Arantza Gutierrez Paz
Getxoko OEE plataformako kidea Mugak Zabalduz karabanan

Eutsi, etsai den lurrean

Melillatik bueltan, ferry bateko erosotasunetik idazten dut. Atzean geratu dira Afrikaren eta Europaren arteko itsas tarte estu baten ertzean kokatutako hirian bizitakoa, ikusitakoa, oihukatutakoa.

Daitort, ez nintzen karabanan etorri emakume zamariek edo ia esklabotza egoeran bizi diren etxeko langileek pairatzen duten egoera tamalgarria zuzenean ezagutzera; ezta kaleko umeak ikusi edo errefuxiatuen errealitate gordina lehen eskuko testigantzez hornitzera ere... Ez nuen behar. Dagoeneko Euskal Herrian horren berri izan dezaket honelako bidai bat egin barik. Hala ere, ezin ukatu, Melillan egunero pertsona batzuek jasaten dituzten tratu txarrak ikusteak (Nadorreko mugaren ondoan, adibidez), errefuxiatuen testigantzak entzuteak (CETIn, esaterako), kalean daudenen bizi-baldintzak ezagutzeak emozio eta amorruz bete du nire barrena, mugarik gabeko mundu baten aldeko borrokan jarraitzeko bete ere.

Erraza da niretzat: milaka manifa, ekitaldi, jardun solidariotan parte har dezaket Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako zapi horia lepoan... Melillako solidarioentzat, aldiz, ez da erraza, eta gutxi dira, oso gutxi. Euskal Herritik 200 ekintzaile baino gehiago joan gara Melillaraino Mugak Zabaldu karabanan, 450 espainiar Estatutik (Melillako alkate-presidenteak «perroflautak» garela esanez hartu gaitu)... eta indarra eraman diegu bertan egunero lan egiten dutenei, elkartasun olatua. Bihar, fokuak beste toki batera zuzentzean, haiek –gehienak, emakumeak– jarraitu beharko dute etsai zaien lurralde batean lan egiten, eusten.

Europako atea jotzen duten pertsona migranteak eta errefuxiatuak mehatxu moduan ikusten dituzte gehienek Melillan, bai lan-baldintza erosoak dituztenek (funtzionario eta militarrek Penintsulan baino 600-1.000 euro gehiago irabazten dituzte), bai krisiak eta prekarietateak kolpatutako langile prekarioek. Lehenengoengandik, pribilegioak galdu nahi ez dituzten horiengandik entzun ditugu irainik eta mezurik erasokorrenak. Besteengana hurbildu garenean, berriz, jarrera irekiagoa nabaritu dugu, aurreiritziz eta beldurrez jositakoa hala ere (gurean entzun ohi ditugunak: «lana kentzen digute», «etorkinen artean pertsona arriskutsuak daude»...). Indiferenteak direnak ere badaude...

Baina ni neu geratzen naiz irribarre eta begirada konplizez begiratu gaituztenekin, banatutako orriak irakurtzen zituzten edo gurekin hitz egiten zuten melillarrekin, bertako langileen egoera azaldu zigun taxilariarekin, tabernariekin... Haiek, guk bezala, ulertzen baitute Europako hegoaldeko mugan, ekialdekoan bezala, gertatzen denaren erantzulea Mendebaldean prekarietatea eta izua bultzatzen dituen kapitalismo berbera dela. Eta, horregatik, borrokatzen jarraitu behar dugu, arerioaren aurrean eusten.

Recherche