Maria Biskarret
HARRESIAREN BI ALDEETAN

Saharako errefuxiatuen bizimodua eta erresistentzia Tindufen, 40 urteren ostean

Marokok Mendebaldeko Saharan eraikitako harresiaren bi aldeetan bizi dira sahararrak, zatituta; Aljeriako errefuxiatu guneetan batzuk, lurralde okupatuetan, besteak, baina baldintza zailetan denak. Eta bai alde batean bai bestean erresistentziari eusten diote, okupazioa hasi zenetik ia 40 urte pasatu badira ere.

Hogei egun eta beste horrenbeste gau pasatu genituen basamortutik ihesi, gauez oinez, eta egunez ezkutatuz. Bidean hainbat haur hil ziren, baita haurdun zeuden zenbait emakume ere. Bonbardaketetan lagun asko hil ziren. Genozidio bat izan zen». Bryk Jatrik (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1955) bizitza osoan gogoratuko ditu hogei egun eta hogei gau horiek.

Wara (26) eta Salma (22) alabei askotan kontatzen die jaioterritik alde egin behar izan zuela. Maroko iparraldetik sartu zela, eta Mauritania, hegoaldetik: «Ama eta anaia-arreba batzuekin etorri nintzen, baina anaia bat han geratu zen. Bide guztian gose eta egarri ginen. Aljeriako mugara iristean eman ziguten jaten eta edaten. Hemen ez zegoen ezer etorri ginenean, harria eta harea baino ez, eta haimak gure soinekoekin, melfekin, eraiki genituen».

Marokok Mendebaldeko Sahara Martxa Berdearen bidez inbaditu zuela 40 urte beteko dira azaroan. Brykek jada lau hamarkada daramatza Tindufen. Aaiuneko uilajan bizi izan zen hasieran, baina hegoalderago dagoen uilajan ezkondu zen, Dakhlan. Lau seme-alaba izan ditu: mutikoak zaharrena eta gazteena, eta neskak, erdikoak.

Aljerian, harea eta harrien gainean, pixkanaka-pixkanaka, herrixkak antolatu zituzten errefuxiatuek; uilajak, herriak, eta dairak, auzoak... Mendebaldeko Saharako hiri baten izena dauka uilaja bakoitzak: Aaiun, Smara, Auserd, Bojador eta Dakhla.

Dakhla kanpaleku lasaiena da, ura gehien duena –lurretik 1,5 metrora dago–, baina baita urrutien dagoena ere; Bojadorreko uilajatik 170 kilometrora.

Oraintxe berritu dute errepidea, marra gris eta zuzen bat basamortu idorrean. Eta kanpoaldean dauden dunez aparte, basamortu honek ez dauka ezer bukolikotik. Hamada da, basamortuetan basamortuena, harria eta harea, haizea eta beroa. Uilaja honetan napalm eta fosforo zuriko bonbardaketen biktima gehienak bizi dira.

Laguntzaren menpeko

Briykek dioen bezala, aski ongi ulertzen da zergatik aurretik ez zen inor bizi munduko txoko honetan: «Gizonak frontean zeuden, beraz, emakumeok antolatu behar izan genuen dena basamortu honetan, hutsetik».

Haimak benetakoak dira gaur egun, ez garai batean bezala oihalez eginikoak. Adobezko etxeak ere badituzte. Baita eskolak eta ospitaleak ere. Eta eguzki xaflak eta antena parabolikoak.

Salmak ez du beste ezer ezagutu. Hemen bizitzak ezer balio ez badu ere, ondo bizi dela dio, eta pozarren dago, antza, aurki argi elektrikoa ere izango dutelako. Aljeriako Gobernuak uda honetan sare elektrikoa eraikiko duen mezua zabaldu da kanpalekuetan.

Salmak, kanpalekuetako gazte guztiak bezala, etengabe darabil sakelako telefonoa eskuetan, watsapp-a, eta gauetan kargatzen du, eguzki-panelen bidez lortzen duten energiarekin. Tarteka, eskutitzak idazten ditu idazten ez dakiten sahararrentzat. Sos batzuk irabazten ditu horrela. Hori da egiteko daukana. Eta etxea txukuntzea eta familiarentzat janaria prestatzea.

