Maite Fdz. Landaluce | Filosofia irakaslea

Heziberri eta Lomcerekin danok trenez joango gara

Lasai nintzen, lo, inertziaren trenaren mugimendu konstanteak kulunkatuta, Platon heldu zen arte eta horrela esan zidan: Gure agintariak diren horiek ote dira  gobernari onenak, horretarako trebatuenak? Horiek ote dira agintari moralenak, modu justu batean gobernatzeko kapazak?

Bere hitzek  apur bat urduritu egin ninduten, baina lotan jarraitzen saiatu nintzen. Eta horretan nenbilela, Agustin Hiponakoa agertu zen honakoa xuxurlatu zidan: Zertaz dago zure zoriontasuna osatuta? Hainbeste irrikatzen dituzun ondasun materialek ekarriko dizutela uste al duzu benetan?

Berriro lokartzen saiatzea ala ez erabakitzeko betarik eduki baino lehen, hara non etorri zitzaidan Kant eta idatzi bat utzi zidan: Noiz arte jarraituko diozu esan dizuten orori, zeure kabuz pentsatu/iritzi beharrean? Besteen erabakiak jarraitzean ote datza zure askatasuna, zure autonomia?

Erabat harrituta sentitzen nintzen eta barrenak nahastuak nituen, Marxek nire parean jarritako pankarta irakurri nuenean: Eta jabego pribatua gizarteko desberdintasun gero eta handiagoak sortzeko modu ziurra besterik ez balitz? Noiz arte uste duzu eroso bizi direnen artean egongo zarela? Zer egingo duzu jada horrela ez denean?

Eta orduan entzun nuen Nietzscheren garrasia: Zure beldur eta ahuleziak bihurtzen dituzu zure bandera, haiei aurre ez egiteko? Zertaz, ez bada beldur eta ahuleziez daude orduan eginda zure  obedientzia, fideltasuna, zure errukia?

Eta orduan begiak zabaldu nituen. Eta ordutik ezingo nituen berriro itxi. Trenetik jaitsi eta bidean abiatu nintzen, oinez, nire hankekin, eta beste askoren laguntzari esker.

Recherche