Juanan Legorburu

Pasaiako Udaltzaingoari

Esanekoa naiz, eta Pasaiako udaltzain batek telefonoz esan zidanari jarraiki, salaketa orri bat idazten ari naiz. Hona:

Gauero hiru eta lau kotxek lo egiten duten leku batean kotxea uzteagatik amari erosketak igo eta jaso bitartean, isuna jarri zidaten. Isuna jarri zidan udaltzainak gaztelera hutsean idatzi zuen isuna. Hurrengo egunean joan nintzen Pasaiako udaletxera ordaintzera. Beharko azkar mugitu, hiru egun baino ez bainituen, isunaren erdia baino gutxixeago ordaindu nahi izatekotan. Harreran zegoen neskari isuna ordaindu nahi nuela esan nion, baina aurretik isuna euskaraz jar ziezadatela nahi nuela adierazi nion. Udaltzain batekin jarriko ninduela esan zidan, eta halaxe egin zuen, prestutasunez telefonoz deituta. Ez dakit udaltzain hutsa zen ala udaltzainburua zen. Izenik ere ez zidan esan, baina euskaraz aritu ginen. Eskuetan nuen isuna euskaraz idatz ziezadatela nahi nuela esan nion. Berak, hori ez zuela egingo. Isuna ordaintzeko eta nahi banuen salaketa orria idazteko erantzun zidan. Nik ekin: isuna ordaintzeko prest nengoela, baina beherapenarekin, eta salaketari erantzuterako hiru eguneko epea bukatuko zela eta nire eskubidea zela isuna euskaraz jasotzea. Hark berriro, ez zuela hori egingo, eta, nahi banuen, salaketa orria idazteko, horretarako zeudela.

Ba, horretantxe ari naiz, salaketa orria idazten. Eta hauxe adierazi nahi diot Pasaiako Udaltzaingoari eta, hortaz, Pasaiako Udalari: euskaraz zigortu nazazuen nahi dut, euskaraz zigortu gaitzazuen eskubide osoa dugu, eta zuen kasa egingo ez baduzue, hala eskatuz gero gure nahia bete beharko luke Pasaiako Udalak, euskaraz bizi nahi dugunon eskubidea baita.

20 euroko isuna ordainduta dago eta, izenik gabeko udaltzainak iradoki bezala, salaketa orria ere idatzi dut. Ea aintzat hartzen duzuen esana, nire kotxea han izango baita hurrengo batean ere, nire zain, amari erosketak eraman eta jaso bitarte.

Recherche