Aingeru Ezkerra Andueza
Donostiako Frankismoaren Genozidioaren Biktimen Elkarteko kidea

“Si me quieres escribir, ya sabes mi paradero...”

(Abuztuak 30, desagertutakoen nazioarteko eguna)
Izenburuan agertzen den estribiloak honela jarraitzen du: “Tercera Brigada Mixta, primera linea de fuego...” Noizean behin, abesti hau burura etortzen zaigu, eta izugarrizko zirrara sentitzen dugu.

Abesti hau oso ezaguna egin zen Ebroko frontean izandako operazio militarrak zirela eta. Han, gainera, gure zoritxarrerako, erabaki zen 1931ko espainiar Errepublikaren etorkizuna.

1937, 1938 eta 1939 urteen artean, Errepublikako Armada Herritarreko (Ejército Popular de la República) gudari edo milizianoen eta haien emazte, guraso, seme-alaba eta lagunen artean eskutitzen bitartez harremana mantendu zen. Horrela berriak helduko zitzaizkien, onak eta txarrak... Ebroko frontean hil zen, besteak beste, Joaquin Amilibia, orduan PSOEko Gipuzkoako Diputatua zenaren anaia. Bere senideei eskutitzaren bidez iritsiko zitzaien berri txarra.

Nire senideei, Donostiako Frankismoaren Genozidioaren Biktimen Elkarteko kideei, eta senideren bat desagertuta duen orori ez zaigu inoiz hango eskutitza iritsi, ez hangoa eta ezta inongoa ere. Gure eskutitzak ez zitzaizkien inoiz iritsi... desagertu egin ziren. Duela, jada,79 urte!!

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 2010eko abenduaren 21ean erabaki zuen abuztuaren 30a Borondatez Kontra Desagertutakoen Nazioarteko Eguna izendatzea. Eta hori dela eta, gogorarazi nahi dugu Euskal Herrian esparru horretan izugarrizko gabeziak ditugula.

Badakigu hilda daudela. Ez dakigu, ordea, nola. Agian frontean, lehergailuren batek txikituta. Edo agian preso hartu zituzten. Eta horrek ikaratzen gaitu. Irudikatu dezakegu nola izango ziren haien azken minutuak: “Ven aquí, marxista de mierda, maricón, te vamos a matar, rojo-separatista, te van a matar unos hombres de verdad, y vamos a pasarnos por la piedra a todas esas mujeres marxistas, para que vean cómo es un español de verdad...”. Eta gero, hormaren kontra jarri, bakarrik edo beste gizajoren batekin, eta akabo betirako. Zenbat aldiz pasa ote zaigu burutik ametsgaizto bera?

Guzti horiei aurpegia jarri nahi dizkiegu, ez baitira zenbaki hutsak. Elkartean lan egin ondoren, lekukotasun negargarriak ditugun. Honako hauek zerrenda amaigabe baten adibide gordinak dira:

Juan Osteriz Jacue, 46 urte, PCE-EPK-ko MAOC-Gipuzkoa bataloiko milizianoa, ustez 1936ko abenduan Legutioko ofentsiban desagertutakoa. Compañia Roja de Alzako milizianoa ere izan zen.

Eusebio Osteriz Elso, 21 urte, aurrekoaren hiloba, Tolosakoa. CNTko Sacco y Vanzetti bataloiko milizianoa, ustez 1937ko martxoan Gorbeian, Etxaguetik gertu, Divisiones de Navarrako frankistek egindako erasoaldi batean desagertua.

Sebastian Baigorrotegui Jacue, 20 urte, Altzakoa, PCE-EPK-ko MAOC-Gipuzkoa bataloiko milizianoa, ustez 1937ko martxoan Intxortako ofentsiban hil zena, baina gorpua ez dena agertu. Compañia Roja de Alzako milizianoa ere izan zen.

Hipolito Berasategui Alcalde, 31 urte, Ibaeta auzokoa. Frankistak Donostian sartu, eta urriaren 29an  Ondarretan espetxeratu zuten.  Bertatik azaroaren 7an “libre” atera ondoren, ustez “paseo bat egitera” eraman zuten, eta Hernaniko hilerriko hormen kontra fusilatu eta desagertutakoa.

Antonio Pingarron Magaña, 37 urte, Altzakoa, PCE-EPK-ko Gernikako Arbola bataloikoa, Bilboko defentsan 1937ko apirila aldera desagertuta.

