Ane URKIRI ANSOLA
infraganti

MURIEL RUIZ DE LARRAMENDI

Ez dago utopiarik bere pentsamenduan; hau da, ez dago ezinezkorik. 18 urte bete aurretik Espainiako Txapelketan gailendu zen, senior kategorian zein 20 urtez azpiko junior kategorian. Edonola ere, Euskal Herriko eskalatzaile onenen artean kokatua izatearen kontua ez zaio gustatzen. Bere asmorik tinkoena bizitza guztia eskalatzen igarotzea da.

E rrusiatik iritsi berri, jada Lleidan lur hartuta, Muriel Ruiz de Larramendik (Uharte, 1999), azken zortzi urteotan paretak igotzen igarotako esperientzia eta lorpenei buruzko solasaldian murgildu gintuen. 18 urte bete zituen uztailean eta ordurako –maiatzean zehazki– Espainiako txapeldun titulua lortuta zuen, 17 urterekin alajaina. Gazte edo junior mailan lehiatzea egokitzen zitzaion berez, baina «handiekin» parez pare aritzea normaltzat du berak: «Askok egiten dute». Egin bai, baina irabazi? «Asko borrokatu behar da, ez da txorakeria», erantzun du irribarrez. Junior kategorian ere berak irabazi zuen titulua.

Ahizparengatik murgildu zen eskaladaren munduan, 10 urte zituela. Atletismoan zebilen orduan, eta bi urte gazteagoa den ahizpak nola eskalatzen zuen begiratzen zuen. «Bera entrenatzen aritzen zenean begira egoten nintzenez, izena ematea pentsatu nuen». Eta bai estuki lotu ere eskaladara! Ordutik paretak igotzen pasatzen ditu egunak eta behin baino gehiagotan adierazi du beragatik balitz bizitza guztia eskalatzen pasatuko lukeela. «Eskalatu gabe nagoenean ez naiz ni sentitzen, behar dut hormak igotzea, esango nuke beste edozer baino gehiago!», aitortu du. Oinak gainazal lauetan eroso sentitu beharrean, gizartearen gehiengoak legez, Ruiz de Larramendik nahiago ditu eskalada murruetako horma irregularrak edo arrokak: «Nire konfort eremua da. Gustura sentitzen naiz eskalatzen nagoenean, nire arazoak edo eguneroko gauzak ahaztea ahalbidetzen dit».

Aurten, unibertsitate ikasketak tarteko, Lleidara mugitu da. Albaitaritza ikasten hasi da eta onartu du oraingoz ez dela ez ikasketetan ez eskaladan zentratu, orain gutxi, irailaren 30ean eta urriaren 1ean, Errusian jokatutako Europako Txapelketan egon bada ere. «Oraindik ez dakit nola moldatuko naizen ikasketak eta kirola tartekatzeko, egia esan». Katalunia uneotan «gori-gorian» egoteak ere ez omen du laguntzen. Baina badu Lleida aukeratu izanaren arrazoi serio bat: «Albaitaritzako gradua Zaragozan ere bazegoen, baina, eskalatzeko, nahiz eta etxetik urrunago egon, Lleidak aukera gehiago zituela ohartu nintzen». Gainera, Lleidan bazuen txapelketen bitartez ezagututako kide bat eta jada probatu ditu, aurreneko aldiz, bertako arrokak...

Europako hamahirugarren

«Aurtengo kurtsorako nire itxaropena da biak tartekatu ahal izatea. Zaila da nahi duzuna ikasi eta eskaladan aritzea, eta oraindik serio entrenatzen hasi ez arren, bietan %100ean aritu nahi dut». Ez da xede makala, baina itxaropentsu agertu da; energiaz beteta dago bizitzak jarritako erronka berria gainditzeko. Oraindik etorkizun hurbila antolatzeke du, izan ere, iaz Javi Berasaluze izan zuen entrenatzaile, «baina aurten ez dakit norekin entrenatuko dudan, oraindik kolokan dago hori».

