Amaia Sarrionandia - Zornotzako Etxerat

Barikuan enkarteladan

Ezin dodaz Zornotzako errepresaliatu politikoen senideak irudikatu Santosen aurpegi zimurra ikusi barik. Ahal izan dauen artean hor egon da beti, Etxeraten ikurra aldean «etxean gura doguz» aldarrikatzen. Bardin zan nora, senideen deialdia egoan edozein lekura hurbilduko zan, manifestazio, batzar, prentsaurreko zein bazkari. Telefono dei bat baino ez jakon egin behar, ordua eta lekua adostu eta zertarako zan galdetu barik han agertuko zan Agustin eta Martinegaz batera.

Hiru zahartxoakaz bidaia batzuk egitea tokatu izan jata eta beti egin dodaz oso gustura. Makina bat kontu eta istorio eduki dabez kontetako. Izan be, urte asko emon dabez euren semeen hutsunea sufritzen, eta urte horretan zehar momentu txar eta on asko bizi izan dabez euren bikotekideekin batera. Harrotasunez, burua gora, berba egiten eben semeen inguruan. Bisitak egiteko bidaia luzeetan bizitako anekdotak kontetan eustiezan. Euren aldien ni senide gazte izanik ederto baten zaintzen ninduten. Nork bere senidearen gora beherak aipatuz egiten genduzan joan-etorriak. «Gure Jose Mari» esaten eban Santosek, eta inguruen gazterik egonez gero “Gatza” esango eban, herriak holan ezagutzen ebalako Jose Mari. Bidelagun euki daben Begogaz batera, bere Jose Mari eta bere Goiztiritxu izan dira bizitzeko arrazoi eta poza.

Urte askoan egin deutso aurre gaixotasunari, Jose Mari kalean ikustea eukan helburu eta lortu eban. Lau urte euki dabe lapurtutako 31 urte luzeen hutsunea betetzeko eta, azkenean, gaixotasuna Santos baino indartsuagoa izan da. Maite ebazanen artean agur egin deusku, bere gorputz nekatua ez dugu barriro ikusiko. Baina errepresaliatu politiko baten senidea dagoan lekuan, Etxerat elkartearen ikurra dagoan lekuan, betiko moduan, hortxe egongo da Santosen aurpegi zimurra. Agurrik ez, barikura arte, Santos. Enkarteladan ikusiko zaitugu.

Recherche