Idoia ERASO
Entrevue
Iban Perret
Euskal laute jotzailea

«Ohitu naiz mundu guztiko jendearekin egunero komunikatzera, bai lanean, baita musikaren bitartez ere»

Bahrainen bizi den lapurtarra, ingeniari gisa joan zen lanera Persiar golkora, eta, bertan, bere pasioa deskubritu zuen: lautea. Musicians Without Borders talde multikulturalarekin etorri da Baionara.

Euskal Herrian izan da berriki Iban Perret, urtean gutxitan egiten duen egonaldietako batean. Baina azken bidaia hau berezia izan da Baionako Haizebegi festibala irekitzera etorri baita Bahrainen osatu duen musika taldearekin: Musicians Without Borders. Izenak ondo dioen bezala, taldea kultur mugak desagerrarazi nahi dituzten musikariek osatzen dute. Ibantuta izen artistikoa hartu duen euskaldunarekin batera, irakiar batek, argentinar batek, siriar-bahraindar batek eta egiptoar batek osatzen dute boskotea, eta jotzen dituzten doinuak kideak bezain anitzak dira. Bahrainen elkartutako taldea izanik, estilo nagusia arabiarra da, baina horrekin batera euskal dantzekin edo tango argentinarrarekin lotutako doinuak ere atzeman daitezke.

Bost urte dira Perret Bahrainera joan zela lanera. Gitarra eta pianoa jotzen zituen jadanik bertara heltzean, baina bertan pasioa sorrarazi dion instrumentua aurkitu zuen: lautea. Gitarraren aitzindaria den instrumentuak beste mundu batzuk ireki dizkio: «Musika arte forma oso ederra da, jendearekin partekatzen ahal duzulako, eta mundu guztia hunkitzen ahal duzu, hizkuntza unibertsala baita». Aldi berean, bertako gizartean integratzeko tresna ere izan da.

Ibantutaren bizian ibilbide profesional “tradizionala” eta musikala elkartu dira: «Ingeniaritza ikasketak egin nituen. Titulua lortu eta atzerrira joan nintzen. Persiar golkora heldu eta lehen astean kontserbatoriora joan nintzen lautea jotzen ikasteko, zerotik hasita. Ez nuen batere ezagutzen, arabiar musikaren sinbolo bat zela besterik ez nekien, eta bost urte pasa ditut ikasten».

Bere bizitza aldatu duen bidaia egitea deliberatu zuelarik, 23 urte eta urtebeteko kontratua. «Ez nuen inongo loturarik hango jendearekin edo kulturarekin, Bahrainera joan baino lehen ez nuen arabiarra inoiz entzuna eta ingelesa kasik ez nuen mintzatzen, baina ausartu nintzen. Hegazkinean nire buruari galdetzen nion ea zer demontre egiten ari nintzen».

Ordutik lan kontratu berritu egin diote, eta «integrazioa aski ongi pasatu da musikaren bitartez». Deserriari aurre egiteko baliabide ere izan du: «Momentu zailetan lagundu egin nau. Gorabeherak badira, eta une apaletan zerbaiti lotzen zara, nire kasuan, lautea ikastea. Musikan, denboraren %2 da jendearekin partekatzen duzuna, eta, beste %98a, praktika da, bakarrik jotzea. Ariketotan kontzentratzean arazo guztiak desagertzen dira, horretan zentratzen zara».

Lautearen eta arabiar musikaren mundu handira sartzeko «ate txiki bat» ireki duela sentitzen du artistak: «Dakidan gutxi hori partekatu nahi dut, oso gutxi dakigulako Euskal Herrian eta Europan oro har Ekialdeko musikei buruz».

Lautearen ikasketan izan duen irakaslearen lana nabarmentzen du Ibantutak, Bagdadeko Saad Mahmood Jawad, ezagutza handiko gizona, arabiar munduan Paco de Lucia gitarra jotzailearen pareko figura: «50 urte ditu eta bizitza osoa darama ikasten, baina beti bada zer ikasi. Berarengan maite dudana horixe da, irakasten dizula umila izaten. Pentsa, berak ere oso gutxi dakiela dio!».

