Xabier Izaga Gonzalez
UMOREA ETA POLITIKA

Uxoa Anduaga eta Laura Mintegi, umorearen eraikuntzaz eta mugez

«Jakin» aldizkariak, ETBko umore saio baten inguruan sortutako «iskanbilak» bultzatuta, «Umorea politikoa da» izenburuko alea argitaratu zuen. Besteak beste, Laura Mintegi eta Uxoa Anduagak egin zuten beren ekarpena. Joan den astean, Gasteizen, umorearen eta politikaren arteko loturaz jardun zuten biek mahai inguru batean.

Umorea politikoa da. Ez da galdera, baieztapena baizik, eta “Jakin” aldizkariaren 220. zenbakiaren izenburua, horixe baitu «abiapuntu eta ondorio», zenbait artikulu eskainiz, Iñigo Aranbarri idazlearena, Uxoa Anduaga soziologoarena, Laura Mintegi idazle eta EHUko irakaslearena, Unai Iturriaga bertsolari, gidoigile eta irudigilearena eta Mario Zubiaga eta Edorta Arana EHUko irakasle eta EMAN ikerketa taldeko kideena, hain zuzen.

Izenburu bereko mahai ingurua izan zen joan den astean Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Uxoa Anduagak eta Laura Mintegik, Iñigo Astiz kazetariak gidatuta, umorearen eraikuntzaz eta mugez hitz egin zuten. Ordubete pasatxoko solasak, gauza interesgarri ugari entzuteko aukera eman zuen eta GAUR8k haietako batzuk jaso ditu. Lorea Agirre “Jakin”-eko zuzendariak mahai ingurua hasi baino lehenago gai hori aukeratu izanaren zergatia azaldu zuen, udaberrian ETB1eko “Euskalduna naiz, eta zu?” saioaren inguruan izan zen polemika; hain zuzen, saio «iskanbila iturri» bihurtu izana.

Mintegik, PEN Klubeko kide ere badenak, adierazpen askatasunaren aldeko aktibista gisa heldu zion solasari. Iñigo Astizek galdetuta, esan zuen ezin duela zehaztu noiz konturatu zen umorearen eta politikaren arteko loturaz; hala ere, frankismo garaian, unibertsitatean, ba omen zekien umorea presio frankista saihesteko tresna zela, eta umorearen bidez posible zela bestela esaterik ez zegoena esatea. Esan zuenez, diktaduran bizi izan diren herriak adierazpen askatasunaren aurkako presioa astintzen saiatu dira, esan ezin dena kodetuz, gauza bat esanez jendeak beste bat ulertuko duela jakinda. UxoaAnduagari irakurritakoa aipatu zuen ondoren, umoreak taldea eratzen duela, hain zuzen. Zeri barre egiten zaion, jendeak taldea egiten omen du. Eta ondoren, gizarte kohesionatuetan, demokratikoetan, norberaren jokaeraz barre egin ahal dela esan zuen, «norberaren buruaz ere trufa egitea autokritikarako bide bat da». Aldiz, «zenbat eta gizarte polarizatuagoetan, orduan eta irentsiezinagoa da nork bere buruaz barre egitea». Botereak, politikoak zein erlijiosoak, bitartean, ez omen du inoiz bere buruaz barre egiten.

Anduagak denbora luzea eman du umorearen barne mekanismoak aztertzen, horixe baita iaz aurkeztu zuen doktore tesiaren gaia. Haren ustez, orain umore asko egiten da eta horretarako baliabide gehiago daude: Internet, telebista… Umore anitzagoa egiten dela dio. «Umorea ez da zuria, ez dago ezer esaten ez duen umorerik, umoreak beti esaten du zerbait, agian ez modu esplizituan baina bai zeharka. Beti ematen du iritzi bat, beti hartzen du posizio bat». Eta uste du hori beharbada biderkatu egin dela orain, eta horrek boterean dagoenak, statu quo-ak, pentsatzen ez dituenaz bestelako diskurtsoak dakartzala. Haren ustez, Mahomaren irudiaren bueltan hasi zen bereziki umorearen marra gorrien inguruko eztabaida, adierazpen askatasuna zein puntutaraino utzi behar den…

