Mikel Aramendi
Kazetaria

Kanariak eta geopolitika

«Agian, komeniko litzaioke Madrili, gaur-gaurkoz, «Kanarien espainiartasuna» eta irla haien autodeterminazio eskubidea uztartzea. Baina behin hasitakoan, batek daki nora garamatzan asmakizun deabrutu horrek…»

Herenegun eman zuen azken hatsa Tenerifen Antonio Cubillok, 82 urterekin. Haren berri gehiago jakin nahi duenak bistadizoa bota diezaioke bere ilobak plazaratu berria duen dokumentalari. Bizitan begirunez hartu genuenok azken agurra ematen diogun eran, Cubillori beti herra eduki diotenek ez dute aukera galdu hari buruzko zitalkeriak, erdizkako egiak eta gezur biribilak barreiatzen ahalegintzeko. Hil eta gero ere Cubilloren mezua arriskugarria delako Espainiar Estatuaren batasunarentzat. Cubillo bera baino askoz arriskutsuagoa. Kanariak dauden lekuan daudelako. Geopolitika esaten diote horri.


Geopolitika horrexek argitzen du, beste ezerk baino hobeto, Cubilloren ibilbide politikoa 1960ko hamarkadan MAC autonomista lehendabizi sorterrian, eta gero, Aljerren erbesteratu ondoren, MPAIAC mugimendu independentista sortu zituenetik. Mugimendu xumeak benetan, itsasmen eta indar apartekorik eduki ez zutenak ez Kanarietan, ez erbestean, baina, aipatu geopolitika hori dela-eta, Madrilgo agintari frankisten eta haien oinordekoen etsai gorrotagarrienetakoak izatera iritsi zirenak. Eta horrek berak argitzen du zergatik 1978ko apirilaren 5ean, agintari horiexek bidalitako bi hiltzaile saiatu ziren Cubillo labankadaka hiltzen Aljerren, betiko elbarrituta uztea «besterik» lortu gabe. Estatu krimen haren erantzule politiko gorena, Martin Villa ministroa, oraindik hor dabil, patxadaz eta lotsarik gabe; antolatzailea, Conesa komisario hitsa, ohean hil zen, Kanarietan gainera; Espinosa Pardo, Alfonso Gonzalez eta Cortes borreroak, zerbait zor zaielakoan edo, «balentria» diru truk kontatzeko irrikatzen daude; eta Werner Mauss? Batek daki non dabilen Mauss...


Azken urte hauek Kanarietan mugimendu politiko independentzia zalea erein eta errotu nahian, eta berak jasandako eraso kriminalaren erantzukizunak eskatuz eman ditu Cubillok. Arrakasta apalarekin, zinez. Baina horrek ere ez du gutxitu Espainiako zenbait zirkulutan Cubillori dioten herra; gaztelerazko Wikipedian hari buruzko atalen erredakzioan jaulkitzen diren zitalkeriak irakurri besterik ez dago. Edota, hil denean, nola tontolapiko errepikakor guztiek ekarri duten gogora 1977ko martxoaren 27ko hegazkin istripua Tenerifeko Los Rodeos aireportuan, aire trafikoaren kudeaketa narrasaren ondorioz ez baizik MPAIACekoek Gandon ipinitako petardoen ondorioz bi hegazkin haiek elkar jo balute bezala. «Kausaren kausa» edo logika hori beste edozertarako erabiliko balute…


Arazoa da, Cubillo hil eta gero ere, Kanariek betiko lekuan jarraitzen dutela eta, horrexegatik, Ceuta eta Melillarekin batera, Espainiar estatuaren «saihets» ahul eta minberetako bat izaten jarraitzen dutela. Geopolitikagatik. Honen kumea den geoestrategian, Espainiarentzat, Kanariak-Itsasartea-Balearrak ardatzak lehentasun osozkoa izaten jarraituko duen bezalaxe.


Agian, komeniko litzaioke Madrili, gaur-gaurkoz, «Kanarien espainiartasuna» eta irla haien autodeterminazio eskubidea uztartzea. Baina behin hasitakoan, batek daki nora garamatzan asmakizun deabrutu horrek…

Recherche