Inaxio Mendizabal
Euskaltzalea

Gauza handiak egiteko txikia behar, Martin

Aste pare bat igaro da Usurbilen trenak harrapatuta egoera larrian, Martin, Alde Zaharreko Donostiar gaztea, klinikara eraman zutenetik, eta larri jarraitzen duen arren, bizirik dago eta onera egin du behintzat eta esperantza dago, eta desioa, laster izango dugula berriro gurekin.

 

Alde Zaharra Donostian,
Sua, baioneta eta izuak ondo markaturik utzi zuten auzoa.
Uda betean, Abuztuaren hondarreko gau beltz batetan,
Abuztuak 31,
gorriz idatzi beharreko 1813an,
hor pairatu zen sarraskiaren oihartzun egiazkoak oraintxu hasi dira guregana iristen. Andre gazte eta adinekoak bezala neskatoak ere…
bortxatuak lehenik eta erahilak gero, harrapatzen zituzten gizonak bezala.
Egundoko triskantza eta suntsiketak burutu zituzten kale osoak sutan kixkalita utziz.
Gure istorioan atzera gehiegi egin gabe izandako gertakariak dira.  Aztarnarik gera ez zedin ondo saiatu ziren arren, bere gordinean, ari dira azaleratzen.
Euskaldunak birrintzea helburu, Gaztelako tropek, lehenagotik, desegina zuten Nafarroako Erreinua. Gerogo etorriko zen Francoren eraso bortitza eta ondorengo jazarpena.
Garai horretako basakeria asko eta asko oraino isilean gorderik egon den arren, lekukotza emateari ekin dio hura bizitutako askok, eta istorio latzak ezagutuko ditugu laster.

Eraso horietarik bat bakarra ere ez zen izan erantzunik gabe geratua (nahiz eta maila apalekoak izan).

Halarik ere, menperatuta geratu zen Euskal Herria,
Eta, hiru esparrutan banatua, hor jarraitzen du, bi estatuen menpeko izaten, egun .
Urte asko daramatzagu Euskal Herrian Herri izaera ukatua izaten
Geure gizartea antolatzeko erabaki guneak, benetan, gure esku izan gabe.
Interes ekonomikoek bultzatzen dute beti Herri bat menpeko egitea, eta interes ekonomiko horiek berak dira, edonon, askapen prozesua eragozten duten oztopo nagusiak.

Interes horiek, beti, herritar gehiengo oso zabalaren kaltetakoak izaten dira. Abesti ezagun batek dioen bezala: «…batzuen izerdiekin besteak diru eginaz, egia esan duena giltzapera».
Interes ekonomiko horiek dira giltzarri! Horien mesedetan ukatzen zaie menderatutako herriei Nazio aitortza. Horien mesedetan gauzatzen herritar langilegoaren zapalkuntza. Horien mesedetan bultzatzen ekonomia eta gizarte modelo batzuk eta ez beste batzuk.

Eta Martin, Alde Zaharreko gaztea, Ekonomia Zientziak ikasten ari, Bilboko Sarrikon. Martin, mutil gaztea, sasoi ederrekoa, alaia, lagunartekoa, humila, argia, azkarra… Etorkizun on baten jabe izateko prestakuntzan aurrera zihoanak, zer egiten zuen Usurbilen, trenak harrapatuta egoera larri horretan geratzeko? Kasualitatea! Bera baino lehenagotik, (bada hamaika! eta askotarikoak gainera, baina), beste batek, bat aipatzearren, Sarrikon ikasia zelako hau ere, eta bereziki, gure memoria kolektiboan txertatua geratu delako, Txabi Etxebarrietak, Martinek orain bezala, notarik altuenarekin karrera amaitu zuenak, garai haretan Bilbon bertan zegoen IBM enpresarentzat programa informatiko osoa sortu zuenak, «personal oparoa ziurtatua» zuenak, Euskal Herriko menperakuntza sistemari aurre egitea erabaki zuen, harik eta kontrol batetan, alto botata, atxilotuko zuten beldurrez, kotxea miatzen ari zitzaion guardia zibila tiroz bota zuen arte. Gero, arratsalde berean, Txabi bera hilko zuen guardia zibilak beste kontrol batetan, Tolosako Benta Haundin (50 urte beteko dira datorren hilean).