Umoreak eragindako haustura

Astizek gogorarazi zuen Laura Mintegik “Jakin”-en idatzi zuen artikuluko pasadizo esanguratsu bat, Mahomaren karikaturen harira PEN Klubak egin zuen bilkura monografikoan gertatu zen «zisma moduko» haren gainekoa, hain zuzen. Nola bizi izan zuen hura galdetu zion idazleari. Hark azaldu zuenez, Mahomaren irudikapenak egitea debekatuta dago, modu positiboan eginda ere, idolatriatzat jota. “Jyllnads-Posten” aldizkariak fenomeno horren gaineko artikulu bat argitaratu zuen, eta Mahomaren irudia erabiltzea erabaki zuen, artikulua ilustratzeko. Erreakzioa ikaragarria izan zen, herrialde arabiarretan Mendebaldeko enbaxaden aurka izan ziren erasoen ondorioz ehun hildako izan baitziren, lehenik Danimarkako Gobernuak eta gero beste batzuek erabaki zutelako aldizkari hura eta adierazpen askatasuna babestea, ezer sakraturik ez dagoela esanez. Bineta haiek argitaratu eta hurrengo urtean bilera monografiko bat egin zuen PEN Klubak, non eta Istanbulen. Bilera hartan ez zuten adostasunik lortu eta bi manifestu atera zituzten. Ekialdekoek, batez ere herri musulmanetakoek, badagoela muga bat zioten, sinesmena dela muga, eta, gainera, mugatu egin beharra dagoela hedabideen «erabilpen maltzur eta gezurtia». Mendebaldekoen iritziz, ez dago ezer sakraturik, adierazpen askatasunak ez du mugarik. Edozer, edonoiz, edonon esan daiteke, eta Mintegik bere egiten du jarrera hori, baina «oso arduratuta». Momentu haietan Mendebaldean oso neurri gogorrak ezartzen ari ziren New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoa zela eta. AEBetan hasi eta ondoren Mendebalde osora hedatu ziren lege haiek adierazpen askatasuna mugatzen zuten, besteak beste kazetarien kontrol hertsia jasotzen baitzuten.

Mendebaldeko kontraesan horri heldu zion Anduagak ere. Estatu espainolean ere ba omen daude oso sakratuak diren hainbat kontu, baita Euskal Herrian ere; «nire ustez zoritxarrez», badaude oraindik sakratuak diren hainbat esparru. Bere tesirako, hainbat joera ideologikoko pertsonak elkarrizketatu zituen. Umorea zeren gainean egin daitekeen galdetuta, elkarrizketatu batek inporta ez duten gauzen gainean egin daitekeela zioen, adibidez, euskararen gainean, baina inola ere ez benetan inporta duten gauzen gainean, esate baterako, ETAren biktimen gainean. Beste aldean, horrelako mugarik ez izatea nahi luketen batzuk topatu zituen, baina aitortzen zuten ez direla iristen, esate baterako, euskal presoen inguruan umorea egin ahal izatera. Eta faltan botatzen dute. Bi umore joera desberdin, umorea erabiltzeko eta bizitzeko modu desberdinak: bata, zilegitasunaren kontuarekin lotua dagoena, esparru publikoan egin daitekeena, eta, bestea, esparru intimoago edo klandestinoagoetara mugatua dagoena. «Badago politikoki zuzena edo sakratua den horren kontzientzia bat, nahiz eta guk pentsatu ez dugula horretan sinisten; ziurrenik, hor ditugu langa batzuk».

Euskaldunen gaineko umorea

Teorian ez dago ezer sakraturik, baina praktikan botere mekanismo batzuk daude, besteak beste Anduagak bere artikuluan aipatzen duen euskaldunen inguruko umorea. Umorea bitarteko politiko gisa erabiltzen baita, eta argi ikusi omen zuen Anduagak, kasu honetan umiliatzeko asmoz, bazterkeria sortzeko, identitate euskaldun nazionalista batekiko, identitate batekiko lotsa eragiteko.

Euskaldunen gaineko horrelako umorea, txisteak-eta, bereziki XIX. mendean sortu zen, «euskal nazionalismoa sortu zenean. Espainiatik euskaldunen kontrako txiste olatua etorri zen, estereotipoak: mozkortiak, jatunak, baserritarrak, gazteleraz gaizki egiten dutenak, eta abar. Estereotipo haiek indartu egin ziren, batez ere frankismoan. Frankismoan, urteetan zehar, batez ere euskara eta euskal hiztunak kolpatzen dituen horrek bilakaera bat izan zuen». Haren ustez, “Vaya Semanita” saioak bere egin zuen umore hori. XIX. mendean eta frankismoan, euskaldun identitatea zuenak oro har ez omen zuen umore hura kontsumitzen, eta orain euskaldun askok eta askok kontsumitzen dute. «Beharbada kolonizazio kultural baten ondorioz, mendeetan egiten dena, gure buruaren irudi bat barneratu dugu, baserritar estereotipo horrekin zerikusia duena», eta ETBn ikusi diren iragarki batzuek horren adierazgarri direla gaineratu zuen.

