Mireia Mochales Zumelaga

Hiritarron segurtasuna edo kontrol mugagabea?

Udako atarian, zarata askorik gabe, ia ezkutuan, onartu zuen Espainiar Gobernuak Hiritarren Segurtasunerako Legea deiturikoa, uztailaren 11an, hain zuzen ere. Aurreko hilabeteetan kritika ugari jasotako lege proiektua apaldu nahi izan du onarpenerako, baina apaltasun nahi horrek ere oinarrizko eskubideekin talka egiten jarraitzen duela ezin uka daiteke.1992an Corcuera Legea gisara ezagutua izan dena indarrean sartu zenetik asko aldatu dira garaiak, baita moduak ere, eta horiek eten nahian ernatu da batzuek Mordaza Legea gisa bataiaturikoa. Bakean oinarrituriko mobilizazioak protagonista izan dira azken garaiotan Espainian, 15M edota Kongresua Inguratu mugimenduen baitan besteak beste, baina baita Euskal Herrian ere, herri harresien loratzearekin bereziki. Komunikazio bideen garapen eta berritasunak ere arazoak sortu dizkio dena menpean izan nahi duen Gobernuari, batetik irudian grabatu eta sarera igotzeko azkartasuna, bestetik sare sozialek bultzaturiko informazioaren zabalpen etenezina. Bada, horiek mugatu eta oztopatzera dator lege berria. Funtsa egungo gizartea babestea izanik, ezin uler daitezke bertan jasotakoak, zenbaitzuk astakeria gisa kalifika daitezkeenak. Segurtasun indarrei mugagabeko botere esleipenak egiten dizkie, lokaletan sarrera “librea” izateaz gain, edozein objektu jaso ahal izango baitute, etorkizuneko ustezko delituren bat sahiesteko aitzakiapean (besteak beste, bideo kamerak). Informaziorako oinarrizko eskubidea beraz, baldintzatua izango da, poliziaren nahierara. Legearen analisiak luzerako joko luke; beraz, puntu eskandalagarrienei erreparatuko diet, irakurleak ideia bat egin dezan gutxienik. Gizartea babesteko zigor gisa isunak ardatz dituen lege honek hiru taldetan banatzen ditu arau-hausteak: oso larriak, larriak eta arinak. Oso larriak 30.001 eta 600.000 euro arteko isunekin zigortuko dira, larriak 601 eta 30.000 euro artekoekin eta arinak 100 eta 600 euro arteko santzioak izango dira. Alegia, edozein hiritarren poltsikorako isunak.Gauzak horrela, Administrazioaren debekua duen edo komunikatua izan ez den manifestazio baten deitzaile edo arduradunari 600.000 eurorainoko isuna heldu dakioke. Segurtasun indarren aurrean ez identifikatzea, euren lana oztopatzea, manifestaldi bat ez desegitea, autokontsumorako droga landatzea edo gainean eramatea, kalean alkohola edatea, Poliziari bere jardunean ez laguntzea edota segurtasun indarrei beren lanean ari direla irudiak hartzea 30.000 eurorainoko isunez zigortua izan daiteke. Hare zentzugabeago, NANa gainean ez izateak edo hiru urtetan hiru aldiz galtzeak 600 eurorainoko santzio ekonomikoa izan dezake.Ez dira gutxi, gure babeserako Lege honek jasotako mugak, ekintza oro zigorgarri bihurtu nahi duten seinale, hots, zerbaiten beldur diren seinale. Gizarte baketsu eta konprometitua isunez ito beste biderik ez dute topatu, jendartea isilarazi eta bide batez egoera sozioekonomiko larri honi buelta emateko. Baina ikusi beharko da, zer egin edo asmatuko dugun, sortu diren eta etorkizunean sortuko diren dinamika berriak aurrera eramateko. Izan ere, molde berriak asmatzeko imaginazio faltarik ez da gurean, desobedientziak ez baitu inoiz izan ez muga ez etenik.

Recherche