Egoitz Garai-Iurrebaso Ruiz de Bergara

Esker mila denoi!!!

Parisko La cité-n kokatutako XVI. mendean berreraikitako jauregi ederrean egon gara egun hauetan. Egun, frantsesek justizia bertan egin omen dute. Omen esaten dugu kapitalaren menpe ipinitako justizi jauregi elegante ponpoxoaren kokalekua delako eta gure lagunak, lehendik auziperatuta, euskal militante iraultzaileak epaitzeko zilegitasunik ez duelako.

Auzitegi hauetan berdin duen justizia gabeko legaltasunez jantzitako epaiak bilatuko dituzte eta beste behin ere gure herri zaharra ukatuta izan da. Euskara jarraitua eta zikiratua da legaltasun frantsesean ukatua. Itziarri euskaraz hitz egiteko debekua inposatu zitzaion.

Epaia lehendik idatzia dagoela jakinda eta ukazio eta debeku guzti hauen aurrean Oierrek eta Itziarrek zirku honen parte ez izatea erabaki zuten. Frantziako legaltasun arrotz honen salaketa egiteko eta egindako ibilbideaz harro lehenengo egunean soilik agertzea erabaki zuten. Lagun eta sendiak bakarrik ez genituela inoiz utziko erabakia irmoa genuen eta egun bakar horretan haien ondoan agertu ginen. Haien ondoan gure berotasuna adierazteko eta maitasuna haiengana heltzeko gogoz joan ginen. Bakarrik ez zeudela erakutsi eta gutaz aparte zenbat eta zenbat jende dagoen erakutsi nahi genien. Nahiz eta elkartasunez beteriko autobusa joan asko eta asko ziren hamaika arrazoiengandik Euskal Herrian geratu behar izan zirenak eta Parisera joan ezin izan zirenak. Epai-aretoan hainbat lagun bildu baginen ere beste hainbat ezinezkoa izan zuten gorputzez joatea, nahiz eta gogoarekin Paris urrutira etorri ziren.

Joan ezin izan diren lagun guzti hauek sekulako elkartasun uholdea helarazi digute eta guk gure eskerrik beroena bueltatu nahi diegu. Bakoitzak bere elkartasun keinua ahal izan duen moduan bidali digu, izan dirutan, izan prestatutako ekintzetan parte hartzen, izan preso dauden lagunengatik kezkatzen.

Eskerrik beroenak egon ziren traben gainetik Triki-Poteora hurbildu zinetenoi eta larunbat goiz hura Gasteiz elkartasun kolorez jantzi zenuten denei.

Besarkadarik iraultzaileena bazkarian parte hartu zenuten guztioi eta bapo bazkal ostean egindako bideo eta kantatutako bertsoekin dar-dar egin zenuten guztioi.

Musurik gorrienak Orbain kultur elkarteko eta Mossin Naganteko lagunek prestatu zuten kontzertuan, elkartasun keinuak musika uhinetatik modu zuzen eta bortitzean bidaltzen, antolatu eta ondo pasatu zenutenoi.

Alaveseko Iraultzako lagunentzako keinu gogor eta matxinatuaren bitartez bejon diezuela!

Lehen momentutik Oierren begirada duinak eta Itziarren irri matxinatuak eguna argitu ziguten eta aurretik dugun lana gauerdiko ahuntzaren eztula ez dela adierazi ziguten eta denontzako mosurik gorriena eta besarkadarik iraultzaileena bidali ziguten. Guk; berriz, senideek, lagunek eta Oierrek berak ere, gure eskerrik beroena eskaini nahi dizuegu egun, hilabete eta urte hauetan elkartasun mezu hau eskaini diguzuenoi.

Recherche