Bera joaten da elikagaien bila etxetik gertu duen banaketa puntura. Kanpalekuetako saharar guztiak bezala, nazioarteko laguntzari esker bizi da familia. Oinarrizko elikadura bermatuta daukate. Azken hilabeteetan, baina, saskia murriztu egin da; arroza eta semola gutxiago jasotzen dute. Ondorioz, malnutrizioa eta anemia handitzen ari dira –bost urtetik beherako haurren %30ek dute anemia–.

Saharako Ilargi Erdi Gorriak ohartarazi duenez, premiazko laguntza jaso ezean janari faltan izango dira uda honetan, eta giza hondamendia gertatuko da. Nazio Batuen Erakundeko Munduko Elikagaien Programak hamar milioi dolar eskatu ditu, izan ere, mundu mailako krisiak eta beste herrialde batzuetako gatazkek eta hondamendiek eragin zuzena izan dute kanpalekuetara iristen den diru-laguntzan. Europako Batasunak, esaterako, 51 milioitik 10 milioira murriztu du urteko diru-laguntza.

Patatak, azenarioak, tipulak, irina, olioa, azukrea, tea... Horixe jaten dute errefuxiatuek. Salmak dio fruta eta barazki gutxi jaten dituztela, haragia apenas, eta arrainik batere ez.

«Tarteka, atuna jaten dugu». Mendebaldeko Saharako itsasoan legez kanpo arrantzatzen den atunaren parte batek kanpalekuetan bukatzen du. Eta beste bitxikeria edo kontraesan bat: Marokok Mendebaldeko Saharako alga gorrien salmentarekin irabazten duenarekin aski litzateke kanpalekuetako giza laguntza guztia erosteko.

Arrantza, gatza, alga gorriak, fosfatoa, area, mineralak, petrolioa, tomatea, pepinoa... Marokok baliabide naturalen legez kanpoko ustiaketa egiten du Mendebaldeko Saharan. Arpilatze etengabea. Salmak iaz ikusi zuen itsasoa aurreneko aldiz, amaren jaioterria, eta aitaren eta amaren familia osoa ezagutu. UNHCR-ren programaren bidez joan zen familia Aaiunera. 2004an jarri zen abian familiak elkartzeko programa hau eta, tarteka etenda egon bada ere, orduz geroztik 13.000 familiak baino gehiagok bidaiatu dute harresiaren alde batetik bestera; Tindufetik Mendebaldeko Saharara, eta Mendebaldeko Saharatik Tindufera.

Familiarekin elkartzeko zain dauden familien kopurua, alta, handiagoa da; 30.000 familiak dute izena emanda programan, eta une honetan etenda dago. Programa honek doako telefono deiak ere eskaintzen dizkie alde bateko eta besteko sahararrei, kontaktuan egon daitezen.

Brykek 1975. urtetik ez zuen lurralde okupatuetan utzitako anaia ikusi, eta ez daki berriro ikusiko duen. Salmak eta Warak, amak bezala, ez dituzte egun horiek sekula ahaztuko: «Ezagutzen ez genuen familiarekin elkartu ginen, osaba eta lehengusuekin. Oso hunkigarria izan zen; egun bakoitza urtebete modukoa zen, horrenbeste bizipen izanda». Familia saharar gehienak bezala, berea ere 2.700 kilometroko harresiaren bi aldeetan bizi dela dio, eta familia saharar gehienetan bezala berean ere historia latz bat dagoela: «Aaiunen, sahararrek egiten dituzten manifestazioen lekuko izan ginen, gure senideak kolpatu zituzten, gure begien aurrean».

Mendebaldeko Saharan duela hamar urte hasi zen intifada baketsua, 2005eko maiatzaren 21ean. Mataala auzo sinbolikoa aukeratu zuten sahararrek protesta abiatzeko, aurreko intifadak —1970ekoa eta 1992koa— hasi ziren leku berean. Orduz geroztik, hamalau saharar hil ditu Marokok. Azkenekoa, otsailaren 8an: Mohamed Lamin Haidala, 21 urteko gaztea.

Erresistentziaren ondorioak tortura, errepresioa edo atxiloketak direla esan du Salmak. Kanpalekuetan jaio eta beste ezer ezagutu ez duen belaunaldi batekoa bada ere, badaki alde batean eta bestean erresistentziari eusten dion herria dela berea. «Ama naizenean nire seme-alabekin gure benetako jaioterrian bizitzearekin amesten dut. Nire seme-alabak basamortu honetan jaio eta beste ezer ezagutuko ez duen beste belaunaldi bat ez izatea espero dut».