Karmele Antxustegi Urkiaga | Eginaren Eginez-en presidentea

Diskriminazioa GOFEan

Eginaren Eginez-ek, Arabako Desgaitasun Fisikoa Daukaten Pertsonen Elkarteak, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak deitu duen EPE-a dela eta, Gobernu Forala salatu nahi du legediaren ez-betetzeagatik eta desgaitasunen bat daukaten pertsonek haien oinarrizko eskubideen ariketan jasandako diskriminazioagatik.

Joan den uztailak 9an aipaturiko hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko beharrezkoak diren egokitzapenak eskatzeko epea bukatu zen. Interesa zeukaten pertsonak Langileen Arretarako Bulegoetara joan behar izan ziren, Álava Jenerala kaleko 10. zenbakira, desgaitasuna aitortzen dien ziurtagiriaren kopia aurkeztera.

Askotan adierazi dugun moduan, aipaturiko eraikina ez da duina mugikortasun murriztua daukaten pertsonentzat. Sarrera ahalbidetzen duen plataformak atezainaren mende uzten ditu desgaitasunen bat daukaten pertsonak, langile hau atarian egon behar baita –eta ez eraikineko beste parte batean– eta mugikortasun murriztua daukan pertsona ikusi behar baitu plataforma martxan jartzeko. Hori dela eta, posible da kalean denbora luzez itxaron behar izatea. Horretaz gain, ausardia behar da plataforma erabiltzeko –beti ere baldin badabil eta gurpildun aulkiaren pisua igo ahal baldin badu– ezaugarri hauek dituzten elementu teknikoek mota honetako eraikin batean dakartzaten arazoak ezagututa.

Are gehiago, desgaitasunak aztertzen dituen administrazioak desgaitasunen bat duten pertsonei berak egindako ziurtagiria aurkezteko eskatzen die! 39/2015 Legearen, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen, aurkakoa izateaz gain, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak desgaitasunen bat daukaten pertsonei emandako tratua onartezina dela uste dugu. Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileak diren eta desgaitasunen bat daukaten pertsonak GOFEaren erantzukizuna dira, baina baita desgaitasunen bat daukagun beste pertsonak ere, bizitza independente batengatik borrokatzen dugunok, diskriminaziorik gabe eta modu inklusiboan guztienak diren ondasun eta zerbitzuetarako sarbidea aldarrikatzen dugunok, ohiko lan bat eduki nahi dugunok eta Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikatik berdintasun irizpidez tratatuak izatea nahi dugunok.

Recherche