Aimar Etxeberria Korta
Entrevue
Jule Goikoetxea
Filosofo eta politologoa

«Konturatzerako boteregune guztiak hartuak dituzte; pribatizazioen legitimizazio fasean gaude»

EHUko irakaslea eta Oxford International Gender Studies Centreko kidea da Jule Goikoetxea (Donostia, 1981). Cambridge University Journal of Politics-eko eta Lisipe liburu bildumako editore lanetan ere badihardu. «Privatizing Democracy» bere azken lanaren bertsio euskaratuaren harira hitz egin dugu berarekin.

Aske izango gara baldin eta lotzen gaituen ordenaren sorreran parte hartzen badugu». Hans Kelsenen aipatu bat da, Jule Goikoetxearen “Demokraziaren pribatizazioa. Kapitalismo globala. Europa eta euskal lurraldeak” (Elkar) azkenengo lanean irakur daitekeena, beste askoren artean. Ugari dira jorratzen dituen kontzeptuak –demokrazia, boterea, gaitasun politikoak, askatasuna...– eta, beste lan bat idazteko asmorik gabe, Goikoetxearen azkena xehatuko dugu, ahalik eta modurik ulergarrienean; demokrazia pribatizatzen ari zaizkigu.

Has gaitezen oinarritik. Zer da demokrazia, zer ulertu behar dugu demokraziaz?

Demokraziak esanahiz aldatzen du zertaz hitz egiten ari garen arabera. Niri prozesu emantzipatzailetzat definitzea gustatzen zait, autogobernua helburutzat duen prozesutzat. Baina egia da ere zerbait deskriptiboaz ari garenean sistema politiko zehatzei egiten diegula erreferentzia; hau da, gaur egun ditugun demokrazia liberal-kapitalistei deitzen diegu demokrazia. Esan bezala, baina, nahiago dut prozesuaren ideia; behin ere ez gara helduko demokrazia batera, demokratizatzaileak diren prozesuak egonagatik ere. Prozesu demokratizatzaileak boteretze prozesuak dira finean, zeinak autogobernua lukeen helburu nagusitzat.

Demokrazia egin egiten da beraz.

Egin egiten da, bai. Oso konplexua den prozesu bat da, eta ez da soilik eremu batean gertatzen; egon daitezke aldi eta leku berean prozesu demokratizatzaileak eta desdemokratizazio prozesuak. Demokratizazioaz ari garela boteretzeaz ari gara, eta horretan sakontzen du liburuak; boteretzeak gatazka behar du, egitura publikoak behar ditu.

Zein litzateke demokratizazioaren adibide praktiko bat?

Demokratizazio prozesuak pila bat dira; adibidez, egun Katalunian gizarte zibilarekin gertatzen ari dena. Demokratizazio prozesu bat ari da ematen Katalunian boteretze prozesu bat ari delako gertatzen zenbait eremutan, jendea boteretzeko estrategia eta taktikak ari direlako garatzen. Beste eremu batzuetan, baina, desdemokratizazioa ari da ematen, biolentziaren, errepresioaren eta abarren ondorioz. Mobilizazioak izan daitezke, edo protesta politikoak oro har, boteretze prozesuen adibide, baina izan daitezke lege zehatz batzuk ere.

Demokrazia ez dute agintari klasikoek egiten, goitik behera; demokrazia, baldin badago, erakundeetatik eta gizartetik egiten da, bi lekuetatik. Demokrazia kontrola da; kontrolatu behar duzu jendea, hauen ekonomia, garraio eta hezkuntza publikoa... Eta nork bere gorputza ezin badu gobernatu, oso zaila izango da gero herria gobernatzea.

Baina demokrazia pribatizatzen ari zatzaizkigu.