Mintegik Mendebaldeko kontraesanei heldu zien berriro. Ez omen dago mugarik, baina, esate baterako, Austrian eta beste zenbait herrialdetan debekatuta eta zigortuta dago negazionista izatea, norbaitek esaten badu ez dela genozidiorik existitu, gezurra dela sei milioi judu hil zituztela, epaitu egiten dute eta kartzela zigorra jasoko du. Eta herrialde horiek berek, esaten dute Mahomarekin posible dela barre egitea.

Estatu espainiarrean birao delitua dagoela eta Xabier Silveira bertsolariari Gipuzkoako epaitegi batek «me cago en la virgen» idazteagatik ezarri zion zigorra gogora ekarri zuen. Sinismenaren gaineko trufa ez dela delitua esan eta etxean bestela jokatzen dute, muga jartzen da. Irain delitua ere badago. Irainduak iraintzailea sala dezake, eta azken horrek errugabea dela frogatu behar du. Gogorarazi zuen nola 1996an Enrique Rodriguez Galindo iraindua sentitu zen Txalaparta argitaletxearen bi libururengatik eta nola bost milioi pezetako isuna ezarri zioten argitaletxeari; edo Soziedad Alkoholika eta Negu Gorriak musika taldeek eta Asier Serranok beren letrengatik jasandako jazarpena. Gainera, Galindo letra horiek salatutako kasuetan biktimarioa izanda eta ez biktima.

Umore apostata

Astizek esan zuen “Jakin” aldizkariaren azken aleko artikuluak irakurri ahala etsipen puntu bat nagusitu zitzaiola. Umorea boterearen tresna izanda, esperantzarik zabaltzerik ote dagoen jakin nahi izan zuen, umorea kontrabotererako tresna ere izan daitekeen galdetuta.

Anduagaren ustez, umorea tresna politikoa dela ulertzen badugu, teorian beste aldeak ere erabil dezake. Sistemak bere ikuspegia ezartzen saiatuko da statu quo-a iraunarazteko, haren diskurtso guztiak txikia dena txiki uzteko eta bere handitasunean segitzeko izango dira, baina txikiak ere erabil dezake kontrabotere gisa, eta boterearen kontrako umore horri “apostata” deitu zion, hitz horren jatorrizko zentzuan; botereak sortzen duen errealitateari uko egiten diona, alegia. Haren ustez, aukera ematen du iraularazteko, baina baita errealitate berriak sortzeko ere, ikuspegi diskurtsibo berriak zabaltzeko, eta horretara animatu zuen. Badagoela esperantza puntu hori uste du; ez zegoen zerbait sortzeko aukera ematen duela eta irabazi beharreko esparrua dela. Presoen gaineko umorera bueltatuta, elkarrizketatutako lagun batzuek esan omen zioten: «guk ez badugu aurrea hartzen, beste norbait hasiko da». Elkarrizketetan ikusi zuenez, umore apostata hori erabili nahi zutenek argi omen zeukaten, eta umore hori modu erdi klandestinoan egiten dutenean, bestelako nazio bat, bestelako subjektu bat eta halako mikroklima bat sortzen dela dio, «une batez bada ere», nazio identitatea sortzen da, euskalduntasuna ulertu eta bizitzeko modu berri bat. «Ez gara ari bakarrik diskurtso batez, baizik eta praktika batez, eta identitate bat sortzeko modu batez». Umorea herri bat sortzeko bitarteko politiko oso ahaltsua omen da, jendeak filtrorik gabe barneratzen duen diskurtsoa, eta, gainera, barrea eragiten badu, berehalako difusioa duena.

Bat etorri zen Mintegi, baina horretarako ezinbesteko baldintza bat behar dela esan zuen; umoregileak autozentsurarik ez egitea, alegia. «Badago zentsura bat, erregimen gogorren pekoa, gogorra dena, Estatuko funtzionarioen bidez aplikatua, baina batzuetan badago beste zentsura bat, esate baterako ekonomikoa, hedabideak itotzeko helburua duena. Eta bestetik badago zentsura ezkutuago bat, sakonagoa: nork bere buruari ezartzen diona. Horrek pobretu egiten du bai sortzailearen produkzioa bai komunitate osoa». Autozentsurak hiru fase dituela esan zuen: gaiaren aukeraketa, gai horretaz zer esan erabakitzea eta norberaren lana berriz irakurtzea, zentsuraren begietatik. Haren ustez, autozentsura egitea boterearen lana egitea da.