Eduardo Trincado López, 19 urte, Grosekoa. Frankistak, irailaren 13an Donostian sartu bezain pronto, aitaren bila joan ziren, eta bera ez aurkitzean, seme hau eraman zuten. Ez dago berari buruzko inongo berririk.

Claudio Pascual Villarreal, 25 urte, Loiolakoa, soldaduska Trujillon (Cáceres, Espainia) egiten ari zela, matxinatuen alde ez jarduteagatik preso hartu zuten, eta espetxean egon ondoren, 1938an fusilatua, eta gorputza desagertuta.

Ez ditugu aipatu gabe utzi nahi 1947ko urriaren 17an Donostiako Konporta auzoan guardia zibilak erahil zituen gerrilariak. Brigada Malumbreseko kide hauek gerra ostean Cantabriako hegoaldean urte batzuk egin zituzten erregimenaren kontra borrokatzen. “Procedimiento Sumarisimo Urgencia 794/47” prozeduratik ateratako zati bat merezi du irakurtzea: “...merodeaban por el Sur de Santander, tres bandoleros apartados ostensiblemente de la convivencia social, formando grupo armado para dedicarse al merodeo cuyos individuos se llamaban Matías García Bañuelos, Felipe Villegas Nieto y el otro llamado Gerardo (cuyos restantes datos de identidad no constan) (…) que pretendía cruzar la frontera (...) la fuerza pública cercó la casa (…) con intención de apresar  a los bandoleros, los que hicieron algunos disparos (…) y viendo los malechores que no podían huir se dieron muerte a sí mismos (...). Considerando.- Que los hechos relatados integran un delito de bandolerismo del Artículo 5º del Decreto-Ley de Bandidaje y Terrorismo de 18 de abril de 1947 (...)”

Zein antzekoak diren lehengo eta oraingo bertsio ofizialak! Gauzak ez dira asko aldatu, ez...

Zati honek amorrazioa ez ezik, izugarrizko tristura eragiten digu: Gerardo izeneko gerrilari horren heriotza. Inork ez zekien nor zen, agian hildakoren batek bai. Gerardo delako horren familiak izan al zuen noizbait bere berririk? Agian zaharrenek noizean behin aipatuko dute osabaren bat gerran desagertu zela, baina bere egoera zehatza inoiz jakin gabe. Bere hezurrak Donostiako Polloeko hilerrian izango dira, hilobi erkide batean... inork erreklamatu gabe. Eta horrelako ehundaka kasu...

Kontua da kasuz kasu aipatzen hasiko bagina, liburu oso bat edo bat baino gehiago beharko genituzkeela. Baina bai aipatu nahi genituzkeela frontea egon ez zen herrialdeetan fusilatu eta desagertuarazi zituzten guztiak: Arabakoak, Nafarroako 3.700 fusilatuak.. Eta baita ere, gerran ez ezik, gerra ostean fusilatu eta desagertutako guztiak.

Halaber, barkaezina izango litzateke makisean borrokatu zuten, eta mendian desagertuarazi zituzten guztiak: Asturiasko Picos de Europakoak, Galizia eta Leon arteko mugan ibili ziren Federación de Guerrillas León-Galiciakoak, Agrupación Gerrillera de Levante y Aragónekoak, Toledoko mendietan ibilitakoak, Franciako mendilerroan, Andalucian... ehundaka daude...

Baina borondatez kontrako desagertutakoen zerrenda ez zen 1936an bukatu, edo 1939an, edo 1947an. Zoritxarrez jarraitu du; izan ere, Gerra irabazi zutenek ez dute inolako asmorik izan boterea uzteko, eta frankismoan bezala, borbonismo-frankismoan ere metodo berdinak erabili dituzte, eta gainera, inpunitate osoarekin.

Eduardo Moreno Bergaretxe, donostiarra, 1976ko uztailean ustez talde parapolizial batek desagertuarazitako. Talde parapoliziala esatea ez da teknikoki egia, esan beharko zen Estatutaren Aurrekontu Orokorretatik finantziatutako taldea, edota Estatuko goi erakundeetan diseinatutako gerra zikina exekutatzeko taldea.

Mikel Zabaltza Garate, 33 urte, Altzan bizi zen. Guardia zibilak 1985eko azaroaren 26an Intxaurrondoko kuartelera atxilotuta eraman zuen, eta abenduaren 14an “aurkitu” zuten Bidasoa ibaian itota. 18 egun desagertuta egon zen.