Lortu ditugun publikotasun horiek guztiak, herriak sortu izan duen hori guztia –produktuak, ezagutza, zaintza...– gutxi batzuen eskuetan geratzeari esaten diot demokraziaren pribatizazioa. Demokrazia publifikazioarekin lotzen dut –demokrazia izateko egitura publiko eta amankomunak izan behar ditugu–, herriak komunitarioki sortzen duen hori guztia bueltan herrira itzultzearekin. Bada, prozesu hori ez da ari gertatzen ia dimentsio bakar batean ere; ez dira ari soilik osasungintza eta hezkuntza pribatizatzen, legebiltzarrak ere pribatizatzen ari dira, herritarron ordezkariak ari dira pribatizatzen. Hori guztia korporazioen esku ari da geratzen, elite finantzieroen esku alegia; gainera, estatuen bidez egiten dute. Horretan, adibidez, botere judiziala eta exekutiboa konplize dira; estatuen exekutiboetatik ari dira egiten pribatizazioak, eta haien alde ari dira erabiltzen orain arte herritarrona zen sistema judiziala. Herrialde guztietan.

Nola egiten da hori?

Modurik argiena enpresei konpetentziak ematea da, lehen erakunde publikoenak ziren konpetentziak enpresen esku uztea. Ondorioz, irabaziak enpresa pribatuetara bideratzen dira.

Baina bada aurrez esandakoaren adibide argi bat, alegia, pribatizazioak estatuen exekutiboetatik egiten ari direla argiki erakusten duen adibide bat. Orain dela urte batzuk –George Bushen garaian–, ahalegindu zen Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua pertsonen intimitatearen aurka zihoan lege bat pasatzen, baina Kongresuak atzera bota zuen. Orduan, Pentagonoaren esku utzi zuen espioitza programa Gobernuak, bertatik egiten dena ez baita Kongresutik pasa behar; ez da Legebiltzarrera sartzen. Horretan guztian, gainera, sistema judizialaren laguntza izan zuen, ongizate publikoaren aurka eginez.

Antzerako adibideak eman daitezke Europar Batasunaz hitz egitean ere, ezta?

Europar Batasuna neoliberalismoaren dispositibo bat baino ez da. Bertan, Legebiltzarrak ez dauka indarrik eta guztia erabakitzen da Europako Batzordearen eta Europar Kontseiluaren bidez. Kontseilua estatuburuek osatzen dute, eta justifikatzen dute esanez herritarrek jada lehendik bozkatu dituztela. Batzordea, baina, ez du inork hautatzen. Burokrazia izango balitz bezala aurkezten dute, baina eurak dira legeak idazten dituztenak; eurek dute informazio gehien, bertan biltzen da herrialde ezberdinetako burokrazia. Finean, gertatzen dena da Batzordearekiko lobbygintzan dabilen jende horrek guztiak amaitzen duela legeak idazten.

Europar Batasuna dago pentsatuta dispositibo globalizatzaile bat bezala; bere legeetan ez da inolaz ere sartzen herritarren babes izan behar duenik. Esaten dute konstituzio nazionalen arabera aplikatzen direla Bruselan onartutako legeak, horregatik gertatzen da batzuetan –Irlandan eta Alemanian kasu– aipatu legeen berrespena behar dutela. Finean, estatuburuen, hots, exekutiboen klub bat da Europar Batasuna eta horiek, egun, elite finantzarioaren parte dira.

Zein da demokraziaren pribatizazioaren atzean dagoen arrazoia?

Neoliberalismoaren ideologiaren garaipena dago horren guztiaren atzean. 80ko hamarkadatik aurrera hasi zen ongizate estatuaren aurkako kontraboterea, eta horrekin batera hasi zen ideologia neoliberala Europan azken hamarkadetan ez bezala hegemoniko bilakatzen; alegia, urte horietan hasi ziren alderdi sozialdemokratak ideia neoliberalak euren programetan sartzen.

Korronte oso potentea da neoliberalismoa –boterean dauden horien ideologia da–, eta esaten du ongizate estatuak ez duela funtzionatzen, estatuak gutxitu egin behar direla eta publiko egitea lortu den guztia ez dela eraginkorra eta esku pribatuetan jarri behar dela. Izan ziren urte batzuk Europan non “paktu soziala” deitu zenak hegemonia lortu zuen –horren ondorio izan zen ongizate estatuen sorrera edota sindikalismoaren gorakada–. Ezkerra krisian sartzearekin batera, baina, diskurtso neoliberala –gure ahalmenez gaindi bizi zain gara– indarra hartzen hasi zen eta konturatzerako boteregune guztiak hartuak dituzte; elikadura, industria farmazeutikoa eta gisako sektoreak korporazioen esku daude eta jada hurrengo fasean sartu gara, hots, pribatizazioen legitimazio politikoan.

