Xabier Izaga Gonzalez
GASTEIZEN, BERTSOTRUK

Euskal Herriko hainbat eskualdetako bertsolariei ateak zabaltzen dizkie Kakiturrik

Milaka bertsozalek jarraituko dute datorren asteburuan Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, bertatik bertara zein telebistan. Bertso asko eta onak, batzuk oso onak, entzun dira orain arteko saioetan. Hala ere, garaiotan txapelketan hasi eta bukatzen al da bertso mundua? Gasteizko Kakiturri elkartean txapelketaz harago ere bizirik badela ikusi genuen.

Ados. 2017. urtean gaude eta Bertsolari Txapelketa Nagusiak errimaz eta neurriz hartuta dauka Euskal Herriko bertsozale guztien arreta. Guztiena? Ez! Bertsozale menderaezin batzuek txoratu gabe eusten diote potorik onartzen ez duten horien erasoari. Eta bizimodua eroso eta alaigarriagoa da Ehariko Kakiturri kanpamentu txikira biltzen direnentzat…

Elkarte dotorea da Kakiturri. Gasteizko Ehari kontzejuko udal eraikina da, 80ko hamarkadan hango gurasoen ekimenez ikastola bihurtu zena. Handik hurbil Abendaño ikastola zabaltzean, eraikina birmoldatu eta elkarte gastronomikoa atondu zuten. Duela hogei bat urte, Juan Mari Juaristiri bertako bazkide izatea eskaini zioten, eta harrezkero hara biltzen da bertsolari eta bertsozale kuadrilla bat astean behin, mokadua jan eta bertso saiotxoa egiteko. Batzuek jardunean segitzen dute; beste batzuk, berriz, plazetara eta are gutxiago txapelketetara agertzen ez diren beteranoak dira. Felipe Zelaieta, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi, Alberto Martinez Beito, Manu Bendala, Xabier Riko, Patxi Epelde, Xabi Azebo eta bertsotan egin edo bertsoak entzun nahi dituzten lagun ugarik giro aparta aurkitzen dute txoko abegikor horretan.

Bertsotruk

Joan den azaroaren 5ean, urtero bezala, Juaristi eta Felipe Zelaieta Gasteizko Hiria herri lasterketan izan ziren, urtero bezala korrika egin gabe baina irabazleei beren bertsoak eskaintzeko prest. Haiekin hitz egin genuen eta Gasteizko bertso munduko hainbat gauza ezezagun samar kontatu zizkiguten. Besteak beste, Bertsotruk ekimenaren berri eman ziguten. Bertsotruk? Luze gabe izan genuen ezagutzeko aukera, hurrengo saiorako gonbita luzatu ziguten eta.

Kakiturriko asteroko saioaz gainera, bertso bazkaria egiten dute noizik behin, beste herrialdeetako zenbait bertsolari gonbidatuta. Duela zenbait hilabete, Irungoak izan ziren Kakiturrin; ondoren, Kakiturrikoak Irunen. Topaketa horiei Bertsotruk esaten diete. Azaroaren 18an, Tolosaldekoak izan ziren Gasteizen.

Ordu biak baino lehen, Kakiturrin ziren Unai Mendizabal zizurkildarra, Txomin Azpiroz anoetarra eta Mikel Artola alegiarra. Aurkezpenak egin eta elkarren ohituren berri emateari ekin zioten; egiten dituzten entseguen maiztasuna, erabiltzen dituzten prozedurak... Tolosaldekoek ordu eta erdiko saioa egiten dute astero, bi taldetan banatuta, baina ez leku finko batean, aste batean herri batean eta hurrengoan beste batean baizik, eskualde osoan barrena, bertso eskola ibiltaria baita Tolosaldekoa. Gasteizkoek ere halatsu egiten dutela dio Juaristik, saioak luzexeagoak badira ere, ordu eta erdi afaltzen eta bertsotan beste horrenbeste ematen baitute; hartara, batzuetan luze jotzen du «saiotxoak».

Arabako Txapelketaren garaian saioak serioagoak izaten dira, taldeko batzuek parte hartzen baitute. Asier Otamendi da horietako bat. Arabako txapel gehien jantzi dituen bertsolaria da Asier, eta Txapelketa Nagusian ere parte hartu izan du. Aurten, Zumaiako final laurdenean kanpoan geratu zen, txalo zaparrada jasota bukaerako agurra kantatutakoan: «...hau errealitate bat da, ez da inongo ipuina/ bozketa bat egin dute zilegia eta duina/ indarrez kolpatu dute demokraziaren muina/ gure bihotzak zurekin dauzkazu Katalunia».

Ordu biak pasatxo dira eta bazkaltzen hasi dira. Txapelketatik kanpo bada mundua; hala ere, ikusi dugunez, txapelketatik kanpoko bertso munduak ez dio txapelketari begirik kentzen. Azken asteetako saioak izan dituzte hizpide, tartean, nola ez, Maialenek Irunen bakarka botatako bertsoak.

Kakiturri vs Tolosaldea

Bazkaldu eta gero, Felipe Zelaietak, gaurkoan gai-jartzaile, agurrak kantatzeko abagunea zabaldu die, baina ez da tentsio izpirik ere sumatzen. Tolosaldekoen aurrean, Kakiturriko ordezkari, Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez de Durana eta Manu Bendala.

Hasi baino lehen baten batek zalantzak agertu ditu taldeak lehen edo bigarren kategoriakoak ote diren, eta Asierrek horretaz jardun du: «Kakiturriko B taldekoak hori entzun dugu, tira/ nere galdera o(r)ain Juaristiri e(g)in beharko diot di-da/ saio osteko sobreak ere B-an joango al dira?». Mikelek ere badu horretaz zer esana: «Hauek B izena omen dute beraientzako gordeta/ ba gu ere B taldea gatoz besterik ez zegon eta».

