Juan Luis Mugertza Unanue

Txepela-epela

Hitz honen musikalitatea gogoko badut ere, esanahiak ez dit sentsazio onik eragiten. Aukeran, iraungipen laburreko iraina dut nahiago, eta, ez, zigilu baten antzera betiko arrasto txikia uzten duen hitzarena. Baina, nor da txepela-epela? Bizipenek, baloreek… egiten gaituzte txepel-epel, edo geneenetan eramaten dugu joera hori? Ehunekotan, ez dakit portzentajea zenbatekoa den, baina oso potoloa omen da. Dirudienez, interes handiak daude/dituzte hitz horren patentea mundu osoan zabaltzeko. Gainera, nahiz eta eleak konnotazio onik ez duen, oso erraz saltzen bide dute. Gurean ere, txepela-epelaren akzioek balio handia dute merkatuan; ez du arriskurik, eta erosoa da. Eskozian eta Katalunian martxan egon bitartean, gu geldirik nahi gaituzte. Dena den, ulertzekoa da, euskal txepel-epelek ez baitute inoiz “presarik” izaten. Talaia leku ona da eurentzat itsasoaren barea ikusteko, zipriztinaren tantak ez bustitzeko, orain arte bezala, kortxoarena egiteko. Bai, horretarako abilak dira. Olatu handia dagoela surf ohola; bare dagoela boga-boga marinela. Baina, badaezpada, urratsa besteek eman dezatela, eta gero gerokoa. Bitartean, gu hesi-barruan bueltaka, ardien antzera, babestuta, “Euskadi amildegira” ez egiteko. Hori bai, noiz edo noiz, aukera emango diete haien militanteei BE!BE!BE! egiteko, txapelaren aldarria egiteko.

Recherche