Gaur beste bide batzutatik aurre egitea erabaki da. Soilik bide demokratikoak erabiliz, Herriarekin batera bidea eginez. Betiere, gehiengoaren nahia haintzat hartuz eta errespetatuz, eta gehiengoak lortzera jokatuz. Nazioarteko legedian onarturik dauden eskubide zibil eta politikoen hitzarmena eta giza eskubideak denontzat, aldarrikatuz. Baina, beste gauza bat da, gehiengoaren nahierara egokitzen ote diren aurrera eramaten diren politikak.

Boterea daukanak, nahiz eta gehiengoa izan ez, indarrean dagoen sistema horrek iraun dezan, sistemaren aurka altzatzeko tentaldirik inori sor ez dakion, legedia bera are eta zorrotzagoa ezartzen baitu. Zigorrak asko gogortuz. Jendarteari beldurra sartuz: Mozal legea, adibide. Eta nor mugitzen da? Nor ausartzen ezarritako legeari aurre egitera? Desobedientzia egin liteke, laneko geldialdiak… Baina nork eman lehen pausua? Langabezira zindoazke, edo zigortu zaitzakete: Espetxeratu. Legea zorrotza da herritar xehentzako. Banaka batzuk izaten dira beren bizitzak arriskoan jarri eta besteren onerako sofritzera prestatzen diren lagun ausartak.
Ezagunak ditugu Euskal Herrian, Espainiako ejerzitoan soldaduska ez egiteko intsumiso mugimenduan borrokatu eta latz sofritutako gazteak. Soldaduskara joan balira baino denbora luzeagoa espetxeetan igaro beharrean aurkitu direnak. Borroka horrek ekarriko zuen, gero, gaurko gazteak soldaduskara joan beharrik ez izatea. Sofrikarioa, batzuena bakarrik. Irabazia, denontzat. Eta, erreparazioaz eta horrenbeste hitzegiten den garaiotan, pintzeladatxo bat markatzearren, zilegi bekit galdetzea, galera horrek ez  ote duen erreparaziorik merezi?
Gaur egun gauza bera gertatzen da. Manifestaldi batetara joateagatik, edozein aldarrikapen egiteagatik, Mozal Legea aplikatuz, gogor zigor dezakete. Gehiengoa lege horren aurka dago eta dagoela dio. Baita ordezkari politiko gehienak ere( aurka daude). Baina, kuriosoki, Gasteizko parlamentuan, gehiengoa lege horren aurka egonik, parlamentu horren mandatupeko den Ertzantza, Mozal Lege hori aplikatzen ari da. Eta aplikatuko ez balu, legea urratzen ariko litzateke.

Hemen, gauza da, eskubideak urra ditzakeen legea ez betetzea delitu dela, eta lege urraketa baino aisago, urratu ezin diren eskubideak urratzen direla. Zuzena ez den legerik ez dela agindu behar eta ezta betearazi behar ere, esaten du Eleizak. Eta hala diote militar ordenantzek ere, «agindu okerrik ez obeditu», dioenean.

Baina, gaur hemen dugun egoera egiazkoa, hori da. Aurrean dugun hormak aurrera jotzen ez digula uzten, eta bota nahi dugun horma hori jotzea bera ere delitu izanik, indarrak biltzen jarraitzen dugula, baina pareta mugitu gabe.