Testuinguru honetan, zer behar da geratzen zaigun demokrazia apurra mantentzeko?

Demokraziaren krisi honen eta pribatizazioen kausetako bat liberalismo politikoaren ideologia da: merkatu librea, indibiduo arrazionala eta moral unibertsala. Gaur egun, bada, diskurtsoa aldatu behar da demokratizazioan sakontzeko, ezin dugu jarraitu pentsatzen estatua txarra dela, eta familia eta merkatu librea, berriz, ona. Demokratizazioa emateko estatua beharrezkoa da, estatua publikoak eta amankomunak diren egiturak bezala ulertuta. Bestalde, behar-beharrezkoa da gatazka konstantea; jendeak ulertu behar du ez dela iritsiko momentu bat non ez den gatazkarik egongo, gatazka beharrezkoa baita demokratizazioan sakontzeko. Botere metaketaren aurkako praktika jarraitu bat behar da, nahiz eta jendeari –ezkerrekoei barne– ez gustatu. Hirugarrenik, gaur eta hemen, alegia, aro global honetan, behar da boterearekiko eta botere harremanekiko beste diskurtso bat. Ezin da egon gaur demokrazia bat ez bada gizarte normalizatu baten baitan, eta gizarte normalizatu bat gizarte diziplinario bat da, kontrolezko gizarte bat. Hori ere ez zaio gustatzen jendeari. XIX. mendeko diskurtsoekin gabiltza oraino, ez dutenak balio XXI. mendean gertatzen denari aurre egiteko.

Estatua eta burujabetza, demokratizazioan sakontzeko bi tresna beraz.

Estatuaren kontzeptualizazioa aldatu egin behar da; ez da gauza bat, ez dauka bihotzik, ez da ona edo txarra. Eta zentzu horretan proposatzen dut burujabetzaren birkontzeptualizazio bat beharrezkoa dela. Gaitasun politikoa duen komunitate politiko baten gisa ulertu behar da; gaitasuna ez da eskubidea izatea, eskubideon egikaritzea baizik. Gaitasun politikoa da nork bere gorputza kontrolatzeko eta gobernatzeko gaitasuna izatea, eta modu horretan zure herriarekin gauza bera egitea. Gaitasuna ahal izana da, boterea.

Burujabetzaren aldeko aldarriak, baina, ez datoz preseski ezkerretik...

Ultraeskuinak lapurtu egin dio diskurtsoa ezkerrari, eta horregatik dago ezkerra krisian. Ezkerrak, bere garaian, egitura publikoak defendatzen zituen, eta azken hamarkadatan hasi da estatuaren aurka jartzen; bide batez, subiranotasunaren aurka. Euskal Herriko kasua ezberdina da, guk ez baitaukagu estaturik. Oro har, baina, kosmopolita da ezkerreko jendea, eta erradikala bada nazionalismoen aurka agertuko da; proletarioaren eskubideak daude lehenik eta hauen aldeko borrokak du lehentasuna. Oinarrian boterearekiko ukazio bat dago, boterea txarra den ideia, eta hortik datoz estatuaren aurkako diskurtsoak. Korronte hori ongizate estatuaren aurka egiteraino iritsi da, ongizate estatua kendu zaien arte. Orduan, baina, berandu izan da, eta, gainera, estatua aldarrikatzen duten eskuineko populismoak agertu dira.

