Andoni Aranberri, Axier Oñederra, Xabi Ziaran, Mitxel Aranberri, Mari Fran Agirregabiria, Iñigo Izagirre, Nekane Arakistain eta Maider Zubikarai

Itziarko auzo udalak martxan darrai

Euskadiko Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak plazaratu berri du Itziarko Auzo-udalari buruzko epaia. Epaiak dioenari buruz, Auzo-udala bultzatu genuen zortzi zinegotziok, honako gogoeta, balorazio hau egin nahi dugu.

Itziarko Auzo-udala dela eta, sektore batzuetatik, bultzatu zen asaldura soziala erabat interesatua eta funtsik gabea izan zela bistan dago. Behin eta berriz errepikatu zen Debako herriari hondamendia ekarriko ziola, eraketan ez ginela legea errespetzen ari, eta beste hainbat alarma eta mamu aireratu ziren inolako argudiorik gabe.

Esate baterako, poligonoa Auzo-udalaren eremuan geratzea izugarrizko burugabekeriatzat jotzen zen, horrek ekarri ziezaizkiokeen kalteekin. Baina gaur da eguna, Auzo-udalak urte eta erditik gora daramatzana normaltasunez funtzionatzen eta, norbaitek nabaritu du horrek izan duen eragin txikienik?

Legea errespetatu gabe, edo legeari iruzur egiten ari ginela zioten, eta hori ere ez dela horrela izan nahiko frogatuta geratu da. Auzitegi Nagusiak eman duen epaiak ez du zalantzarako tarte txikienik ere uzten, argi eta gargi adierazten baitu Itziarko Auzo-udala legea goitik behera errespetatuz eratu zela.
 
Honela, Gora Debatik bere errekurtsoa oinarritzeko erabili ziren argudioetatik ez du bat bera ere aintzat hartzen, eta banan-banan ezeztatzen ditu. Hala nola, lurzoroaren mugaketari dagokiona, bideragarritasun ekonomikoari dagokiona, eta baita legearen aplikazioari dagokiona ere.

Hala ere, ez da gure asmoa epai hau sua berpizteko erabiltzea. Auzo-udalaren eraketarekin urteetan gaiztotuta zegoen arazo politiko bati irtenbide arrazoizko, justu eta duin bat ematea zen gure helburua eta, uste dugu, denbora arrazoia ematen ari zaigula.

Auzo-udala martxan dago eta normaltasun osoz ari da burutzen bere ibilbidea. Guk,  gainera, uste dugu emaitza onuragarriak ari dela ematen bai Debarrentzat, bai Itziar eta gainerako auzoentzat elkarbizitza samurragoa eraikitzeko aurrera pauso bat izaten ari den heinean.

Aurrera begira ere, elkarrizketan, elkarlanean eta elkarrenganako errespetuan oinarritutako elkarbizitza  guztiontzako onuragarria delakoan gaude, azken batean, horrek herri koesinatuago bat eraikitzen laguntzen duen ustea baitugu.

Recherche