Joseba Alvarez
SORTUko kidea

Artxipelagotik, lurralde askera

Euskal Herrian fase politiko luze bat agortu dela eta berria sortzear dagoela gauza ukaezina da. Sintomak eta proposamenak bazter guztietan ageri dira.

Langile munduan, adibidez, sindikalismo berriak nola jokatu behar duen aztertzen ari da. Klase politikoa, berriz, Katalunia eta Eskoziako prozesuen eraginez, etorkizuneko euskal bideak nolakoa izan behar duen hausnartzen ari da. Dena dago eztabaidan, euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzeko estrategia, borroka feministaren ekarpena, eskubide zibil eta politikoen aldeko lana, gazte mugimenduarena, borroka instituzionala… eta guztiak helburu bakarrarekin, azken urteotako apalaldi teoriko eta mobilizatzailea gainditzea, askapen prozesua berrindartzeko.

Eta Joseba Sarrionaindiak aipatzen zuen «gure territorio libre bakarra» den euskararen inguruan ere hausnarketa eta eztabaida nagusi dira. Inoiz baino iritzi eta proposamen gehiago plazaratu dira. Miren Amurizak, adibidez, AEKk plazaraturiko «euskahalduntzearen» ideiari garrantzia eman dio. Lorea Agirrek, berriz, feminismoak bidea erakutsi digula azpimarratzen du, «emakumeei mila gauza zor zaizkie, baina ez zaizkie emango ez badute plaza publikoan jarrera bat hartzen» esanez. Arazo politikoa dela, elkarbizitza mailakoa, eta justizia soziala eskatzen dugula aldarrikatu zuen Joxe Azurmendik. Kike Amonarrizek, azkenik, aurrera pauso kualitatiboren bat eman ezean, atzera egiteko arriskua ikusten du, «ez soilik erabileran, baita jarrera eta motibazioan ere». 

Hausnarketa hauek, eta gehiago, irakur daitezke, besteak beste, Koldo Izagirreren ‘Autopsiarako frogak’ liburuan, David Anauten ‘Euskararen kate hautsiak’ lan zabalean, Argiak plazaratutako Larrun 197: ‘Euskalgintza: berritu ala hil’ gehigarrian, Martinez de Lunaren Framing berriari buruzko hausnarketa sakonean, Topaguneak landutako ‘Berrikasi eta berrikusi’ dokumentuan, Udalekinen ‘Diskurtso berri baterantz’ prestakuntza saioko aktan edota Patxi Saezen ‘Elefantea ikusi’ artikuluak zabaldu duen eztabaida luzean.

Izan ere, Jean Luis Calvetek hizkuntza eta kolonialismoa liburuan esaten duena gurera ekarriz, Euskal Herriak nagusiki euskaraz bizitzea lortzen ez duen bitartean, ez dugu euskaldunok lurralde askerik izango, ezta independentzia politikoa eskuratuta ere. Gauzak horrela, tamalgarria da batzuen aldetik euskararen aldeko borrokak independentziaren aldeko prozesua oztopa dezakeela entzutea, guztiz kontrakoa denean. Hori bai, berreuskalduntzea ez da erraza izango, ez da konfrontaziorik gabe emango, besteak beste, Euskal Herriko klase ekonomiko dominanteak, independentziaren aurkakoa izateaz gain, erdaraz funtzionatzen jarraitu nahiko duelako eta, beraz,  euskaraz funtzionatu baino lehen, alde egingo duelako hemendik, Quebecen gertatu zen moduan. Horrek argi eta garbi adierazten digu berreuskalduntzearen motorra langile eta sektore herritarrengan kokatu behar dugula –asko etorkinak– eta hizkuntza aldaketa eta eraldaketa soziala proiektu sozio politiko erakargarri bakarraren bi aldeak izan behar dutela.

Borroka feministaren ekarpenak ere bide beretik jotzen du, eraldaketa sozialaren beharra azpimarratuz. Bi borrokek, bai patriarkatuaren aurkakoak zein erdararen inposizioaren aurkakoak, jendartearen eraldaketa ekarri behar dute edo ez dira emango. Bide horretan, nola ez, konplizitatea, konpromisoa, ekintza zuzena, herri erresistentzia eta desobedientzia zibila  uztartzen dituen lan estiloa eta borroka plangintza berria landu behar ditugu, batez ere «aurkako borroka» gutxituz eta «aldeko borroka» alternatiboa asko indartuz. 

Bide hori jorratzeko, gaurko hizkuntza politika ofizial aurreratuenak ere ez du balio. Koldo Izagirrek, adibidez, gogor salatzen du elebitasunaren aldeko diskurtso eta praktika ofiziala.  «Elebitasunaren aplikazioak gaztelania inposatu du euskarak eduki zitzakeen alor apurretan ere: ezer ez da demokratikoa euskara hutsean egiten bada». Kike Amonarrizek ere irakurketa kritikoa du: «euskararen normalizazioa bada helburua, arrisku batzuk hartu beharra dago eta derrigorrezkoa bilakatu behar du euskarak esparru nagusietan, batez ere administrazioan eta botere guneetan». Euskara hizkuntza erabilia eta bizitzeko derrigorrezko hizkuntza dela esan eta erakutsi behar dugu. Bai, derrigorrezkoa. Hizkuntzaren normalizazio prozesuak aurrera egingo badu, atxikimendu soziala eta derrigortasuna konbinatu behar ditu euskarak, dio Kike Amonarrizek.

Egoera honetan sortu nahi den Hizkuntza Politika berriaren ardatz gisara askatasuna, berdintasuna eta justizia proposatzea, oso gauza arriskutsua da. Gurea bezalako egoera minorizatuan, hizkuntza askatasunaren, berdintasunaren edota justiziaren aldeko diskurtso teorikoak, praktikan erdarari egiten baitio mesede beti, bai plano ideologikoan zein erabileran. Gure egoera soziolinguistikoan eta dugun marko juridikoarekin bide horretatik erdara nagusituko da beti eta betirako. Hizkuntzaren beharrak, eta ez askatasuna edo inposizioa, izan beharko luke hizkuntza politika berriaren ardatza. Ea nola bihurtzen dugu euskara Euskal Herrian beharrezkoa, inposatua izan ez dadin, horretan asmatu behar dugu.

Lander Arbelaitzek Argian plazaratutako lan batean esaten zen moduan, hizkuntzaren presioa aldez aldatu beharra dugu, euskararen aldekoa indartuz. Euskaldunok osatzen ditugun familiak, lagun taldeak, koadrilak, elkarteak, erakunde sozial edo politikoak, herri mugimenduak, enpresa pribatuak edota publikoak, instituzioak euskararentzako arnas gune bihurtu behar ditugu. Arnas gune horiek euskal komunitatea egituratzeaz gain, euskararen lurralde askeak osatuko dituzte, euskal lurralde erresistenteak, desobedienteak, errebeldeak, borrokalariak… erdal itsasoko euskal artxipelagoa kontinentea bihurtu arte.

Recherche