Hor, pareta-horma horri bultzada ematera azaltzen da Martin, Eskuzabal. Legea hausteak duen arriskua bere gain hartuz eta etor dakizkiokeen ondorio ez justu guztiez erantzule. Mozal Legea hankaz gora bota nahiz, Donostiatik Bilborako bidea egiten duen trena, lege zital horren aurkako aldarrikapenez josita bidaltzea du helburu. Trena Usurbila iristean hasten da operazioa. Bainan trenaren geldialdia ez da nahikoa aldarrikapenak txukun pintatzeko, eta trenaren aurrean jartzen da, denbora gehiago izateko; pentsatuz, tren gidariak ez duela aurrera egingo bera aurrean duela.

Tiananmengo irudiak datozkik gogora. 1989an Txinako gobernuaren politikek herritarren haserrea piztu eta gero, erreboltak isiltzeko  Pekinen tankeak atera, eta ehundaka lagun hil ondoren,  Tiananmengo plazan, neska bat tankeen aurrean jarri, eta tankeak gelditu zituenekoa. Han, agindua betetzera zihoan soldaduari egin zion desafio neskato hark. Eta soldadua ez zen gauza izan gorputzarekin soilik desafio egiten zion neskato hura gorputz bihurtzeko
Ez zuen halako zorterik  izan, Martinek. Martinen apustuak bi alde zituen. Mozal legeari, beraren aurkako aldarriak pintatuz, era aktiboan aurre egitea, bata; eta, gizarte antolatuan trenaren ordutegi arautua  zintzo betetzeko agindua zuen makinistari, herritar eta langile izaera sentiaraziz, gizatasunez trena geldi eduki zezan desafio egitekoa, bestea.

Dakitenek adierazi dutenez, ordea, badirudi trenaren kabinatik horren gertura ikusteko ez dela aukerarik, eta makinistak ezin izango zuela ikusi aurrean zuen mutila. Beraz, Martinen itxaropen eta kalkuluek huts egin zuten, ez zuelako lortu makinistaren gizatasuna proban ipintzea. Makinistak ez zuen Martin ikusi eta han ez zen desafiorik bizitu. Trenak aurrera egin zuen eta Martinek ezin atzera egin, garaiz.

Martinek bere apustuan kale egin duela esanda lasai geratuko da zenbait. Baina Martinek egin duena aztertzen hasita, horretan bakarrik erreparatzea, itsu izatea litzateke. Hor Martinek eman duena askozaz gauza haundiago da. Usurbilen Martinek azaldu duen horretan, arriskoak arrisko, zigorra zigor,lege ez justua hautsi eta  bertan behera uzteko determinazioa dago. Erabaki sendoa. Usurbilgo eleizaren horma zaharren irmotasun eta sendotasunaren pareko erabakia. Irakaspen bat eman nahi izan du. Gizatasunarena. Eskubideak urratzen dituen edozein lege hankaz gora botatzeko beharra eta premia agerian utzi nahi izan ditu. Baita horretarako ordenarekin hautsi behar bada ere. Eta, ordenurik gabe gizarteak ezin du funtzionatu.

Gutxiengoari bakarrik mesede egin eta gehiengoa kaltetzen duen legea indargabetzeko ez duela gehiengoak zertan itxaronik. Makinistak bete beharreko agindua (orduarekin aurrera egitea) eta trenaren aurrean jarriz trena ez abiarazteko talka jarri zuen jokuan. Joku hori ez da jokatu oraingoan Ez da inori min ematea joan. Ez dio inori minik eman. Bere bizia soilik jarri du arriskuan.

Ezarrita ditugun legeen aurrean geheingoak jokatu beharko lukeen papera eta bere aktibazioa dira hemen jokoan ditugun gakoak. Legearen aurrean izan beharko genukeen jarreraz irekita eta oso pizturik utzi digu debatea

Ordainetan, berak haustura eta zauri larriekin Ospitalean jarraitzen du.
Berehalakoan ondo izango den itsaropenean, bihoakio lerro hautatik babesa eta maitasuna.

Recherche