Europarren artean lehiatzetik dator Ruiz de Larramendi –euskal emakume ordezkari bakarra-, eta ez da kontent itzuli. Europako gazteen txapelketan finalaurrekoetara sailkatu zen. «Tira, joandako denok sailkatu ginen, berez 26 eskalatzaile sailkatzen dira, baina, zifra hori baino lehiakide gutxiago geundenez, denok izan ginen finalaurrekoetan», zehaztu du. Dena den, uhartearra bederatzigarren postuan igaro zen. Finalerako txartela, ordea, ez zuen lortu. Hamahirugarren bukatu zuen azken fasea eta txapelduna aurreneko zortzien artean erabaki zen: «Beraz, ez nuen helburua bete-betean lortu». Beti hobetu daitekeelakoan dago.

Eskalatzaile gisa hazten jarraitzea du jomuga eta ez du espero inoiz sabaia jotzera ailegatzea. Berarentzat ez da utopiarik, dena da posible. Baieztatu du Europan dagoen maila askoz altuagoa dela espainiar Estatukoarekin alderatuta, baina posible ikusten du onenen artean lehiatzea. Hori bai, ez du entzun nahi etorkizun oparoena aurreikusten zaion Euskal Herriko emakume eskalatzailea izatearen kontua; hots, onenen artean dagoela esatea. «Niretzat ez da horrela, nik ez nuke hori esango, eta ez dut bestelako presiorik sumatzen», ohartarazi du. Hankak lurrean dituela erakutsi du, aski zaila 18 urte bete berritan.

«Erronkak gustuko ditut, soilik modu horretan ikus dezakezu noraino irits zaitezkeen», nabarmendu du. Alabaina, ez du konplexurik esateko orain arte kostatu egin zaiola maila altuetako arrokak igotzera ausartzea. Hala, entseatutako eskaladan eta bistaz gradu antzekoa dauka, batean 8b+ eta bestean 8a, hurrenez hurren. «Jada entseatuan maila igo dut, baina arrokara asko joaten ez nintzen ondorio da bi graduak antzekoak izatea», argitu du. Hori horrela, indarrez da etorkizun hurbilean arroketara gehiago joateko, «8c zailtasuneko bateren bat igotzera, agian». «Bi modalitateak gustatzen zaizkit. Agian inprobisatzea gehiago, unean eskalatu eta ez duzulako berriro egin behar. Entseatuan, aldiz, kateatzea lortu arte saiatu behar zara, denbora gehiago eskatzen dizu. Baina saioak behin eta berriz egitea ere gustuko dut, zure gorengo maila horrela lor baitezakezu».

Bizitza osorako begirada

Berarengatik izango balitz, bizitza guztia eskalatzen igarotzeko prest dago, «hori lortzen saiatuko naiz, behintzat». «Ez da erraza, baina norberak zer edo zer benetan nahi badu, nire aburuz, lortuko du. Nik uste dut bizitza osoa pasako dudala hormak igotzen. Beno, ez dakit bizitza osoa –barrezka-, baina nahi izanez gero lortuko dut».

Grina hauspotzeko garaipen edo lorpenek zerikusirik izan ez dutela zin egiten du. Eskalada gustatzea eta praktikatzen disfrutatzea dira berarentzat funtsezko ezaugarriak, «maila, azken finean, bigarren planoko zerbait da. Ezagutzen ditut goreneko maila izan gabe ere eskaladaren fanatikoak direnak ere». Baina bere nahia –«zergatik ez?»– eskaladatik bizi ahal izatea da, afizioa ogibide bihurtzea, alegia.

Itxaropenak gidaturik etorkizun oparoa aurreikusten zaio Uharteko eskalatzaile gazteari. Ez dago ezinezkorik bere hiztegian, eta hori transmititzeko agertzen duen naturaltasunak harridura pizten du. Lurretik zerura igotzeko desioa azaleratzen du begiradan eta zirraraz bukatzen du saio bakoitza, horma guztiz igotze hutsa garaipena izanik.

Eskalatzearen grina bidaiatzearen zaletasunarekin tartekatzen du. «Eskalatu ezean ezingo nuke bidaiatu dudan bezainbeste bidaiatu», aitortu du hagitz kontent. Abuztuaren bukaeran Arcon (Italia) izan zen, irailaren hasieran Innsbrucken (Austria) eta orain bi aste Permen (Errusia). Batean edo bestean, filosofia berberarekin egin ditu igoerak, eta egingo ditu aurrerantzean. Oinak lurrean eduki ez arren, betiere zuhurtziaz jokatuz. •