Rober Gutiérrez
Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria

Ospatzeko arrazoi ugari

Atzera begiratuta eta azken 10 urte hauetako lorpenak ikusita, baditugu harro egoteko motiboak, Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektutik harago joan baikara. Asko dira orain arte abian jarritako egitasmoak eta buruturiko proiektuak.

Gaurkoan, oporren ondorengo lehenengo kolaborazioan, hilabete barru izango dugun ekitaldi baten berri eman nahi dizuet... Bertan, Bai Euskarari Elkartearen 10. urteurrena ospatuko dugu. 2007an sortu zen elkartea, 7 urte lehenago abian jarritako Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua indartzeko, elkarlanaren bidez gidatzeko, zabaltzeko eta sendotzeko, eta gizartearen aurrean erreferentziala izateko xedearekin.

Bidean, hanka-sartzeren bat izan dugu, noski, baina aurrera egiteko ikasbidea izan da. Atzera begiratuta eta azken 10 urte hauetako lorpenak ikusita, baditugu harro egoteko motiboak, Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektutik harago joan baikara. Asko dira orain arte abian jarritako egitasmoak eta buruturiko proiektuak. Urtero, Ziurtagiria duten entitate guztien segimendua eta ebaluazioak egiten ditugu, hedapena ere egin ohi dugu, horietan eta inguruan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko eta areagotzeko. Gero eta pertsona, entitate, enpresa edota komertzio gehiago ohartzen ari dira euskara arlo profesionalean txertatzearen balioaz eta hizkuntza sustatzeko ahalegina egiten ari dira. Bai Euskarari Elkartea saiatzen da bidaide eta laguntzaile izaten prozesu horretarako baliabideak eta erraztasunak eskainiz, esate baterako: euskararen erabilerari dagokionez egoki aritu nahi duten entitateek egin beharreko bidea jaso dugu eta horren berri zabaltzeko posterrak prestatu ditugu, erakundeen hizkuntza-egoeraren diagnosia egiteko aplikazioa zabaldu dugu, Lansarean euskarazko lan-ataria sortu dugu... Era berean, hainbat erakunderekin lankidetza emankorrak hitzartu ditugu eta nabarmentzekoak dira horiei esker martxan jarritako hainbat proiektu: Enpresarean, Lazarraga Sariak eta Lanabes besteak beste.

Bestetik, Bai Euskarari Elkartearen 10. urteurrenaren ospakizunarekin batera, aurtengo Bai Euskarari sariak banatuko ditugu. 2009tik ari gara sariak banatzen, gizarteari esperientzia eta eredu egokiak eskaintzeko asmoarekin. Saria irabazi dutenen artean, ziurtagiria duten hainbat entitate ditugu: Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa), Sokoa (Hendaia), VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak, Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz), Euskal Herria Esnea, Nekatur, Sorginen Museoa eta Lezea (Zugarramurdi) edo Laneki. Norbanakoen ereduak ere saritu nahi izan ditugu urte hauetan: Kirmen Uribe, Xabier Mendiguren Bereziartu, Jose Anjel Iribar (Athletic), Anaje Narbaiza (Elay), Kike Amonarriz, Gaizka Garitano edo Mikel Lezamiz (Mondragon Taldea).
Urriaren 6an banatuko dira Bai Euskarari Sariak Donostiako Tabakaleran. Ordurako, bi entitate eta pertsona bat hautatuko dira Bai Euskarari saridun gisa. 2017ko edizioan, irabazleen aukeraketa publikoaren proposamenetatik abiatuko da eta, horretarako, irailaren 15era bitartean hautagaiak proposatzeko epea zabalik egongo da. Aurten ere hiru sari banatuko ditugu: Bai Euskarari ziurtagiria duten entitate guztien artetik, bik Bai Euskarari Saria jasoko dute eta hirugarren saria Bai Euskarari Laguna izango da, Euskal Herriko pertsona batek jasoko duen saria alor sozioekonomikoan euskara sustatzearen alde egindako lanagatik edo ekarpenagatik. Proposamenak jaso ondoren, Bai Euskarari Elkarteak izendatuko duen epaimahaiak hiru saridunak hautatuko ditu.

Aurtengo edizioan, berritasun moduan, proposamenak bidaltzen dituzten pertsonen artean bonoak zozkatuko dira Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateen produktuetan edo zerbitzuetan gastatzeko.

Sari hauen bidez alor sozioekonomikoan euskara sustatu duten eta ibilbide arrakastatsua eta eredugarria duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi dira.

Gurekin batera ospatu, arrazoi ugari ditugu eta.

Recherche