Saioa Iraola

«Soka-tira-eten-gabean»

Pokopandegin (Alegia) landatu nuen nire aitarekin bizitzan landatu dudan lehen intxaurrondoa. Bigarrena, berriz, orain hilabete eskas, Hazparneko Jauregia mendi kaskoan Emakumeen Mundu Martxaren baitako ekimenean. Lehena, nire familiaren baserrian, nire aitaren arbasoen aztarna diren errezil sagarren alboan, eta bigarrena, berriz, feminismoaren aldarrikapen plaza aukeratuan. Iragana eta oraina, baserria eta kale etxea, sega eta sasi garbitzeko makina; sokatira bizian.

Donostiako Zinemaldian, eta Asier Altunaren gidaritzapean, lantalde osoaren lan paregabearekin sortu duten “Amama” filma ikusi nuen, asteburuan berriro joan naiz zinemara bis-a eginez, eta dudarik gabe, diot, barruak nahasi dizkidala: beti sentitu dudan iraganaren, nire arbasoen, amonaren jakituriaren galera irudikatu didalako batetik, eta egunerokoan, modernitatean, izan garenari uko egin gabe bizitza bizi ahal izateko irakasbide formula magikorik topatu ez dudalako bestetik; bizitza, testuinguruak baldintzatutako aukera dela sinplifikatuz. 1963. urtean, “Quosque tandem” saiakeran, 80. generazioan kokatzen gintuen Oteitzak, neolitikotik datorren 80. amama belaunaldian, alegia. Etengabeko sokatiran dabiltzan generazioak, mundu ikuskerak, ohiturak, bizitza filosofiak, elikadura ohiturak...

«Lanak duintzen du pertsona», «guri lana egiten besterik ez ziguten erakutsi» esaldiak askotan entzun dizkiot nire amona Iñaxiri, baita nire aitari ere. Eta nik, berriz, pentsatzen dut lana egin behar dela, baina tamainan, plazera, aisialdia eta harremanak ere gure bizitzan ezinbesteko elementuak direla; Tomasentzat, aldiz, «hau ez da lana, bizitza da». Urtez urte, belaunaldiz belaunaldi, zuhaitzak eta babarrun, arto, arbi... haziak gorde izan dira Euskal Herriko baserrietan. Haziak: bizitzaren, jakituriaren, transmisioaren eroaleak izan dira. «Haziek gure arbasoen jakituria gordetzen dute eta orain zuei dagokizue jarraitzea», filmaren pasarte batean Tomasek Amaia alabari esaten dion moduan. Bi mundu, antzik ez duten eskuak, zarbailduak batzuk, eta bigunak besteak.

Egun, 81. amama belaunaldian gaude, izan garenaren aitortzatik, ezagutza konpartitzeak duen garrantziaren kontzientziatik eta gure arbasoen jakituria berreskuratzeko sentitzen dudan arduratik; gure bizitza errealitatera egokitzen eta aldatzen goazen arren, amama belaunaldiaren kate herdoilduak aurrera darrai: «soka-tira-eten-gabean». •