Martxelo Diaz
Elkarrizketa
Soraida Hussein
EMAKUME PALESTINARRA

«Palestina ez da aske izango emakume palestinarrak aske ez diren bitartean»

Palestina askatzeko borrokan bide luzea egin du Soraida Husseinek. Baita emakumeen eskubideen defentsan ere. Bi borrokok banaezinak direla dio irmo.

Kolonbian jaio zen Soraida Hussein, familia palestinar baten baitan. Urte batzuk geroago arbasoen lurrera itzultzea erabaki zuen Hussein sendiak, Ramallah hirian errotuz. Betidanik Palestinaren askatasunaren aldeko borrokan aritu da Soraida Hussein, emakumeen eskubideen aldeko defentsa alboan utzi gabe betiere. «Emakume askerik gabe ez dugu Palestina askerik izango», nabarmentzen du Women’s Affairs Technical Committe (WATC) batzordeko kideak. Egunotan Euskal Herrian izan da, Biladi taldearen eskutik. Bide batez, Txalaparta argitaletxeak kaleratu eta Mar Gijon Mendigutiak idatzi duen “Historia del movimiento de mujeres de Palestina” liburuaren aurkezpenetan izan da Iruñean eta Bilbon. Palestinaren eta emakumeen aldeko borroka luze horretan Euskal Herriarekin lotura zuzena ere izan du, “Egin” egunkariko Palestinako korrespontsala izan baitzen.

Emakumearen egoera larria da munduko toki askotan. Klase eta genero zapalkuntza pairatu behar du. Palestinan, horri okupazio sionistaren ondorioak ere gehitu behar zaizkio.

Egia da azkenaldian okerrera egin duela Palestinako emakumeen egoerak, elkarrekin lotutako elementu anitz tarteko. Gehiago borrokatzen dugu, gehiago aktibatzen gara, gehiago mugitzen gara, gehiago lan egiten dugu, baina, aldiz, ez dugu behar duguna lortzen. Azkenaldian betiko borroka dugu aurrez aurre, baina arerio eta oztopo berriak gehituta. Horregatik diot behar adina baino gehiago borrokatu arren behar adina baino gutxiago lortzen dugula. Sistema guztia erabat aldatu da, bai Palestina mailan bai Ekialde Hurbilean bai mundu mailan. Lehen baino askoz zailagoa egiten zaigu guztia. Inguruan gertatzen dena gertatuta ere, okupazioak berdin segitzen du. Onura ekonomiko handiak dakartza Israelgo Estatua deitzen duten horrentzako. Osloko Akordioaren ondoren (1995), errazagoa izan da Israelentzat okupazioa mantentzea. Orain betebehar batzuk eta lan zikinaren zati bat Aginte Palestinarraren ardura dira. Oztopo nagusi horrek horretan dirau. Gainera, lidergo falta izan dugu palestinarren artean. Ez gara heldu herriak uste zuen helmugara. Inoiz ez dira gizarte gaiak jorratu. Egoera politikoa lasaiagoa zenean –orain eromen hutsa da–, ez ginen gai izan gizarte gaien agenda martxan jartzeko. Egoera berrian hori lortzea askoz ere zailagoa da. Palestinan gizarte gaiek ez dute lehentasunik izan. Eta emakumeen egoerak are gutxiago.

Palestina inguruko herrialdeetan Udaberri Arabiarra eman zen. Batzuentzat itxaropen izpia izan zen, baina, aldiz, eskubideen arloan atzerapauso nabarmenak eman dira ordutik.

Jatorrizko Udaberri Arabiarra itxaropentsua izan zen. Baina, tamalez, une egokiaren zain, batzuek bazuten beste zerbait prestatuta. Eta egoera baliatu zuten euren proiektua bultzatzeko. Hori bai, Estatu Islamikoaren proiektuak ezin du jarraipenik izan. Jendeari burua moztea oinarri duen proiektu batek ezin du iraun. Behin-behinekoa da. Denbora eta sufrimendua beharko dira, baina amaituko da. Ez da Otomandar Inperioa izango, edo jada ia 70 urte irauten dituen okupazio israeldarra. Baina ondorio larriak utziko ditu atzean. Eskualdean gaudenok prezio bat ordainduko dugu, baina proiektu hori sostengatu dutenek ere ordaindu beharko dute.

Tunisian edo Egipton ere atzerapausoak eman dira, non eta lehen emakumeen aldeko politikak zituzten tokietan.

