Joxemari Sestorain

Euskarafobiari «aukera bikoitzaren» mozorroa paratu diote

Haur eta Lehen Hezkuntzako 2016ko oposizioetan, izangai elebidunek «aukera bikoitza» izan zuten: larunbatean euskarazko lanpostuetarako probak eta, biharamunean, gaitegi berari buruzko gaztelaniazko lanpostuetarako probak. Oztopo bikoitz horri aukera bikoitzaren mozorroa paratzen zaio, oposizio batera aurkeztea bingoan ibiltzea bailitzan.

Bazirudien euskarari mendeetan inposatu dioten morrontza etengabea zer edo zer bigunduko zela laukotearen akordioarekin eta aldaketaren gobernuarekin. Frankismoaren ondoko trantsizioak arnasbide lipar bat ekarri zuen, nahiz eta marko glotofobikoak bere horretan iraun: indiarren erreserben gisako eremuak (irizpide historiko, demolinguistiko edo soziolinguistikoei muzin eginez), euskaraz ikasteko ezintasuna eremu ez-euskaldun deitutakoan (eskubide hau hamarkadetan aldarrikatu arren), lanpostu publikoko deialdietan euskara ez baloratzea edo balio txikia ematea, EITB ikusteko erabateko eragozpenak, euskarazko hedabideen laguntza eskasak, Euskalerria Irratiari lizentzia behin eta berriz ukatzea, seinale elebidunetan letra txikiagoa edo kontrasterik gabea erabiltzea, toponimia ofizialaren arbuioa, eta abar.

Erregimen euskarafobikoaren zenbait elementu bazterrean utzi –hezkuntzan, oposizioak eta kontratazio zerrenda bereizien kudeaketa– eta berdintasuna ezarriko zen, María Solana kontseilariak iragan irailaren 8an iragarritakoari jarraikiz: espezialitateen arabera bakarrik deituko zen oposizioa. Bereizkuntza UPNk inposatu zuen 1991n, 80etan zerrenda integratuek baitzuten indarra. Eta horra bereizkuntza horretarako trikimailua: euskaraz lan egiteko gaitasuna eta nahia adierazten dutenak «kutsatutzat» hartzen dira gaztelaniaz jarduteko. Horregatik erabaki behar dute: euskaldun izan eta «indiarren erreserbari» adjudikatutako lanpostuetan baizik ez aritzea, edo espainieraren hizkuntza armairu barrenean egon eta gaztelaniazko lanpostuetan irakasteko aukera izatea.

Dirudienez, eta hala argudiatzen da, oposizioan frogatu behar du irakasleak lan tresna izanen duen hizkuntzaz baliatzeko gaitasuna. Hala ere, proba memoristiko horietan oposizioko gaitegiari buruz dituzten ezagutzak frogatzeko eskatzen zaie izangaiei, ez zenbateraino dakiten hizkuntza bat edo bestea. Nafarroako administrazioko gainerako oposizioetan, euskararen eskabidea duen lanpostuaz jabetu direnek, probak gaztelaniaz eginez lortu dute, eta horrek ez du eraginik haiek euskaraz jarduteko. Bestalde, izangaiak bereizten dira irakasle funtzionarioekin alderatuta, haiek beste hizkuntza bateko lanpostuetara joan baitaitezke, eskatzen diren tituluen jabe badira.

Haur eta Lehen Hezkuntzako 2016ko oposizioetan, izangai elebidunek «aukera bikoitza» izan zuten: larunbatean euskarazko lanpostuetarako probak eta, biharamunean, gaitegi berari buruzko gaztelaniazko lanpostuetarako probak. Oztopo bikoitz horri aukera bikoitzaren mozorroa paratzen zaio, oposizio batera aurkeztea bingoan ibiltzea bailitzan, are gehiago, oposizioaren emaitza eta kontratazio zerrendak loturik daudenean (neurri hori ere UPNk ezarri zuen 2007an). Bada, hezkuntzako funtzio publikorako sarbidean gaztelaniak eta euskarak estatus bera izatea ez dute begi onez ikusten beren burua ezkertiartzat izan, baina espainieraren nagusitasunaren ideologiaren defendatzaileek: euskararen apartheidak betiko irautea nahi dute administrazioan, hautesle progreentzako neurri ustez arinago eta salgarriagoekin. Baina osotara akaltzen ari den hautesleria horrek erabaki lezake ezkerreko hautagaitzen alde egitea edo, inolako lotsarik gabe, botoa ematea 155. artikulua babestu duten alderdiei.

Recherche