Nork bere herriaren propaganda egitea proposatu die ondoren Zelaietak. Unaik, besteak beste, Tolosako babarrunak aipatu ditu; Txominek, berriz, txerpolarien pare agertu nahi ez, nonbait, eta«norbera norbere herrian alde ez al da pixkat itsusi/ gonbidatuta zaudete denok, etorri eta ikusi» bota du. Rikardok Gasteizen gainean esatekorik ez duela dio, eta bere herria eta, bide batez, bere burua goraipatu ditu: «Euskal Herriko gorengo mailan Oreitia nahi dut ipini/ huraxe dugu paradisua ta bertan jaio nintzen ni».

Tolosaldekoek Gasteiztik zer ezagutzen duten eta zer Gasteizkoek Tolosaldetik kontatzen hasi dira gero, baita zer espero duten elkarrengandik ere. Mikel, Gasteizen Euskal Filologia ikasi zueneko urteak gogoan, Rikardoren entrenatzaile onaren fama aipatu du: «Ne(re) ikasketak oroitzen ditut/ hori ezin da ukatu/ hemen maisu bat espero nuen ta ez naute defraudatu». Are gutxiago Txomin: «Aste honetan hontan bertantxe/ abixatu dit lagunak:/ ezer txarrikan ezin du espero/ ezer espero ez dunak».

Ofiziotan, honako gaia jarri die Zelaietak Txomini eta Rikardori: “Lurrikara bat izan da eta zuen etxeak bota ditu. Txomin berehala hasi da berea berreraikitzen; Rikardok, ordea, uste du ez duela merezi, hobe dela beste norabait joatea”. Gomendio bat eman dio Txominek: «...aitak esaten zun hala:/ ez al dakizu zuk oinez ere eroriz ikasten dala?», eta Rikardok, baietz diotso, berreraikiko duela, Baigorrin baina. «Etxe txiki bat egingo omen du gure lagunak Baigorrin/ apustu baietz urte erdian berriz egon kalegorrin» erantzun du Txominek. Hain zuzen, Baigorrin jokatutako final laurdenean parte hartu zuen Mikelek joan den irailean.

“No woman no cry” Bob Marleyren abestiaren doinuan eta Jon Zelaietak gitarrarekin lagunduta, Kakiturrikoak arretazko greba egiten ari diren Gasteizko udaltzainak dira; Tolosaldekoak, berriz, greba hori pairatu dutenak. Benetan barregarria izan zen segida: giputzak kexu, «isuna jarri ez dit ba honek, etorrita trenean», Txominek; Unairi antiojoak gaizki graduatuta izateagatik jarri omen diote, eta Mikeli poto egiteagatik. Gasteiztar udaltzainak, berriz, erasoan: «Hirurentzako orain isun bat hauxe da zuen patua/ zuen abizena ez izatearren abizen konposatua» jakinarazi zien Asierrek.

Txapelketari adi hainbeste jende egonda, Kakiturriko bazkarira joateko jendea aurkitu ezinik ibili direla esan die Felipek. “Guantanamera” doinuan, eta berriz ere Jon Zelaietaren laguntzaz, Unaik azaldu du berehala: «Txapelketara doana hona ez dator inola/ morboa nagusi hemen, bertsoak ez du axola». Asierrek Gonzalez de Duranaren “entrenatzaile” dohainak zalantzan jarri ditu; Rikardok, ordea, argi samar dauka: «Entrenatzaile ona naiz gogo eta afanean/ Egaña eta Elortza ditut curriculumean». Eta nolabait arrazoia eman behar izan dio azkenean Otamendik: «Nerekin inbiriz zegon garbi daukat esateko/ ondo entrenatu ninduan baina gaizki egiteko».

Manu sevillarrak, hamarreko handian, argi asko utzi du arabarra den edo ez. Azken urteotan Gasteizen bizi izan bada ere, lehenago Donostian eta Pasaian bizi izan baitzen: «Hona etorri nintzen herritik Donostian bizi ta gero/ nahiz eta izan bai kriston hotza ta Sevillan nahiko bero/ nik oso harro esan dezaket ja naizela patatero». Duela bi hilabete, Manuk GAU8ko orrietan iragarri zuen estreinatu berri duen “Printze Txikia” ikuskizuna, bertso-ipuin gisa moldatua. Felipe Zelaieta eta Aroa Arrizubietak bertsoak kantatu zituzten, Manuk ipuina kontatu eta bitartean Laura Lobatok marrazkia egin zuen. Laura bertso bazkarian ere izan zen, eta marrazki bana egin zien sei bertsolariei. Itsasargi bat Unairi: «Hau gaur nerekin eramango det ez bazaizue inporta/ hemen alperrik baitaukazue itsasorik ez dago ta», eta, ondoren, «...eta Lauraren marrazkiari egingo diot jaramon/ etxe atarian jarri behar det hauxe jartzekotan inon/ parranda bueltan ahaztu ez dezadan nere etxea non dagon».

Ia zazpiak dira, bukaerako agurrak kantatzeko garaia. Ziztu bizian joan da denbora. Abiatu baino lehen, ordea, Basarriren “Aiako Harritan gaude” bertso sorta abestu dute guztien artean, Felipek gitarraz eta Xabi Azebok kaxoiaz lagunduta. Kakiturriko saioa amaitu da, baina udaberrian Tolosalderako bidaia egingo dute Kakiturriko hiruzpalau bertsolarik.