Antton Izagirre

Suhiltzaileak

Sua, miraria eta misterioa, behin piztuz gero, kontrola ezina, berezko bizitza duena. Hala irudikatzen dut. Beldurra diot suari.

Mirespenez kantatzen dio Maialen Lujanbio bertsolariak suari: «Hura asmakizuna/ homo habilis-ena!/ Bazun intentzioa/ bazuen sena!/ Bi harrik elkar jota/ txispa bat aurrena/asmakizun haundina....». «Sua da problema» dio ondoren, baina suaren aldeko hautua eginez amaitzen du: «eta begiradek sortzen dutena».

Poliziek, bestelako sua piztu dute herritarren begietan, samina eta gorrotoaren sua, amata ezina.

Irudi ahaztezina jarri dute babestera agertu diren suhiltzaileek eta bi begiradek sortzen duten suaz eskertu diete herritarrek haien ausardia, muxuz eta txaloz.

Egutegietako argazkietan gorputz gihartsu eta apaingarriak izateari utzi eta kalera jausi egin dute hezur eta haragizko suhiltzailek eta norekin dauden eta zertarako erakutsi digute. Suaren erdian, ez dira albora jarri. Beste irudi bat eman du zenbait politikarik. Estatu espainiarra sua gasolinaz amatatu nahian dabilela aitortu, suhiltzaile izateko bere burua eskaini eta argazki izatera mugatu.

Une sutsu hauetan, hitz hutsen atzean ezkutatzen ez diren suhiltzaileak, kalean tokia hartzeko hautua egin dutenak bihurtu dira askatasunaren ikur, eta haientzat, Hernaniko bertsolariaren ahotan, «bi begiradek sortzen dutena». •