Bai. AEBen eta Sobietar Batasunaren garaietan mundua bipolarra zela esaten zen. Idazle eta filosofo islamikoek, aldiz, hiru polo zeudela esaten zuten. Sortzen ari zen hirugarren polo bat aipatzen zuten. Ideologia erlijiosoa toki guztietan indartzen ari da eta gero eta sostengu handiagoa du. Islamak proiektu argiagoa du, sistema ekonomiko, politiko eta soziala ere baduelako. Tunisian, Egipton eta beste toki batzuetan hauteskundeetako emaitzak ez onartzea akats larria izan zen. Egipton gertatutakoa ezin da parekatu Tunisian gertatutakoarekin. Aurreikusitako proiektu bat inposatu zuten. Estatua salbatu zutela da mezu ofiziala, baina horren atzean eztabaida luzea dago. Islamdarrek Egipton zuten soilik Gobernuan sartzeko helburua. Palestinan, adibidez, 2006an hauteskundeak egin ziren eta Hamasek, alderdi islamista batek, irabazi zituen. Hamasi boikota egin zioten eta egun egoera politiko larrian gaude. Nazioarteko komunitatea ordezkatzen duten estatuen esku hartzeak ondorio larriak izan ditu. AEBak, Kanadak eta Europak boikot egin zioten Hamasi. Eta Hamas Gazan gotortu zen. Hamas bera izan zen hauteskundeak irabazi izanaz harritzen lehena, eta, hala, barne mailan gobernatzeko gai ez zirela onartzen zen. Emakume palestinarren eskubideak, baina, atzera egin zuten Hamasekin? Egia esan, ez. Ordura arte ez zen Palestinan emakumeen eskubideen aldeko legerik. Beraz, ez zegoen zer galdu. Aurreko gobernuek ez zuten egin behar zutena egin alor horretan. Kazetari ugarik Hamasen etorrerak Palestinako emakumeak arrisku egoeran kokatzen al zituen galdetzen ziguten etengabe. Baina aldez aurretik arrisku egoeran ginen dagoeneko! Hamas baino lehenago izandako gobernuek ez zuten ezertxo ere egin gizarte arloan. Beraz, ezin ziguten kendu eskuratu gabe genuen zerbait. Ez dugu eskubiderik. Lege zaharrak ditugu oraindik. Emakumeen eskubideen aldeko borroka ez da lehentasuna gure artean, eta ez da okupazioaren aurka borrokatu behar dugulako, mentalitate patriarkala nagusi delako baizik.

Hori da arazoetako bat, ezta? Palestinako mugimenduek, Palestina Askatzeko Erakundeak (PAE) berak barne, ez dituztela uztartu emakumeen eskubideen aldeko borroka eta askapena nazionaleko borroka.

Palestina askatzeko helburuarekin PAE sortu zuten gizon eta emakumeen belaunaldi batek egin zuenaren ondorioa da. Ideia sozial oso oinarrizkoak zituzten, eta, aldiz, ideologia nazional zabal. Hala, ezkerreko palestinarrek ez zuten agenda soziala defendatzeko indar nahikorik izan. Palestina Askatzeko Herri Fronteak (PAHF) “sozialismoa ala hil” aldarrikatzen zuen adibidez, baina ez zuen agenda sozial eta ekonomikorik garatzerik izan. Ezinezkoa izan zen Palestinako ezkerrarentzat agenda hori barne eztabaidetan mahai gainean jartzea. Belaunaldi horretako kideek izaera patriarkala zuten.

Osloko Akordioaren osteko lehen hamar urteetan inoiz baino leku gehiago izan zuen agenda sozialak eta emakumearen egoerak. Modu inuzentean Estatu palestinarra sortzen ari ginela uste genuen, eta hamar urte eman genituen lanean etengabe etortzear zen Estatu palestinarrak hori guztia kontuan izan zezan. Jendarte patriarkalaz hitz egiten zen. Zoritxarrez, Israelek inbasio militar bat egin eta Arafat hil zuen. Eta orain ezin dezakegu esan agenda sozial hori indarrean denik. Azken hiruzpalau urteotan, hori bai, nazionalismoa eta feminismoa uztartzen ari gara, alor soziala eta askapen nazionala. Urte luzez egindako borroken fruitua dela esan genezake. Eskarmentu handia dugu. Aldarrikapen nazionala soilik ez doa inora. Aldarrikapen sozial edo feminista bakarrik ez doa inora. Eskutik joan behar dute. Ondorio teoriko hori aspalditik genuen, baina azkenaldian praktikara eramaten ari gara. Zerbait berria eta ona dugu esku artean.

