Juantxo EGAÑA

Burgosko prozesuan auzipetutakoen irudiak, munduan zehar

1970ko abenduaren 3tik 9ra bitartean hamasei euskal herritarren aurkako epaiketa sumarisimoa izan zen Burgosen. Jurisdikzio militarrak hartu zuen prozesuaren ardura. Gerra-kontseilua Burgosko Kapitaintza Jeneralean egin zuten, Armadak eta Poliziak zainduta. Epaiketak iraun zuen denboran manifestazioak, lanuzteak eta protesta ekintzak izan ziren Euskal Herrian. Halaber, Montserrateko abadian 300 intelektual katalan itxialdia egin, epaiketa gaitzetsi eta «Euskal Herriarekiko eta haren aldarrikapenekiko erabateko atxikimendu anaikorra agertu zuten. Epaiketa zigor gogorrekin amaitu zen: sei auzipetuk heriotza zigorra jaso zuten. Europako hainbat hiriburutan epaiketaren eta heriotza zigorren aurkako protesta jendetsuak izan ziren, baita Euskal Herriarekiko elkartasuna agertzeko ekitaldiak ere. Erantzun haren ondorioz, erregimenak heriotza zigorrak ordeztu egin zituen. Nazioarteko hedabideek epaiketaren berri eman zuten, eta Magnum agentziako Henri Cartier Bresson, Rapho agentziako Jacques Pvlovsky, Associated Press agentziako Michel Lipchitz eta haien mailako beste zenbait argazkilari Burgosen izan ziren gertatzen ari zena beren argazkietan jasotzeko. Artikulu hau irudiztatzen duena da ezagunenetakoa. Bertan auzipetuetako batzuk ageri dira, furgoi bateko barroteen atzean. Lipchitzek Burgosko kartzelako funtzionario bati ordaindu zion argazkia egin zezan. Irudia epaiketaren lehen eguneko 22:00etan iritsi zen “Sud Ouest” kazetaren Ipar Euskal Herriko delegazio batera. Handik, egunkariko kazetari zen Lipchitzen lagun batek AP agentziaren Parisko egoitzara bidali zuen, nazioartean heda zezaten.