«Irakeko eskolatik dator, eta berarekin ukan dut formakuntza aski akademikoa» azaldu du. XX. mendera arte transmisioa ahozkoa zen soilik, eta orduan eskola horretan idazketa integratu zuten irakaskuntzan: «Mendebaldeko notak hasi dira baliatzen, eta partiturak erabiltzen ditugu, nahiz eta ahozko transmisioa oraindik nagusi den».

Zentzu horretan inprobisazioak duen garrantzia nabarmentzen du musikari lapurtarrak: «Mendebaldearekin konparatuta ezberdintasuna sakona da. Hamar urtez pianoa ikasi ondoren ez nintzen gai inprobisatzeko. Lautearekin inprobisatzeko teknikak badira, garrantzitsuena eskalak dira, maqam-ak. Eskala horiek Ekialdeko basamortuetara eramaten gaituzte, oso ezberdinak dira».

Bahrain

Deserriko momentu zailei aurre egiteko beste era bat bertan aurkitu duen mundu osoko jendea da. «Bahrain aski berezia da, badu dibertsitate kultural ederra. Populazioaren erdia arabiarra da: bertakoa, Yemengoa, Saudi Arabiakoa... Indiako komunitate erraldoi bat bada, baita Asia ekialdetik joandakoak ere: Filipinak, Thailandia, Bangladesh... Azkenik, Mendebaldeko jendea gaude: estatubatuarrak, frantsesak, ingelesak... Bahrain bertako jendea %40 inguru izango da. Lapurdiren hedadura duen toki batean miloi bat eta erdi pertsona bizi dira».

Historikoki oso herri irekia izan da. «Oso txikia da, ezin da bakarrik bizi. Bai kokapen geografikoagatik bai truke ekonomikoengatik historian zehar bertako jendea oso ohitua egon da atzerritarrak hartzen». XX. mendean immigrazio masiboa izan zen, «horregatik bada dibertsitate aski aberatsa. Egun jendea elkarrekin bizi da; ez dituzu ghettoak ikusiko, nik pertsonalki baditut mundu guztiko lagunak. Niretzat aberastasuna da, eta horregatik egon naiz hain luzaz, ohitu naiz mundu guztiko jendearekin egunero komunikatzera, bai lanean, baita musikaren bitartez ere».

Aniztasun horretatik sortu da Musicians Without Borders. Taldeko laute jolea Saad Mahmood Jawad bera da: «Nire irakaslearekin proiektua duela bi urte abiatu nuen; nik gitarrarekin laguntzen diot. Argentinako baxu jotzailea dugu, Egiptoko kideak Ekialdeko perkusioak jotzen ditu eta kantaria Bahrain bertakoa da, hori bai, siriar jatorrikoa».

Jawadek aspalditik zuen buruan munduko musiken talde bat sortzea Bahreinen kultura ezberdinetako musikariekin. «Ideia da bakoitzak ekartzea bere aberastasuna eta bere herriko kultura. Euskal musika egin dugu, esaterako, lautearekin moldatuta. Argentinako tango bat dugu, Irakeko kantu bat, Egiptoko beste bat kantu, flamenkoa... Saiatzen gara munduko musika estiloak esploratzen». Taldearen berezitasuna «kide aldakorrak» dauzkala da. «Kantaria aldatu egin da, ni agian heldu den urtean Bahreinetik joanen naiz... baina pozik naiz proiektuak hor segituko duelako. Mezua garrantzitsuagoa da musikariak baino».

