Saioa Aginako
Psikoterapeuta

Itsumustuan

Akaso aginduak jasotzen ohituegiak gaude? Hasieran, gurasoek etxean, geroago irakasleek eskolan, ondoren ugazabek lanean eta azkenik politikoek gizartean. Kanpotik norbaitek baimena ematen digun arte ez dugu gure erabakiz aurrea hartzen.

“Desobedientzia zibila” terminoa H.D. Thoreau filosofoak zabaldu zuen izenburu bereko idazlan batean XIX. mendearen erdialdean, eta, geroztik, asko izan dira guztiok ezagutzen ditugun auzi ezberdinengatik inposatutako arauei men egin ez dietenak, horien artean, besteak beste: Mahatma Gandhi, mugimendu sufragista eta Nelson Mandela. Eta, guk, zer egiten dugu besteek gure bizimoduan agintzeaz nazkatuta gaudenean?

Galdera horretarako erantzun modura –kalera protestara eta aldarrikatzera ateratzeaz gain– bakoitzak bere bizitza emozionalaren agintea hartzea ezinbestekoa dela esango nuke. Hori lortzeko inguru sozialak gugan jarri dituen itxaropenak alde batera utzi beharko genituzke, eta, era horretan, itxaropenok sorrarazten diguten presioa aurreikusten ikasi ahal izango genuke. Presioak nola eragiten digun ezagututa, emozioak alde batera uzteko ahalmena bereganatuko genuke eta, horrela, erabakiak inguruaren esku utzi beharrean, errazagoa izango litzaiguke erabakiak kontrolpean izatea. Bide batez, benetan zer behar dugun galdetuko genioke gure buruari.

Inguruak –talde bezala ulertuta– eta gizarteak gure erabakietan eragiteko duten eragina kontuan izanda, nor bere kabuz pentsatzeko heztea ez da erraza. Ahalegin eta ardura handia eskatzeaz gain, gutako askori haurtzaroan erakutsi ez diguten zerbait delako. Hala eta guztiz ere, gauzatu daitekeen erronka da.

Gaur egun oraindik ere zabaldua dagoen zigor-sari ereduak obeditzen erakusten digu. Horrela, agintariak diren helduak egoera eta faktoreak kontrolpean izatearen sentsazioa lortzen dute eta haurrek, berriz, otzan izaten ikasten dute. Hori egin beharrean, zergatik ez ditugu haurrak beraien ondorio eta hausnarketak sortzera bultzatzen? Zergatik erabiltzen ditugu larderia eta ezarpena gure haurrekin?

 

Nork bere kasa pentsatu dezan bultzatuz hezi nahi badugu, eta ez obeditzen bakarrik, zenbait estrategia izan behar ditugu kontuan; egunetik egunera haurrari bere burua definitzen eta mundua ulertzen lagunduko dioten estrategiak. Lehenik eta behin maitasunezko jarreratik abiatu beharko gara, horrela, ikaskuntza prozesuan beharrezkoa izango duen esker ona eskaini ahal izateaz aparte, bere berezko bidea egiteko aukera emango diogu. Erabilitako hizkuntza argia eta erraza izango da, berarentzat ulergarria izan dadin. Aldi berean, berak emandako arrazoibide eta erabaki txikien aurrean ezinbestekoa izango da horiek arretaz entzun eta izan ditzaketen ondorioak azaltzea. Guk, helduok, aldez aurretik baloratutako zenbait kasutan, haurrari berak hartutako erabaki txiki horien ondorioak esperimentatzen utziko diogu; modu horretan, berezko konklusioak atera eta aldi berean berezko ikaskuntzak lortu ditzan. Azkenik, garrantzitsua da hitzarmenetara iristea, haurrak ere, komunikazio, ulermen eta negoziazioen parte izatea, erakutsi nahi dizkiogun balioak eta elkarbizitza arauak ulermenetik garatu ditzan eta ez errepikapenaren ondorioz.

Mahatma Ghandik zioenez, lege bat bidegabea denean, bidezkoa dena desobeditzea da. •

saioaaginako@gmail.com