Zeintzuk dira emakume palestinarren oinarrizko aldarrikapen nagusiak?

Legeak, politikak, inbertsioak, dena. Adibidez, 60ko hamarkadatik indarrean dugun lege batek gizonari emakumea hiltzen uzten dio. Aitzakia bakarra beste gizon batekin ikusteak izugarrizko amorrua eragin izana da. Legeak gizonaren erasoa babesten du; ez ditu emakumeak, seme-alabak edo familia babesten. Lege zaharra da eta lege berriak behar ditugu. Ikastetxeetan ere curriculum berriak behar ditugu. Komunikabideetan plan bat garatzea ere beharrezkoa da, emakumeen aldeko mezuak zabaltzeko. Orain ditugun komunikabideak oso itxiak dira pentsamoldez. Gobernuaren alde egiten dute beti eta egun dugun Gobernua inoiz izan dugun okerrenetakoa da. Egitasmo horiek guztiak landu beharra dugu.

Epe luzera begira, palestinarren pentsamoldea aldatzea izango da zuen xedeetako bat.

Bai, hori da guk gehien lantzen dugun arloa; herritarren pentsamoldea aldatzen saiatzen gara. Zoritxarrez gure mezua hedatzeko gunerik ez da. Askotan bakardadean aritzen gara. Sostengua ematen digun jendea topatzen dugu erabakigune edo komunikabideetan, baina ez modu iraunkorrean; hortaz, ez du ez indarrik ez eraginik.

Inurri lana dirudi, ezta?

Askotan, tamalez, bai.

Aurrerapenak lortu dituzue?

Asko. Maila indibidualean, adibidez, emakume askok lehen nola pentsatzen zuten eta orain nola pentsatzen duten kontatzen digute. Orain arte ez dugu lortu maila indibidualean ematen diren aldaketa horiek maila orokorrera pasatzea, gainean dugun sistemarengatik.

Dena den, epe luzera begira pentsamoldeetan lorturiko aldaketok indartsuak dira. Uzta jasotzeko alea erein behar da.

Bai, eta adibide ugari ditugu. Emakume bat 15 urterekin ezkondu zuten. Gure tailerretan ematen diren eztabaidetan parte hartu eta gero erabaki bat hartu zuen: alabak ez dituela ezkonduko ikasketak amaitu arte. Eztabaida sutsuak izan zituen senarrarekin hori dela eta. Guk sostengua eman genion. Ezkonduta zegoen eta semeak zituen beste emakume batek, berriz, eskolara itzultzea erabaki zuen tailerretan parte hartu eta gero. Egun unibertsitatean da. Benetan ederrak diren aldaketa indibidualak ditugu! Baina indar hori guztia ezin dugu kolektibo bihurtu. Beldurrez aritzen gara. Gure asmoa ez da aldaketa indibidualak lortzea: aldaketak kolektiboa izan behar du.

Horretarako, administrazioaren egiturak aldatzea ezinbestekoa da. Eta alor horretan, noski, aurrerapausoak eskasagoak izango dira.

Bai, hala da. Gainera, ahalegin horretan oztopo diren gobernuz kanpoko erakundeak ere badira.

Emakume palestinarrek modu oso bortitzean pairatzen dituzte okupazio sionistaren ondorioak eguneroko bizitzan.

Bai. Adibidez, ikerketa bat egin genuen etxeak suntsitu dizkieten emakumeekin eta lan bikoitza edo hirukoitza egin behar dutela ikusi genuen. Hasteko, familia lasaitu beharra dute. Janaria, garbiketa eta ikasketak bermatzearen ardura ere hartzen dute. Lan guztiak etxetik kanpo egin behar izaten dituzte, karpa batean edo alokaturiko etxe batean. Denbora bat horrela eman eta gero, laguntza beharrezkoa izaten den egoera psikologiko larri batean sartzen dira. Laguntza asko ematen dugu alor horretan.

Palestinako emakumeak ez dira soilik preso edo martiriaren ama, emaztea edo alaba. Hori beraien izaeraren zati bat baino ez da. Martiri edo preso baten emaztea ez bada ere, emakume palestinarra borrokaren partaide da. Emakumea ondo badago, borrokak aurrera egiten du. Emakumea bera presoa edo zauritua ere izan daiteke. Borroka honetan emakume palestinarraren garrantzia nabarmentzen denean kontuan izan behar da Palestinako askapena gauzatzeko emakume palestinarraren askapena ezinbestekoa dela. Ezin izango da Palestina askatu emakume palestinarrak askatzen ez badira. Ezin dugu itxaron Palestina askatu arte gure aldarrikapenak gauzatzeko. Ez gara inoiz herri bezala aske izango emakume palestinarra aske ez bada, emakume palestinarrak gune propioak eta eskubideak ez baditu. Lurraren eta gizakiaren askapena batera etorri behar dira.