Mezuari buruz, Ibantutak honakoa azaldu zuen: «Jendeen arteko mugak guk sortzen ditugu, jendarteak sortzen ditu. Muga horiek bizi ditugu eta atzerritarrak ikusten ditugu. Gure mezua da arazo horiek guztiak ahaztea denbora batez eta arreta jartzea artean, musikan, arnasa hartu eta partekatzea. Dibertsitatea goraipatzea musikaren bitartez, hori da artearen azkartasuna; ezagutzen nuen musikaren edertasuna, baina ez nekien ze azkarra izaten ahal den».

Transmisioa

Transmisioari garrantzi handia ematen dio Perretek. Lautearen ezagutza aski duelarik, irakasle izatea aurreikusten du: «Ikasi eta ondoren ematea, irakatsi ikasi duzuna. Maila horretan, nire irakasleak asko inspiratu nau, eta, agian, egunen batean irakasle bilakatuko naiz. Hori da biziaren arrazoi bakarra, hona etortzen gara ikasteko, ikasten duguna banatzen dugu komunitatearekin, eta hiltzean hor uzten dugu, betetasun sentimenduaz».

Euskal Herrira egin berri duen bidaia honetan ere bere esperientzia partekatzeko parada eman dio Seaskak. Bernat Etxepare lizeoko ikasle ohia den Perret egungo gazteekin egon zen bere ibilbidearen berri ematen: «Lautea jo nuen eta momentu goxo bat pasatu genuen. Galdera asko pausatu zituzten hango biziari eta musikari buruz. Bereziki nire mezua izan da bizi osoa dugula ikasteko».

Bere bidearen bitartez mezu garrantzitsua helarazi nahi izan zien gazteei: «Duela hamar urte beraiek dauden toki berean nengoen, ez nekien zer egin nire bizitzarekin. Beste aukerarik ezean ingeniaritza egin nuen eta gero atzeman nuen bizia alaitzen duen zerbait. Orain pozik naiz, zeren eta orain kontzertuak ematen ditut ikasi dudanarekin. Erran nahi nuen ikasketen denboran ez zarela zure bizi osorako lanbidea prestatzen ari, bizi osoan atxiki behar da kuriositatea eta ikasteko gustua, horrek bizitzan zehar lagunduko zaitu proiektuak dibertsifikatzen». Indar bereziko hitzak dira etorkizunari loturik delibero garrantzitsuak hartu behar diren gazte garaian: «Sentitu nuen entzuten zutela, itxaropena ematen ziela».

Ura eta historia

Perretentzat ingeniari lana bigarren mailan gelditu bada ere, horren bitartez Bahreingo gizartearen biziraupenerako oinarria den urarekin harremana du. Bere lana itsasoko urari gatza kendu eta edangarri bilakatzean datza. Bahrain herri berezia da Pertsiar golkoaren erdian, «betidanik berdea izan da, ondoko herriak ez bezala. Mailaka urte bada jendea hor bizi dela, ez Qatar edo Dubain bezala».

Garai batean jendea arrantzatik bizi zen, eta ekonomiaren bihotza perla zen, baina 1932an petrolioa atzeman zuten, eta orduan eraikinak eta zubiak egiten hasi ziren, eta irlaren aberastasuna ziren maila freatikoak zilatu zituzten. «Bahreinek bi itsaso dituela esaten da, Persiar golkoa eta maila freatikoak. Baina XX. mendean azkenok zulatu egin zituzten, itsasoko urarekin konexioak egin eta kontaminatu egin zituzten. Herri honen zorigaitza izan da, eta horregatik uharteko berdetasunaren gehiengoa galdu egin da. Aldaketa sakona ekarri du, maleruski gaur egun modu bakarra da ura ekoizteko: itsasoko ura desgazitzea».

Produkzio era horrek sorrarazten dituen arazoen larritasuna agerikoa da egun: «Arazo erraldoia sortzen du, Persiar itsasoak Indiako Ozeanoarekin duen irteera oso estua baita, eta, urari kendutako gatza berriz itsasora botatzean, ura gazitu egiten baita».