GARA
donostia

Aitzol Gogorza eta Manu Azkarate presoen egoera larriaz ohartarazi dute

Azken asteetan gaixotasun larriak dituzten hainbat presoren egoerak okerrera egin du eta kezka adierazi dute senide eta presoen aldeko elkarteek. Horren erakusle, asteburuan mobilizazio ugari egongo dira.

Gaixorik dauden presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatu eta hauen askatasuna eskatzeko mobilizazioak ugaritu dira azken asteetan. Egoera larrian dauden hainbat presok okerrera egin dute eta horri erantzuna ematera deitu dute senideek eta presoen aldeko elkarteek. Azken orduetan Aitzol Gogorzaren eta Manu Azkarateren aldeko elkarretaratzeak izan dira.

«Bereziki kezkatuak gaude gure herrikidea den Aitzol Gogorzaren egoerarekin. Aitzolek obsesio konpultsiboa du, desoreka depresiboarekin batera. Krisialdiak izaten ditu bata bestearen atzetik, bere buruaz beste egiteko saio tartekatuak, aldiro ingresatua izan behar du Basurtuko ospitalean... Azken gertaera, joan den hilean sufritutako biriketako tronboenbolia izan da, zeinaren ondorioz berriz ere ospitalean ingresatua egon den. Espetxean mantentzeak bere osasuna larriki kaltetzen du», adierazi zuten Oarso-Bidasoko ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuetako hainbat ordezkarik ostegunean Gogorzari sostengua adierazteko eginiko agerraldian.

Azpimarratu zutenez, ETAk bere jarduera armatua utzi zuela bost urte pasatu direnean, asko dira oraindik bere horretan mantentzen diren eskubide urraketak, presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak kasu. Egoera horri amaiera emateko euren konpromisoa berretsi zuten eta, zehazki, Gogorzak bizi duen egoera larriari amaiera eman behar zaiola nabarmendu zuten, berehalako askatasuna eskatuz. «Beste edozein egoera mendeku gosetik soilik uler daiteke», gaineratu zuten.

Aldi berean, Sarek egoera larrian dauden preso gaixoen aldeko ekimenak deitu ditu. Atzo, Manu Azkarate presoaren aldeko elkarretaratzea egin zuten Tolosan eta gaur Oier Gomezen kasua salatuko dute Gasteizen. Bihar, Ibon Iparragirreren aldeko manifestazioa egingo dute Ondarroan.