Eneko Aldana eta Leire Larrasa I Ziburu Biziko zinegotziak

Agiria

1937an, Kontseilu Orokorrerako kanpaina kari, orduko auzapeza zen Joseph Abeberry-k ziburutarrei boza eskatzeko orria euskara hutsez banatzen zien. Garai hartan euskara Ziburuko hizkuntza nagusia zelako marka.
77 urte berantago, gehiengo munizipalak euskara berreskuratzeko tresna baitezpadakoa den ikastolarik ez du nahi Ziburun.
Ziburu Bizik, ezkerreko abertzaleen herriko taldeak, Ziburuko ikastolaren aferan dagoen blokeo egoera eta politizazioa biziki deitoratzen ditu : ikastola eta euskararen etorkizuna aho bateko adostasunez lagundu beharko litzateke gatazka iturri bihurtzeko partez eta talde politikoek plazara agertzeko beharrik izan gabe.
Ez da kasua gaur Ziburun : gehiengo munizipalaren jokabideak 20 urte gibelera itzultzen gaituen atzerapauso larria da.
Ziburu Bizik ondoko puntuak berresten ditu :
–euskara Euskal Herriko eta Ziburuko jatorrizko hizkuntza da, nahi duten guziek bizitzeko hautatzen ahal dutena, agintari politikoek etorkizuna bermatu behar diotena ;
–aditu guziek diote ikastolek darabilten murgiltze eredua dela hiztun osoak, euskaraz bizitzeko gai izanen direnak, sortzeko biderik eraginkorrena ;
–familiek beren haurrentzat irakaskuntz ereduen artean hautatzeko eskubidea izan behar dute (frantses elebakarra, elebiduna, murgiltze sistema) eta Herriko Etxe batek eskubide hori bermatu behar die.
Ziburu Bizik salatzen du ikastolaren aferari ematen zaion tratamendu diskriminatzailea. Gehiengo munizipalaren sasi aterabideek euskaraz bizi nahi duten guzien hizkuntz eskubideak zangopilatzen dituen apartheid politika baten itxura dute :
–ama ikastola kolegiora ekartzea : leku aldetik eta pedagogikoki funtsik gabea izateaz gain, hiri erditik urrun euskaldunen erreserba edo ghettoa sortzea litzateke ;
–beste herrietako ikastoletara joatea : bigarren mailako herritar ote dira euskaldunak beren herrian berean arrotz ? Ez ote dituzte eskubide berak, hala nola beren haurrak beren herrian eta nahi duten hizkuntzan eskolatzekoa ?
–Seaska federazioa auzitegietara ekartzea : eskola bateko arduradunak auzitegietara eskola bat sortu nahi dutelako ! Ziburuk marka guziak hausten ditu : kostaldeko azkena ikastola bat izaten eta lehena eskola bat auzitara ekartzen...
Auzapezari, irakaskuntzaren ardura duen auzapez ordeari eta gehiengoaren hautetsi bakoitzari dei egiten die Ziburu Bizik egoera burugabe hortatik atera eta arrazoibidera itzultzeko : haur batzuez ari gara, interes edo itsukeria politiko batzuek bahituak izan behar ez dutenak.
Haurrak lehen biktimak izanen dituen gatazka egoera hortatik atera eta konponbidea atzemateko bere nahikeria berresten du Ziburu Bizik eta jakin arazten, sutara egur gehiago bota ordez proposatu zuen bitartekaritza bidea berriz zabal daitekeela.
Ziburuk ikastola behar du eta ikastolak aterabidea.

Recherche