Zentzu horretan, Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruak Europako Parlamentuan egin zuen diskurtsoa brutala izan zen, bere parte xenofoboa kenduta betiere. Subiranotasunaren aldeko diskurtsoa izan zen, lurraldearen aldekoa, gaitasun territorialak defendatzen zituena. Brexitarena ere antzeko prozesu bat da, subiranotasunaren galeraren aurkako botoa da. Kontua da gero galera hori zergatik eman den arrazoitzen asmatzea... Ezkerra, beti bezala, berandu dabil, atzetik. Nola liteke ezkerretik egitura publikoak ez defendatzea?

Honek guztiak zer eragin du Euskal Herrian? Gure demokrazia ere pribatizatze bidean al da?

Euskal pribatizazioa leku guztietan egiten den bezala ari dira egiten euskal kasuan ere, ezaugarri globalak ditu pribatizazioak. Zerbait ezberdina bada hori demokratizazio prozesua da, EAEren kasuan argiki ikusten dena. Boterea lurraldeka banatua egoteak Estatuko gainerako autonomiekin alderatuta demokratizazio maila altuagoa izatea izan du ondoriotzat. EAEn ez litzateke posible izango gertatu dena –pribatizazioak masiboki eman bitartean gertatu dena–, lortu den ongizate maila –datuek berresten dute hori, nahiz batzuei ez gustatu– ez balitz duen egitura federalaren ondorioz.

Horregatik da garrantzitsua lurraldearen kontzeptualizazioa ere, kapitalismoak bere egin duena. Orain, diskurtso neoliberala lurraldeari garrantzia ematen hasi da berriz. “Lurralde Inteligenteen Garapena” kontzeptuarekin hasi dira bueltaka. Horrek erakusten du askoz ere azkarragoak direla neoliberalak, boterea nahi dutelako eta horretarako prestatzen direlako. Horregatik da garrantzitsua ezkerretik “lurraldearen” eta “lurraldetzearen” kontzeptuak birkontzeptualizatzea; euskal lurraldea ere birpentsatu beharko da, bere lurralde ezberdinen artean euskal lurralde kohesionatu bat osatzeko. Ongizatea, eta beraz demokrazia, lurraldetua izango da edo ez da izango.

Nola irudikatu behar da euskal demokratizazioa XXI. mendean?

Gizarte diziplinario eta normalizatu bat bezala irudikatzen dut nik, kontrolezkoa, baina etengabe botere metaketaren aurka borrokan egongo dena. Nire proposamena demokrazia federalaren aldekoa da, besteak beste, federalismoa delako ziurtatzen duena herrialde bat zarela –eta ez zazpi–, baina botere politiko eta ekonomikoa konstituzionalki banatuta izanik. Argitu behar da baina ez dela existitzen estatu konfederalik, estatuen konfederazioak baizik. Hori denei esaten diet, bai ezker abertzaleari bai Urkulluri. Konfederazioek ez daukate konstituziorik, eta estatu modernoek bai. Ulertzen dut konstituzio bat izango duen Euskal Estatu bat nahi dugula, ez zazpi izango dituen bat. Sinpleki azalduta, hau da euskal demokratizazioan sakontzeko nire proposamena: Espainiatik atera, jendea boteretu –egitura publiko eta etengabeko gatazkaren bidez– eta egitura territorial federala sortzea. Konbinazio horrek, nire ustez, euskal demokratizazioa garatuko luke.

Iritsiko al da egun hori non, inolako mendekotasunik gabe, aske izango garen?

Hori ez da inoiz gertatuko, eta ez dudana ulertzen da zergatik horrek jendea tristatzen duen. Imajinatu izan du jendeak mundu bat non ez den ezer gertatzen ez dagoelako botere harremanik? Hori bizitzarik gabeko mundu bat da. Pertzepzio hori oso liberala eta kristaua da, baita ingenuoa ere. Egoera hori ez da behin ere iritsiko, eta eskerrak.

Zer da bada egoera horretara gehien gerturatuko gaituena?

Niretzako libre eta berdin egiten gaituena da denok gehien duen horrek adina gaitasun izatea. Hori da demokratizazioaren helburua, guztiok berdinak izan gabe gaitasun berak izatea; horrek egingo gaitu aske. Beraz, askatasuna beti doa boterearekin eskutik helduta; ezin da libre izan horretarako gai izan gabe.