Ramon Sola

Paris, konponbidearen bi bideak batu dituen hiria

Heldu da. 2017ko abenduaren 9 hau aspaldi gorriz markaturiko eguna da Euskal Herriko egutegi politikoan eta gerta liteke egunen batean historia liburuetan ere letra handiz agertzea. Zeharo berriztatzailea da gaurko mobilizazioa, aldagai askorengatik: Paris kokaleku, bakearen artisauak bultzatzaile eta euskal ordezkaritza ezin zabalagoa eragile. Aietetik hona askotan tunel beltz batean sarturik ageri den konponbide prozesuaren argi izpien atzetik abiatu dira Argien Hiria delakorantz milaka abertzale zein bakezale. Esan gabe doa presoen senideentzat oso berezia izango dela joan-etorri luze hau, maite dituztenak ikusi gabe baina bihotza bero bueltan. Eta suma daiteke espetxe barruetan egunak ekarriko duen zirrara ere, goizetik gauera, nor bere hurbilekoen deiaren zain edota telebistaren eta irratiaren bidez Parisekoaren berri jasotzeko gosez. Ederra.

Sentimendu andana alde batera utzita, berritzailea ere bada mobilizazioaren paradigma bera. Oraingoan ez baita aldarrikapen hutsa edota ohiko elkartasun ekimena. Azken asteotan agerrarazi denez, interlokuzio lan isila ere fruituak ematen hasia da: Frantziako Justizia Ministerioak eta euskal ordezkaritzak osatutako lan esparru komuna hor da, akordioetarako mahaia apaindu dute. Horrek ekarriko dituen ondorioak ikusteko daude oraindik, baina urratsa emana dago norabide egokian; urtze bidean da izotza. Eta horrek zentzu eta kutsu guztiz berritzailea ematen dio gaurko mobilizazioari: kalea mahaiaren lagungarri bilakatu da, eta mahaia ere kalearen osagarri (hor dira Pariseko Udalaren aho bateko adierazpena edota Macron presidentearen alderdiko Euskal Herriko kideek mobilizazioari emandako sostengua).

Eguna behar bezala gozatzearekin batera, merezi du begirada eredu berri horren gainean jartzeak ere. Ez da munduan izango urtean zehar gureak baino mobilizazio gehiago antolatzen dituen herri askorik; gertuko seinale dira Kataluniaren alde Bilbon eta ibilbide berean hilabete eta erdi eskasean egindako hiru manifestazioak. Beste kontu bat da lortu ohi duten eragina. Gehienek aldian aldiko erritotik eta autoafirmazio hutsetik asko dutela ezin uka.

Konponbide prozesu honetan, zehazki, hiru mobilizazio mota bereiziko nituzke. «Mahairik gabekoak» batetik, hau da, aldarrikapen soila egin izan dutenak, beharrezkoak dudarik gabe baina konponbideak irekitzeko ez-nahikoak; «mahaiaren aurkakoak» bestetik, hau da, mobilizazioaren balioa gaindimentsionatu eta kaleak berez konponbideak ekar zitzakeen uste okerra oinarri zutenak (baten batek ondorio kaltegarriak ekarri ditu); eta «mahaiaren aldekoak» azkenik, gaurko Pariseko hauxe, alegia. Gustatu ala ez, azken horiek dira presoak etxera ekartzea ahalbidera dezaketen bakarrak, aldebakartasunak muga argiak baititu hemen, espetxeetako giltzak estatuen esku dira-eta.

Behin hona iritsita, bitxia da ikustea herri mobilizazioan trebatutako hainbat eragileren ahalegina –Mixel Berokoirigoin eta Txetx Etcheverry kasu, «nekazari bat eta antisistema bat» norbaitek errespetuz eta miresmenez ederki laburbildu duen bezala– erabakigarria izan dela mahaia eratzea ahalbidetzeko, Hego Euskal Herriko itxuraz botere handiko erakundeak baino eraginkorrago ageriz. Hausnartzeko gaia hori ere. •