Mikel Zubimendi
GAUR8

Orduko Herri Batasuna eta gaurko Podemos

Podemos fenomeno bat da, haize berria ekarri eta gauzak beste era batean egin daitezkeenaren ideia indartu du, olatua altxatu du, jendeak entzun egiten du bere mezua, lagunarteko hizketaldietan presente dago, eta, bai, atentzioa eta jakin-mina pizten du. Asteon nabarmena izan da hori guztia. Euskal herritarrek alderdi batez hitz egin badute, hori, dudarik gabe, Podemos izan da. Ez EAJk, ez Sortuk, ez PSEk ez dute halako inpakturik izan.

Alderdia osatzeko prozesuan da Podemos. Sortze-batzarra egin dute Madrilen eta gertakizun sozial eta mediatiko bihurtzen jakin dute. Jakina, PPko buruzagien ustelkeria eta hamarnaka alkate eta enpresabururen atxiloketek lagundu egin diete. Gain hartu duen ustelkeriak deskonposizioa irudikatzen du, sinesgarritasuna zeropetik dago –eta politikan, behin galduta, oso-oso zaila da berreskuratzea– eta agintariak mafia bat direnaren ustea oso hedatuta dago. Horren aurrean, Podemos, ustel lotsagabe horiei guztiei muturreko bat emateko aukera iritzita, bazterreko mugimendu izatetik zentralitatea hartu duen alternatiba erreal gero eta sendoagoa da.

Hauteskundeak gerturatu ahala kalkulu eta jokaldi berriak ageri dira eta, Espainian bezala, Euskal Herrian –eta Katalunian– Podemosek asko aldatu ditzake zenbakiak, aliantzak eta estrategiak. Alderdien goi mailetan Podemos oso kontuan hartu beharreko elementua da. Euskal Herria-Estatua marra irudikatzen da sarritan, eta ezin da ukatu bere existentzia. Baina, agian, euskal herritarrok apur bat espainol garelako edo auskalo zergatik, marra hori desegin eta Podemos etxekotu egin den fenomenoa da. Euskal politikaren bihotzean sartu den labankada garden bat izan da.

Lagungarria da hori. Espainian Podemosi gauzak ondo joatea ona, oso ona izan daiteke Euskal Herriarentzat. Poztuko ninduke. Besterik da, eta normala, Podemosek irabazteko anbizio osoa erakustea eta posible dela sinestea eta zabaltzea. Zail ikusten dut, baina, aritmetikak Trantsizioaren zutabe izan den PP-PSOE duopolioaren gehiengoa ematen duen bitartean, Podemosek bakarrik Trantsizioaren arkitektura deseraikitzea eta haustura demokratiko eta iraultzaile bat Espainiara ekartzea. Izan ere, Estatua estatua da eta alderdi politikoak beste gauza bat. Baina, hipotesia egi bihurtzea, Podemosek bakarrik irekitzea aukera hori, Katalunian dagoenarekin batera, eta Euskal Herrian prestatu beharko genukeenaz gain, mundiala litzateke. Hiru fronte zabalik eta, asko, irabazteko asko.

Zuzen eta dotore aritu behar dugu Podemosekin. Beharrezkoak ez diren talkak ekidinez, nahitaezkoak izan daitezkeenak zainduz, haren eguneroko jarduna errespetatuz. Elkarlana, elkarrizketa eta elkarkidetza gauza daitezkeen arlo asko daude. Izan bitez ongi etorriak. Badakit, bestalde, Podemosek egiten dituen gauza batzuek eraginkortasuna baino izen hobea dutela. Famatu egin direla Espainiako komunikabideetan. Antolakuntza mailako bere prozesuan argitzalak ikus daitezkeela. Baina edonola ere, handia da egin dutena. Beste alderdi batzuen sortze-prozesuek lortu ez dutenaren aurrean ikasgai politak utzi ditu.

Politika ere bada, zerbantinoz esaten den bezala, «vestir la mona» bat egitea. Eta herritar xume askoren begietan politika orangutan bat baino zatarragoa den honetan, Podemosek tximino batzuk nola jazten dituen ikusteak eta publiko zabalaren aurrean zein apain eta fresko aurkezten den ikusteak ezin hobeto hitz egiten du haietaz.

“Berria” egunkariak Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketa eder eta aski zorrotzean 1978ko Herri Batasunaren izpiritua aipatzen da. Ados nago, oso. Podemosekiko lilura batetik baino, askoz ere gehiago ikasi dezakegu gure esperientzia eta historia propiotik. Etorkizuna ez da iraganaren inertzia eta normal egiten ziren kontuak eguneratzea. Baina gure sorrerako kromletxean bildu, eta, bertan inspirazioa hartuta, gauza handiak ikasi eta egin daitezke.

Natural ateratzen zait, aupa Podemos eta zorte on! Ondo badoakizue, herri honentzat hobe. Hemen gaituzue, laguntzeko prest, zuen laguntza jasotzeko gogoz, eskua luzatuta, euskal herritarren batasuna abiapuntu eta helmuga gisa hartuta. Sigla, txikimundu, parrokia eta tribu oroz gain, euskal herritarren batasuna bultzatuz, herri mugakideekin elkar ulertzeko eta eragiteko gogoz.

Recherche