Bego Zestau

Banekien gogorra izango zela, baina...

Banekien gogorra izango zela, baina sekula ez nuen pentsatu halako tamainako basakeria ikustera iritsiko nintzenik. Gaizki deituriko “errefuxiatuen kanpamenduetan” egona naiz bigarrengoz pasa den eguberri hauetan. Grezian, Salonikan. Tamalez, oraingoan ere errealitateak fikzioa gainditu du, nire anima milaka pusketan txikitu duen bezala.

Nola barneratu han ikusi-entzun-sentitutakoa? Norbaitek azalduko al dit behingoz, zergatik ez zaien inolako informaziorik ematen, humanotik ezertxo ere ez duten bizi baldintzetan bizirauten diren pertsona haiei? Nola enkajatu, han dauden gizakiak erabat utziak, ahaztuak, abandonatuak daudela? Zer egin dute ba haiek hori merezi ahal izateko, gerratetik ihes egitea ezik?

Zergatik ia ez dago inor kanpoetan? Ez militarrik, ez GKErik ia ia, ez boluntariorik kasik. Zergatik urruntzen dira denak, han erabatean daudenak ezik? 10 hilabetez edota urte batez itxoiten? Itxoin? Zeri?

Hori da galdera, eta erantzuna? Isiltasuna. Segunduak berak bukaezinak bihurtzen dituen isiltasun zartatzailea. Bizi baldintzetan ikaragarri egin dute okerrera, han «harrapatuak» dauden gizakiek: Munduak bera utziak daude, bizitzaren suertera kondenaturik;  norabiderik gabe, noraezean.

    Segunduak soilik irauten duten irrifar iheskorrak haien ezpainetan, egoera sufriezina suertatzen baita, jasanezina. Begirada galduak, lapurturiko itxaropenak, ilusio izoztuak, betirako desagertzetik hurbil. Angustia, izua.     

    Babestu eta zaindu ezineko emozioak, afektuak. Denboran  mantendu ezin direnak. Han mantentzen den bakarra haiek direlako. Gainontzekoak, gainontzekook, joan etorrikoak gara, maitasuna bezala. Gizakiaren osotasuna zeinen arina den adierazten duten brote psikotikoak. Osasuntsua ez den erretzeko erritualaren hasiera, haiek oso ongi adierazi diguten moduan: «Zer du ba bizitza honek ona niretzat?»

Aurre egiteko zailak diren zero azpiko tenperaturak, egiteko bakarra eta lehena itxoitea denean. Eguzkiak ere ez du berotzen, ixildutako ahotsak, ikusezinak bihurtu diren gizakiak.

Bapatean deusezturiko etorkizunak, plazokako gizatasuna, elkartasun ez jarraia. Hildako bizitzak. Bizirik dauden hildakoak. Bukaerara iristen ez diren arnasketa estuak, angustiak barrenak betetzen dizkietelako. Hasperen itoak, moztuak

Komunerako tartea ere deserosoa, ez intimoa suertatzen da, duintasunik gabea, hori ere. Zergatik? Ba komunak konpartituriko «kontainerrak» direlako, nazkagarria den «ustel» usaina dariotela, botagurea sortzen duena.

Oin hutsak, edozein arriskuetara jarriak. Sakonak bezain iheskorrak diren maitasunak. Irrifar eta desesperazioa ia instante berean. Su artifizialak Salonikan, eta nire anima zartatua, erabat, bestelako sute batean.
    
Giza eskubideen urraketa basati honen gainetik, haiekiko  erabateko errespetua, eta miresmena. Eta hasi berria den urteak, haien ametsa betetzeko behar adina indar eta kemena ekarriko dietelakoaren itxaropena.

Eta guzti honen sorrera bultzatu, sustatu eta piztu duten erantzuleei, urte berriak ekar dakiela behar den adorea, sarraski honekin bukatu ahal izateko.

Hala izango delakoan, ongi etorri errefuxiatuak

Recherche