Rebeka Ubera eta Dabid Anaut
EH Bilduko parlamentariak

Euskara(z) biziberritzeko garaia

Egoera soziolinguistikoa aldatu da, inoiz baino euskaldun gehiago gara, egia da, baina euskararen presentziak eta, batez ere, erabilerak ez du beharko lukeen besteko maila lortzen.

Hizkuntzen erabileraren VII. kale-neurketaren emaitza argitaratu berri du Soziolinguistika Klusterrak. Erabilera maila, oro har, %12,6koa da, orain dela hamar urte baino puntu bat gutxiago. Euskararen erabilera maila moteltzen ari da, mantso-mantso baina etengabe. Kezkagarria da, zalantzarik gabe. Kezkatzekoa da, bereziki, ikustea eremu euskaldunetan euskararen erabilera ahultzen ari dela. Eskualde euskaldunetan galtzen eta erdaldunetan hazi ez; horrela laburbil daiteke, ñabardurak ñabardura, VII. kale-neurketaren emaitzaren irakurketa.

Kontua da Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa modu esanguratsuan aldatzen ari dela. XX. mendean desagertu ziren euskaldun elebakarrak eta, apurka-apurka, euskararen aldeko elebidunak desagertzen ari dira. 1989. urtean adinekoen artean euskararen erabilera tasak %13,7 jo zuen, batez besteko mailatik (%10,8) eta gazte nahiz helduen mailatik gora. Joan den urtean, berriz, adinekoen erabilera maila %8raino iritsi zen ozta-ozta, adin taldeen artean okerrena.

EKBk (Euskararen Kultur Batzarreak), SEI elkarteak eta Soziolinguistika Klusterrak 1989. urteaz geroztik egindako kale-neurketek argi eta garbi erakusten dute hizkuntzen arteko ukipen egoeran errotiko aldaketa gertatzen ari dela. Garai batean euskara, hein handi batean, nekazari edo arrantzale giroko udalerri txikietako fenomenoa zen, euskaldun gehien-gehienak alfabetatu gabeak, adinekoak eta oinarrizko ikasketa mailako herritarrak ziren, haien artetik askok erdaraz komunikatzeko zailtasunak zeuzkaten.

Gaur egun, ordea, kaleko euskaldunak dira nagusi, hiritarrak, udalerri handietako seme-alabak, gazteak, alfabetatuak, eskolatuak, eta haien arteko askok euskaraz jarduteko zailtasunak dauzkatela. Aldaketa esanguratsuak, bistan da.

Azken hogeita hamar urteotan aldatu ez dena, berriz, hizkuntza politika izan da. Ez hizkuntza politika, ezta hizkuntzaren inguruko legedia ere. Hogeita hamar urte baino gehiago dauzkate Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Euskararen Erabileraren Normalizaziorako Legeak eta Nafarroako Euskararen Foru Legeak. Egoera soziolinguistikoa aldatu da, inoiz baino euskaldun gehiago gara, egia da, baina euskararen presentziak eta, batez ere, erabilerak ez du beharko lukeen besteko maila lortzen.

Berreskurapenaren prozesua eten eta erabilera moteltzen ari da. Ez da zilegi euskaldunei, hiztunei, errua leporatzea, euskaraz ez dela egiten dakitenek erabiltzen ez dutelako esatea sinplekeria izango litzateke; horren arrazoiak bilatu behar baitira. Euskaldunok euskaraz egin behar dugu, jakina, eta horretarako espazioak, aukerak eta arrazoiak behar ditugu; baina, bestalde, eta oso nabarmen, hizkuntza politiketan eta legedietan aldaketak behar ditugu, eguneratzeko, egoera eta garai berrietara egokitzeko.

Horiek horrela, aurrera begira EH Bilduk euskararen berreskurapen prozesua biziberritzeko behar-beharrezkotzat jotzen du euskalgintza biziberritzea, alegia, euskaldunak, euskal hiztunak, aktibatzea eta antolatzea. Eta euskarak beharrezkoa duen Hizkuntza Politika garai berrietara egokitzea, iraganeko inertzietatik etenaz. Euskal Herri euskaldunaren alde, jakina.

Horregatik guztiarengatik, EH Bilduk, orain arte bezala, elkarlana sustatzen jarraitu nahi du molde aktiboan, eta gure ustez lehentasunezkoak diren lan eremu batzuk jorratu nahi ditugu; betiere jarrera ireki batean eta prest, beste eremu batzuetan ere guztion artean diagnostikoak konpartitzearekin batera, garai berrietara jauzi egiteko estrategiak adostu eta partekatzeko; eremu bakoitzeko aktibazio eta biziberritzetik, batzen gaituen bizkarrezurra indartuz, hots, euskara sendotuz.

Beraz, berandu baino lehen, euskararen eta herri honen biziraupen eta normalizaziorako politika eraginkorrak erdiesteko, lanean jarraitzeko eskua luzatzearekin batera, ondoko lan eremu hauen inguruan interpelatu nahi ditugu erakundeak, alderdiak eta eragile oro: lege markoak, euskararentzat estatus juridiko egokiak (ofizialtasuna, legeak, dekretuak…); euskarazko hedabideak, bereziki publikoak: akordio markoa…; administrazio publikoa; hezkuntza eta helduen irakaskuntza; arnasguneak; hiriguneetan eta eremu ez euskaldunetan, euskararen komunitatera herritarrak erakartzeko plan estrategikoak; sozioekonomia eta lan mundua; corpusa eta euskara batua; kultura, kirola eta aisialdia; azpiegiturak eta baliabideak; planifikazioa eta hizkuntza politika bateratua.

Horratx euskara biziberritzeko hizkuntza politikarako zenbait ardatz ezinbesteko. Alor eta egiteko gehiago ere izan litezke, jakina, eta, bestalde, epe ertain eta luzean izango ditugun agertokiak eta joerak aurreikusten eta ulertzen ere jakin beharko dugu. Eta horri guztiari ekiteko, behar besteko borondate politikoa eta herritarron atxikimendua ere ezinbesteko gertatuko zaizkigu. Euskararen ibilbide luzean izan ditugu zenbait une erabakigarri, hauxe ere horrelakoa da ziur asko, ekin diezaiogun lanari, beraz, eta eman dezagun euskararen biziberritzeak eskatzen digun jauzia.

Recherche