Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Errituak

Koloretako egunen garaietan bizi gara. Ostiral beltzak eta asteazken gorriak; zubiak eta eguberriak; urtezaharrak eta urteberriak. Urtean zeharreko egutegietan kolorerik gabeko egunak marraztu ondoren badirudi besteak baino egunago diren egunetara iritsi garela. Umetan ez nuen ulertzen egun guztiek hogeita lau ordu izanda zergatik ziren egun batzuk besteak baino handiagoak, zergatik ziren astelehenak igandeak baino estuagoak; zergatik zen abenduaren 25a urtarrilaren 25a baino astunagoa. Nork eta zergatik margotzen zituen egunak galdetzen nuen, zeren arabera, baina erantzunek ez ninduten asetzen. «Ohiturak» esaten zidaten, edo «errituek».

Gabonetako argiak abendua hasterako pizten diren garaian bizi gara; badirudi egun hauetan dena dela posible. Aspaldi ikusi gabeko lagunei hots egingo diegu hamar urtean egin gabeko afari hori antolatzeko, hamar urtean zergatik ez garen elkartu galdetu gabe: denok gara lagunago, zaintzaileago, Eguberriek gure barruko sentiberatasun lokartuak iratzarri balituzte bezala. Egun ez diren egunotan gu ere gizakiago bagina bezala. Eta etxe batzuetara Olentzero bakarrik etorriko da, Mari Domingiren laguntzarekin beste batzuetara, eta izango dira Errege Magoetan sinesten duten etxeak ere. Magia posible den egunotan karga-karga eginda eramango ditugu poltsak.

Batzuetan Eguberrietan halako erruduntasun sentsazio batek astintzen dizkigu barruak, urtean behingo salbuespenak urtean zehar egin gabeko detaile eta zaintzak agerian jartzen dizkigulako. Gabonak batzuetan hori direlako: kolorerik gabeko egun beltzak zuritzeko aitzakia.

Kutxa itxiak dira egutegiak, ondo definituak, eta egun izateko handiegiak diren egunok ere forma zehatzak dauzkate. Egunero bezala, badelako ahoa arkumez eta xanpainez beteta daukagula kutxazainen aldameneko kartoipean lo egiten duenik; badelako “familia” esaten dugunaren definiziotik kanpo geratu eta Eguberrien onkeriak bere publizitate eta biolentzia sinboliko guztiarekin zanpatzen duenik. Egun handiak ez direlako egunak besterik: gainerako egunen miseria eta zapalkuntza guztiak dauzkate beren itxituraren barruan kabitu ezinik. Baina egutegitik atera egiten ditugu, gure zapalkuntza txikiak gureak ez bailiran sentitzen laguntzen digutelako. Mari Domingi laguntzaile huts izatera kondenatu genuelako: Olentzeroz mozorrotu arren gu izaten jarraitzen dugu.

Egutegiaren gaiztakeriaz Eguberrien atarian epaiaren zain geratu da Iruñeko epaiketa. “Manada” gora eta “Manada” behera aritu gara hilabete luzeetan: abere izena jarri eta jendartetik atera ditugu basakeria horren egileak. Egun batzuk egutegitik ateratzen ditugun arren, egun izaten jarraitzen dute. Nik ez dut magian sinesten, aspaldi utzi nion munstroetan eta heroietan sinesteari. Eta horrek egia beldurgarri bat jarri dit aurrez aurre: munstrotzat hartu ditugun horien inertzia eta zapalkuntzak gure barruan ere badaudela. Gabonetako argiak, piztu aurretik ere, ikusi ez arren, hortxe egoten direlako. Akaso bada garaia kolorerik gabeko egunak ze koloretakoak diren pentsatzeko. •