotzinapakoa ez dela bahiketa kasu bat, baizik eta bortxazko desagerpenen aurrean gaudela; frogak estaltzeko saiakerak egon direla. Guk plazaratu genituen bi txostenetan datu ugari daude eta nolabait horiek dira esperantza, izan ere, egia ezin da ukatu. Ikusten ari gara mexikarrak oso nekatuta daudela botere politikoaren eta ustelkeriaren arteko harremanarekin, nagusi den zigorgabetasunarekin. Mexikok bestelako etorkizun bat behar du eta itxaropen-gabezia oso garesti ordaintzen da.

Estatistika ofizialen arabera, 30.000 desagertu daude Mexikon, baina nire ustez gehiago izan daitezke, askok ez baitute salaketarik jartzen. Egoerari aurre egin beharrean, denbora luzez fenomenoari larritasuna kendu nahi izan zaio; «beno, ez dira, hainbeste ere izango» bezalako esaldiekin. Tragedia erraldoia da. Desagertuen afera ez da bukatuko gobernu aldaketarekin, datorren gobernuak arazo berbera izango du.

Argentinan, Mexikon… seme-alabenganako maitasuna eta desagerpenek eragindako mina giza eskubideen aldeko borroka bihurtu dituzte. Mobilizazio kolektiboak bultzatu dituzte, eta horrek irakaspen handia izan behar du guztiontzat. Gure kezka nagusia beti senideak izan dira, haiek dira desagerpenaren ondorioak jasaten dituztenak.

«Estatuak gu nekatzea nahi du, baina semea eta ikaskideak bilatzen jarraituko dudala zin egin dut; senideak tinko gaude»

Aldo Gutierrezek ospitalean jarraitzen du, koman, 2014ko ekainaren 26an buruan tiro bat jaso zuenetik. «Medikuek egoera begetatiboan dagoela esan digute. Erizainen tratamendua funtsezkoa da. Keinu gutxi batzuk egiten ditu, besoak eta burua pixka bat mugitzen ditu eta aharrausi egiten du», azaldu dio Efe berri agentziari bere anaiak, Ulises Gutierrezek. Mexiko Hiriko ospitale batean dago. Hegoaldean dagoen Guerrero estatutik senideek zazpi orduko bidaia egin behar dute. Binaka egiten dute; sekula ez dute bakarrik uzten. Gehien gustatzen zitzaizkion abestiak jartzen dizkiote, terapia egiten laguntzen diote, erasoaren aurretik egiten zituen gauzak, nolakoa zen, familiaren ohiturak... azaltzen dizkiote, «kontzientzia pixka bat gehiago izan dezan». «Errekuperatu dadin besterik ez dugu nahi», dio.

Nahiz eta buruan tiro bat jaso, ordubetez lurrean etzanda utzi zuten ospitalera eraman arte. «Denbora asko galdu zuten. Odol asko galdu zuen eta ez zioten behar bezalako arretarik eman. Ospitalea ez zegoen horrelako egoera bati aurre egiteko prestatuta», salatu du anaiak.

Senideentzat oso gogorra izan zen, are gehiago, zenbait hedabideek Aldo hilik zegoela esaten hasi zirenean. «Gazte alaia zen, kirolzalea, futbolean jokatzea gustatzen zitzaion, baita ikastea ere. Nola da posible Gobernuak pertsona hobea izateko eskolara joaten zen gazte baten bizitza zapuztu izana eta deus ere gertatu izan ez balitz bezala jokatzea?».

«Hiru urte igaro dira dagoeneko. Egin ditugun eskaerek ez dute erantzunik jaso. Gobernuak oso oker jokatu zuen ikasleen kontra tiro eginez. Ikusi nola utzi zuten nire anaia. Egia eta justizia behar ditugu», nabarmendu du Ulises Gutierrezek.

Blanca Luz Navak, beste senide batek, oraindik ezin du sinetsi semea kartel bateko argazki bihurtu izana. «Sekula ez nuen pentsatuko hainbeste denbora igaroko zenik deus ere jakin gabe, ezta semearen irudia ‘Non daude’ esaten duen kartel batean ikusiko nuenik. Hiru urteotan oinazea, atsekabea, etsipena eta estutasuna besterik ez ditugu izan», aitortu du Jorge Alvarezen amak. Semea iraileko gau horretan desagertu zen, Igualan. «Berarengan pentsatzen oheratu eta esnatzen naiz egunero. Momenturo pentsatzen ari naiz non egongo ote den, bizirik ala hilik dagoen... Ezjakintasun horrek apurka-apurka hiltzen gaitu», azaldu du. Hasieran, lehen orduetako zurrunbiloan, Igualan atxilotuta egongo zirela esan zioten semearen ikaskideek. Ezer argirik ez zegoen eta zurrumurru ugari zeuden. Orduak eta egunak igaro ahala, “Non daude” galderak indarra hartu zuen. Geroztik, Ayotzinapako 43 ikasleen gurasoek semeen argazkiei gogor eusten diete. Egia jakitea da beraien aldarria.

«Estatuak gu neka gaitezen nahi du. Gu etxera joatea eta kito. Baina, ama izanik, zin egin dut semea eta bere ikaskideak bilatzen jarraituko dudala. Hainbeste gezurrekin nazkatuta gaude, baina, tinko gaude», dio, irmo.

Omar Garcia bizirik atera zen. Lagunen laguntza dei bat jaso eta Igualara joan zen. Bertan agerraldi bat egiten ari zirenean, beste eraso bat gertatu zen. «Teilatutik militarrak etortzen ikusi nituen. Tamalez, ez genuen ez argazkirik, ez bideorik egin. Hori egin izan bagenu, froga bat izango genuke gure esku eta gure hitza kontuan hartuko lukete», plazaratu du. Elkartasun sareak sakontzearen aldekoa da, «auzia ahanzturan eror ez dadin».

Maria de Jesus Tlatempak, Jose Eduardo Bartoloren amak, gogor salatu du agintari mexikarren ikerketek ez dutela emaitzarik eman. «Hasiera-hasieratik gezurrak besterik ez ditu esan Gobernuak». Aditu Independenteen Diziplina Arteko Taldeak proposatu zituen ikerketa lerroak garatzea exijitu du, tartean, Iguala eta Chicago artean droga garraiatzen duten autobusak, mugikorren bitarteko komunikazioak eta militarren inplikazioa ikertzea.