Eta bitartean, zer egin du Eusko Jaurlaritzak eta Estatu espainiarrak? Iruditzen zaigu ez dutela ezer egin. Edo hobeto esan, itxurakeriak bai, baina Juztizia, errekonozimendua eta erreparazioaren bidetik ezer ez.

Ez da guk esandakoa, Nazio batuen Erakundeak adierazitakoa baizik. Noski, guk Nazio Batuen esandakoa berresten dugu.

Lehendakaritzari bidalitako 2013ko azaroaren 18ko bi idatzitan, esate baterako, eskatu genion, alde batetik, Donostiako desagertuen zerrenda, biktimen senideei zor zaien informazioa eman ahal izateko. Bestetik, Gerra Zibileko hilobien mapa bazuenez, eskatzen genien kokapen horietan zeuden gorputzak ateratzeko.

Hilobiratutako pertsonen senideak ginenez, uste dugu prozesu hori ezin dela eten gabe luzatu, eta epe zehatz bat jarri behar zitzaiola. Eskubidea dugu egia jakiteko, eta halaber, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dugu, baina denbora joan ahala, eskubide horiek desitxuratzen doaz, eta hortaz, premia dugu gure ahaideen berri lehen baino lehen jakiteko.

Proposatu genien lan guzti horiei epe muga bat jarri behar zitzaiela, eta ezin zuela bi urte baino gehiagokoa izan. Eta horretarako, eskatzen genuen giza baliabide gehiago egokitzeko, eta behar izan zitezkeen beste aditu taldea edo taldeak abian jartzeko. Bi urte hauetan ez dugu inolako erantzunik jaso.
 
Gure herrian Justizia lortu ezin dugunez, Argentinako epaileengana jo genuen, Estatu mailako beste biktimen moduan. Servini epaileak Frankismoaren biktimen kereila onartu zuen.

2013ko irailaren 27an Nazio Batuetako Desagertutakoen Lantaldea Euskal Herrira etorri zela eta,  gure Elkarteko testigantza batzuk aurrez aurre aurkeztu genituen. Eta 30ean txosten batean Estatu espainiarrari ohartarazi zion nahita nahiezkoa zela desagertuen gaia premiazkoa izan behar zuela eta gorpuzkinak aurkitzeko lanak azkar burutu behar zirela. Eta era berean, gomendio bat eman zion: atxilotuen inkomunikazioa baimentzen zuen araudia indargabetzeko!!!!

Horiek izan dira izan ditugun errekonozimendu bakarrak. Pertsona bezela tratatu gaituzte. Hemengo erakundeek, ordea, mespretxuarekin.

“Castako” alderdiek, Kode Penalaren mehatxuarekin, “pensamiento único” ezarri nahi digute. Hildakoak ere kasta desberdinetakoak izan behar dute, frankismoan bezala: soilik Espainiaren Batasuna, Erregea eta Generalisimoaren alde hil zirenak merezi dute biktimatzat jotzea. Haientzat errekonozimendua, justizia, erreparazioa. Beste guztiok ez dugu ezer merezi. Ez gara biktimak... okerreko bandoan ginen...

Guretzat, ordea, gure desagertuek errekonozimendua, justizia eta erreparazioa merezi dute inork baino lehen, Errepublika defendatu zutelako, Euskal Herriaren nazio izaera defendatu zutelako, injustiziaz betetako mundua eraldatu nahi zutelako. Hori izan zen haien “bekatua”, eta, noski, hori ezin zaie barkatu. Espainiako egungo Erregimenarentzat eredu txarra ematen dute, baztertu behar  dira. “¡Qué no molesten, coño!”

Azkenik, Luis Carrero Blanco genozidaren bilobari eskatu nahi nioke, bere aita hil zutenak barkatzen hasi baino lehen, laguntzeko gure senideak non dauden jakiteko, eta bere aitak milaka eta  milaka pertsona (gizon, andre, ume, gazte, zahar) hiltzen lagundu zuela aitortu dezala, eta nahi izanez gero, barkamena eskatu dezala. Eta bere aitari egokitutako kalte-ordaina ere ondo etorriko litzaiguke gure senideen aztarnak bilatzen laguntzeko. Orduan, uste dugu, gauzak aldatzen hasiko liratekeela, eta benetako transizio bat ezagutu gezakeela, benetako demokraziara eramango gaituena.

Recherche