Amaia Barrena eta Joseba Arbaiza

Liburuak, diskoak eta pelikulak maite eta behar ditugulako…

Albiste txarra jaso genuen astelehenean. Nafarroako Gobernuko arduradunek Sanduzelaiko Liburutegiaren ohiko ordutegia nabarmen murriztu dute. Azalpen gutxi, «behin-behineko» neurria omen da.


Aspaldi honetan, liburutegiaren ordutegia oso mugatua da: 15:00etatik 18:30era (aurretik, gaueko 21:00ak arte). Zergatik? Sanduzelaiko Liburutegian bi liburuzain lanpostu daude: bat lanaldi osoan (pertsona batek betetzen du) eta bestea bi pertsonaren artean banatzen da, bakoitzak jardunaldi erdia baitu. Hara, jardunaldi osoko liburuzainak murriztapena eskatu du bere lanorduetan (herena) eta jardunaldi erdian dagoen liburuzainetako bat bajan dago.
Egoera hau izanik, ordutegia osatu eta zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren ordezko langileak bilatu beharrean liburutegiaren ohiko funtzionamendua bermatzeko, ordutegia murriztea erabaki dute, ri-rau! Ez hori bakarrik, lanorduen murriztapena eskatu duen langilearen ordezkorik aurkitzeko dirurik ez dagoela argudiatu dute. Gezurra! (haren soldataren herena nora bideratuko dute?) Are gehiago, jardunaldi erdian dagoenak alta hartzen duenean (animo!), 18:30etik 21:00etara bakarrik egon beharko luke liburutegian, eta gurea ez da txikia!


Sanduzelai, Buztintxuri eta Orkoien inguruko auzokideoi zerbitzua ematen digu, 20.000 bizilagun ingururi. Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiak eta publikatutako dokumentuen arabera, Sanduzelaikoa bezalako liburutegian bi edo hiru langile aritu beharko lirateke momentu oro. Beraz, badirudi ez daudela beraiek onartutako agiriak betetzeko prest. Eta ez dugu aurrekaririk nahi, ez dugu beste edonon horrelako proposamenetara iristerik nahi.


Laburbilduz, «behin-behineko» ordutegia ez da orain dugun arazo bakarra; izan ere, egoera aurkeztutakoa izanik, liburutegiaren zerbitzuan eta eskaintzan eragin nabarmena edukiko dute erabaki hauek. Ume, gazte, heldu zein nagusiek erabiltzen dute espazio hau, auzoan baloratu eta estimatzen duguna. Ez hori bakarrik, ohiko zerbitzuak eskaintzeaz gain, irakurle txokoak, pelikulen txokoa, liburu aurkezpenak, irakurketa publikoak, ipuin kontalariak eta bestelako jarduerak ere antolatzen dira bertan. Ez hori bakarrik, auzotarrok beharrezkoa dugun espazioa da liburutegia, kultura eta pertsonon garapenean ezinbestekoa.


Horregatik guztiagatik, liburutegiak eskaintzen duen zerbitzua ezinbestekoa dela pentsatzen dugulako, liburutegiko atarian kontzentratu izan gara. Ez gaudelako ados, ezta onartzeko prest ere. Berriz ere, murrizketarik ez!

Recherche