Sirian egoera larria bizi dute uneotan. Horrek ere eragina izan du herrialde horretan dauden Palestinako errefuxiatuen artean.

Udaberri Arabiarra hasi zenetik, batez ere Siriako barne borroka hasi zenetik, Palestinak mundu mailako auzi nagusia izateari utzi dio. Baina, azkenaldian, Palestinako auzia Ekialde Hurbileko herri arabiarrarentzat gai nagusi dela aldarrikatzen hasi da berriz ere. Herrialde arabiarretan dauden arazoak konpontzea, hori bai, errazagoa da okupazioa sionistarekin amaitzea baino. Uneotan herri akituak ditugu inguruan, baina beti izan dugu herri arabiarraren sostengua, nahiz eta gobernu arabiarrek beste jarrera batzuk mantendu. Ez gaude bakarrik, inolaz ere. Herrialdeotako lagunekin elkartzen garenean gure eskarmentua dugu eskaintzeko. Nazioarteko konferentzietan edo tailerretan Palestinako emakume batek hitz egiten duenean, Siriakoek arretaz entzuten dute, pairatzen duten egoera hobeto ulertzeko baliagarria baitzaie. Antzeko zerbait gertatzen zaigu Irakeko emakumeekin. Halere, panarabismoa ahul dagoen sasoi batean gaude. Ez dut esango arabiar izateak egun ez duela esanahirik, baina iraganean zuen garrantzia baino gutxiago du orain. 50eko edo 60ko hamarkadetan ideia panarabista indartzen saiatu ziren. Orain gertatzen ari den guztiarekin arabiarren arteko harremanak indartzen ari gara. Emakume arabiarren elkarteen garrantzia hazi egin da. Zoritxarrez, badugu gure artean komunean dugun zerbait. Zoritxarrez, errefuxiatuez aritzen garenean, ez gara palestinarrez soilik ari. Hor ditugu Siriako errefuxiatuak ere. Palestinar ugari errefuxiatu siriarrak dauden guneetara joaten dira laguntza eskaintzeko. Ez dute laguntzen adituak direlako edo zerbait berezia dakitelako, errefuxiatuak izatea zer den ederki dakitelako laguntzen dute. Psikologoak, osasun mentaleko adituak, aktibistak ditugu errefuxiatu eremu horietan lanean, erakunde ugariren babesarekin. Laguntza handia eman dezakete. Adibidez, nazioarteko konferentzia batean Jordaniako emakume batek Siriako emakumeei eraso egin zien. Siriakoen alde atera zirenak Palestinako emakumeak izan ziren. Irakeko, Siriako eta Palestinako emakumeen artean elkartasun sare berriak sortzen hasi dira. Jakin badakigu gure egoera desberdina dela, ez dela gauza bera sionismoa eta herrialde arabiar ugaritan gertatzen ari dena, baina ez gara inora helduko arabiarrok elkartzen ez bagara. Iritsi nahi dugun tokira heltzeko denbora beharko dugu, herri arabiarrak akituak baitaude.

Siriako egoerak bigarren mailan utzi du Palestinako gatazka nazioarteko komunikabideen agendan?

Bai, baina dugu hor ere Israeli boikot egitea defendatzen duen BDZ egitasmoa, erakunde eta enpresa ugari biltzen ari dena. Israelek jomugan du BDZ egitasmoa eta horrek bide onetik goazela esan nahi du. Min egiten dio Israeli. Gainera, beti izan gara bigarren mailakoak nazioarteko komunikabideentzat. Israeldar bat hiltzen dugunean berri nagusi gara. Gazan milaka palestinar hiltzen dituztenean berri txikia da. Hori ez da berria. Baina mundu mailan inoiz baino nazioarteko elkartasun handiagoa dugu orain. Gero eta nazioarteko talde gehiagok egiten dute Israelen kontra, Palestinaren aldeko erabakiak hartuz. Youtuben jarritako bideo bat edonork ikus dezake. Eta gurekin zer egiten duten erakusteko balio du horrek. Komunikazioaren teknologia berriek Palestinarekiko nazioarteko elkartasuna indartu dute.