Jesus L. Garay

Pastelak harrien kontra

Ezpeletan Biper Besta (La fête du piment) zela eta aprobetxatuz, nire gaztaroko leku mitikora, Dantxarineara, hurbiltzea erabaki nuen. Zorigaiztoko amets batean bezala, ordea, idealizatutako gogoramenak banan-banan desegin zitzaizkidan. Gu bezalaxe, badirudi milaka pertsonek erabaki zutela egokia zela Dantxarinean erosketa batzuk egiten eta zerbait jaten pasatzeko.

Gogoratzen nuen nekazal ingurune izugarri zainduan benta exotiko batzuk agertzen ziren non egurrezko arrasteluekin batera, alde honetan ikusten ez ziren edariak eta Euskal Herrian ikusteko zail ziren sevillana jantziak erosi, txuleta ederra, onddo omeleta edo paella on bat bazkaldu ahal baitziren.

Gaur inguru hori milaka pertsona –autobusez etorritako frantses jubilatuak, batez ere– zapaltzen duten porlan eta asfaltozko ezin baldarrago eraikuntza lerro amaiezina ordezkatu dute, Venta Peioko enplegatuek (ez Frantziako, Espainiako edo Nafarroako polizia edo segurtasun enpresetakoek) trafikoa antolatzen saiatzen ziren bitartean.

Garapena, ekonomiaren eboluzioa ala gutxi batzuen interesen arabera ezarritako modeloa? Ez naiz gauza ur sakon horietan sartzeko. Bostehun metro luze exkasetan, 5 gasolindegi, 7 errotonda eta edozein tokitan aurki ditzakezun produktuak –zerbait merkexeago, hori bai– saltzen dituzten hipermerkatuek Urdazubi-Urdax Nafarroako herririk aberatsena egin omen dute. Jende askoren enplegu gunea eta batzuen negozio erraldoia. Gaur bezalako egunetan biloika eurotan fakturatzen dute bentero berriek!.

Hurbildu nintzen Benta horietako baten atean zegoen talde batengana. Hamar bat lagun, gazte zein ez hain gazte, pastelak saltzen ari ziren. Izugarri itxura oneko euskal pastizak, txokolate eta sagar tartak… bista, gustua eta jasotako kolpea kontsolatzeko ezin aukera hobea. Jakina, inguru honetan jendeak etxeko gauzak atean saltzeko frantses ohitura gorde du eta, hortaz ez nintzen harritu, mahaira hurbildu eta SOS Alkerdi ekimen herrikoiaren aldeko salmenta zela ikusi arte. Irakurria nuen Alkerdi inguruan agertu diren paleolitiko garaiko margo eta grabatuak gordetzeko SOS Alkerdi ekimenak inguruan ari zuen harrobiko lanak gelditu dituela. Zertarako orduan, pastelak edo pegatak saldu? Ba, borroka ez da omen amaitu. Sei mila euro inguru behar dute abokatuak ordaintzeko, Marmoles Baztan harrobiko enpresak jarri dituen auziei aurre egiteko. Pastelak harrien kontra. Dinamita arte paleolitikoaren aurka. Txanponak jaso biloiak mugitzen direnen lekuan. Lore bat asfaltoaren erdi-erdian?

Recherche