Antton Izagirre

Etika zaintzapean

Euskal Herrian bizi izan dugun gatazka politikoaren eta bortxari buruzkoaren errelatoa egiterakoan, maiz, askok, ikuspegi eta printzipio etikoetatik abiaturik egitea eskatu izan digute; nolabait ere, ideologiak edo politikak izan dezakeen alderdikeria ekidin nahiaz.

Hala balitz, horrek egiazki ideologia politikotik urrunduko bagintu, gauza bera eskatu beharko genioke gizakion eguneroko jardunean eta gizartean txertaturik ditugun ekimen anitzi. Gertuen entzun eta ikusitakoen artean adi-adi jarrarazi gaituzten bizpahiru adibide horren lekuko.

Iruñean berriki eman den epaiketan, zientziaren eta legearen babesean hor entzun ditugu psikologoak eta legelariak, bortxatua izan den neska gaztearen eguneroko bizimodua zelatan jarri eta haren egunerokoari buruzko jokamoldeak epaitzen. Non geratu dira printzipio etikoak?

Zein kode etiko darabilte gure politikoek arma bidezko erasoen aurka jarduten direnean eta armaz betetako ontziak Bilboko portutik itsasoratzean isilik geratzean?

Nola kalifikatu preso gaixoen gaineko txostenak egitean politikoen interesen esanetara makurtzen diren sendagileen printzipio etikoak?

Eta Katalunian erasoan ari diren alderdi politikoekin akordioak dituztenek ere arau etikoak idatzi omen dituzte.

Etika gora eta behera; ez da gezurra, inor gutxik egiten diola “kosk” jaten ematen dion eskuari. •