Oihane LARRETXEA
SAKABANAKETA

INDARREN METAKETAREN JOSTORRATZAZ, ESKUBIDEEN SAREA EHUNTZEN

ARGAZKI KAMEREN KLISK ETA KLISK ARTEAN, KONTXAKO BARANDAN DISPERTSIOARI BURUZ ITSATSITA ZEUDEN ORRIAK KURIOSITATEZ IRAKURTZEN ZITUZTEN ATZERRITARREK ATZO DONOSTIAN. HELBURUA, SAKABANAKETAREN INGURUKO INFORMAZIOA ZABALTZEA. EUSKAL HERRIKO TXOKO UGARI BATU ZIREN SAREK DEITUTAKO EKIMEN ANITZETARA.

Euskal Herria bisitatzen duten atzerritarrek argazki kameraz ehizatzen dituzte hamaika paisaia, ondoren euren etxeetara oroigarri bezala eramateko. Donostiako kasuan, Kontxako badia da ikusmira handien eragiten duen txokoetako bat, eta atzo, kamerari irribarre egiteaz gainera, kuriositateak erakarrita, baranda ospetsuan dispertsioari buruz itsatsirik zeuden informazio orriak irakurtzera gerturatu ziren hainbat eta hainbat. Helburua, salbuespenezko politika honen berri ematea zen, gertatzen dena mundu zabalean barreiatzea. Hauxe, Sarek atzo Euskal Herriko hiri eta herrietan antolatu zituen ekimenetako bat.

Gipuzkoako hiriburuaren kasuan, dispertsioaren mapa marraztea zen asmoa, alegia, estatu frantses eta espainoleko kartzeletan sakabanatuta dauden euskal preso donostiarren senide eta lagunek astebururo egin behar dituzten kilometroak irudikatzea.

Saretik azaldu zutenez, batez beste 634 kilometrora aurkitzen da preso bakoitza, hau da, sei orduz gidatu behar dute 40 minutuko bisita egiteko.

Erantsi zutenez, Donostiatik, astebururo, 41.919 km egin behar dituzte bertakoak diren 65 presoen senide eta lagunek. «Munduari buelta bat emango liokete denek batera bisitan joateko, eta beste bira bat ondoren etxera itzultzeko», aipatu zuten.

Errepidez egiten diren distantzia neketsu horiek irudikatzeko, bizikleta estatikoak eta arraunean egiteko bi makina jarri zituzten Nautikoan. Horien gainean egiten zen kilometro bakoitzeko ehun kilometroko balioa zuen koloretako pegatina bat eskuratzen zen. Hala lotu zituzten bi estatuetako espetxeak Donostiarekin. Ekimenak oso harrera ona izan zuen, eta hasieratik bukaera bitarteko txandak (11.00etatik 14.00etara) berehala bete ziren. «Denetatik gerturatu da gainera, haur, gazte eta jende adinduna. Eta hori bakarrik ez –kontatu zuen txandak banatzen zituen gazteak–, mutil bat kilometroak igerian egitera animatu da». Oinez ere egin zitezkeen kilometroak, ordularietaraino, Ondarretaraino… bakoitzaren sasoiaren arabera. «Belaunetatik behera ia elbarrituta nago –zioen adindun emakume batek–, baina egin dut bueltatxoa portu eta hondartzaraino… zenbat kilometrogatik baliozkotuko didazue?».

Dispertsioren liburuak banatu zituzten baita ere, ia agortu arte. Mahai hartara ere hurbildu ziren turista asko: frantsesak, hegoamerikarrak, Maltako bikote bat… «Batzuei ez zitzaien egoera erabat arrotza egiten, zer edo zer entzuna zutela onartu dute… », zioen sarekide batek, kanpotarrek azaldutako interesarekin ere pozik.

Aldaketarako motorra

Iazko martxoaren 15ean jendartean Sare aurkeztu zenetik urtebetera, asteburua orain arte egindako bidearen ispilu izatea bilatzen dute sustatzaileek, «elkarrekin lan egiteak indartu» egiten duela sinetsita. «Sare pertsona ezberdinen artean osaturiko herritarren sarea da. Giza eskubideak denonak dira. Beraz, denon eskubideak defendatzen ditu Sarek euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen alde lan egiten duenean. Eta giza eskubideen alde dauden pertsonak biltzea da gure bokazioa», adierazi zuten atzo eskainitako prentsaurrekoan.

Gogorarazi zuten elkarlan horretan ez dela siglarik bilatzen, eta herritarrak direla oinarria. «Auzoz auzo eta eremuz eremu herritarren aktibazioan oinarritutako jarduna hauspotzea da gure konpromisoa. Aniztasunetik. Elkartasunetik. Errespetutik eta maila lokalean jardunez. Sinetsita baikaude herritarrak garela aldaketarako motorra».

Hain justu, Sareren atzean dagoen aniztasunaz galdetu zuen atzo atzerritar batek, eta begiekin egindako keinu baikorragatik, harritu eta poztu egin zen neurri berean.

Beste ekimenak

«Giza sarea»-ren osaketarekin, Bilbo izan zen abiapuntu; aitzitik, Sareren gonbita hartu duten herrien zerrenda luzea da: Oñati, Gernika, Hernani, Ibarra, Mungia, Elgoibar, Agurain… Beste hainbat gaur bertan batuko dira, Lasarte-Oria, adibidez. 12.30ean, Okendo plazan, Pankarta Ibiltaria deitutako ekimenarekin. Errenteriatik ere jarriko dute dispertsioaren aurkako aletxoa, 11.00ak eta 13.00ak bitartean Esmalteria plazan.

Donostian bezala, Iruñean ere liburuxkaren banaketa egin zuten atzo, eta Donibane auzoan, halaber, argazki herrikoia.

Bien bitartean, arraunean, lasterka, oiez, igerian… baita hegan ere beharrezkoa izanez gero, gizarteak lanean jarraituko du, sarea ehuntzen. Hala berretsi zuten Saretik, baina baita ehunka eta ehunka herritarrek ere sare sozialen bidez. Zendu berri den Eduardo Galeano idazlearen hitz batzuk berreskuratu zituzten, hain zuzen, jarraituko duten bidea deskribatzeko: «Jende xume asko, toki xumeetan, gauza xumeak egiten, gai da mundua aldatzeko».