Javi Buces

Etorkina eta harro

Orain dela hamar urte Euskal Herrira iritsi nintzen eta ordutik aurrera zuen inguruan bizi naiz. Lehen Bilbon eta orain Donostian; nolanahi ere, hiri batean edo bestean, nire jaioterriko lurraldetik mila kilometrora.

Urrun, oso urrun, baina hasieratik Euskal Herriko jendearekin gozatzen, zuen ohiturekin bustitzen, eta zuen hizkuntzarekin, egia esan, sufritzen. Hala ere, inoiz ez diot uko egin nire nortasunari, eta inoiz ez dut arazorik nire sustraiak aldarrikatzeko zuen artean.

Hamar urteren ondoren, nahiz eta neguak luzeak izan, nahiz eta euria gehiegi egin, baldintzak eta subjuntiboa zailak izan arren, oso gustura sentitzen naiz Euskal Herrian, eta hemen bizi nahi dudala oso argi daukat. Are gehiago, hemendik gutxira aita izango naiz. Beraz, zorionez, gure alaba euskalduna izango da, bere hizkuntza euskara izango da, noski, eta gainera bere aitari esker beste kultura bat, beste hizkuntza bat eta beste lurralde bat zuzenean ezagutuko ditu.

Horrela, gure alaba bere sustraietaz aita bezain harro egongo dela espero dut. Bere aita "el inmigrante", bai, "el Killo" lagunentzako, munduko lurralde politenetik etorrita, Andaluziatik, Sevillako alde zaharretik hain zuzen ere. Eta bai, oraindik norbait konturatzen ez bada, etorkina sentitzen naiz eta harro nago. Ez andaluziarra izateagatik bakarrik, etorkina izateagatik ere bai. Izan ere, nire ustez etorkin hitzak konnotazio negatiboa du soilik aniztasun kulturalean sinisten ez dutenentzat, edo etorkin izanik herritarren nortasunak eta beraien erabakiak errespetatzen ez dituztenentzat.

Recherche