Xabi Carnicer

Gu ere zerbait bagera eta…

Gure eguneroko jardunean atsedenalditxo bat hartze asmoz, ostiralero Lodosako jatetxe batean egiten dugu otordua. Hitzordu lasaigarria izaten da orokorrean; hala ere, beti izaten da eztabaidarako gai xelebreren bat eta horrela suertatu zen ostiral honetan ere. «Lodosan ikastola bat dagoela ez dakien euskaldunik izango al da?» Baiezkoan zirenek gehiengo osoa osatzen zutenez, nik kontrako apostua egiten nuen, eta halaxe bota nuen desafioa:

-«Ezetz topatu, Lodosako ikastolaren berri ez duen euskaldunik»

Ez genuen gehiegi itxaron beharrik izan apostuari amaiera emateko. Apirilak 29ko ostiral horretan bertan, RNEko “Las mañanas” programan, Urkullu lehendakaria elkarrizketatu zuten. Hainbat gai jorratu ondoren bertako kolaboratzaile batek zera aurpegiratu zion Urkullu lehendakari euskaldunari:

- «…Pero Lodosa no es muy euskaldun…»

Hau Urkullu jaunaren erantzuna:

«…fijese que Viana, que es en la misma zona que Lodosa, en la Ribera de Navarra, tiene una ikastola desde hace muchos años…»

Urkullu jauna,

1978an Deikaztelu ikastolak hasi zuen bere bidea jorratzen eta 1990ean Sartagudara eramatea erabaki zen bere lanari jarraipena emanez. 1991an Lodosako guraso talde batek Muskaria Ikastola izango zen proiektuari hasiera eman zion. 2001ean ospatu zen Nafarroa Oinezak, Lodosa, Sartaguda eta inguruko herriak euskalduntzeko ezinbesteko bultzada eman zion, ekimen horretatik jaio baitzen Ibaialde ikastola Lodosa herrian, bi ikastolek bat egin ondoren. Ordutik hona, gorabera ugari tarteko, ikastola horrek hor dirau bizi-bizirik eta aurten, Vianarekin batera, Nafarroa Oineza antolatzea egokitu zaio berriro ere.

Ziur naiz oso lanpeturik zabiltzala eta 2001ean agian ez zenuela denborarik izan Nafarroa Oinezean izateko, horregatik Nafarroako Erriberako zonalde «ez euskalduneko» bazter hontatik, jaso ezazu gonbitea Lodosan eta inguruko herrietan antolatzen ari garen ekintzetan parte har dezazun eta urriak 16an Vianan ospatuko den Nafarroa Oinezari bisitatxo bat egin diezaiozun.

…Porzierto, nire lankideen partez eskerrik beroenak, zuri esker «zerbeza ronda» bat irabazi dutelako…

Recherche